elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Postalak

2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Haize gorri minak jo eta Aizkorriko gainak zuritu baino lehen, azken errepasoa aurtengo udako postalei. Mendikoak dira gehienak, baina ez paisaia fisikorik ederrenak bakarrik; giza paisaia oroitzen didate, gehiago, buruan itsatsita geratu zaizkidan postal horiek. Uztailaren 5ean, Ezkabako Iheseko ibilaldiaren barruan, Sorogain eta Urepele arteko etapa egiten ari ginela, Bidarteko bikote batekin topo egin eta, hantxe, behe-laino itxiaren erdian, Xalbadorren txabola erakutsi zigutenekoa da bat. Bigarrena, abuztuaren 21ean, Urbiarako bidean, Malkorra gainera joateko gomendatu ziguten oñatiarrena. Hirugarrena egun berekoa da; itzuleran, Urbiara eta Aizkorrira iritsi nahian, galdu samar zebilen Etxarri Aranazko mutilak, guk ahaztuta utzitako makila jaso eta helarazi zigunekoa. Hurrengoa, irailaren 15ean Aizkorpeko bost herrietako mendizaleen ibilaldiarena; Etzegaratetik abiatuta, Atxurbira bidean, Nafarroa eta Gipuzkoako mugan dauden aztarna megalitikoen berri jaso ahal izan genuen aditu baten ahotik: harriak hizketan jartzen zituen. Irailaren 25ean, Legaire gaineko Mirutegitik eta Baiotik, buelta guztian ikusten ziren tontorrak banan-banan izendatuz lezioa eman zigun mendizale beterano gasteiztarrarena da azken postala. Mendiak, izan ere, hori dauka: ezagutu eta disfrutatzen duzun hori partekatzeko irrikaz jartzen du pertsona, mendi-kidetasunak pizten duen enpatia eta solidaritate sentipenak bultzatuta.

Bada bestelako postalik ere udako albumean: Gure Zirkua-ren estreinaldia Amezketan. Karpa jarri zuteneko zelaia urasetuta zegoen erabat, euria bota ahala aritu baitzuen ekainaren 30eko iluntze hartan. Karpa gorri-horiak ez lekuan zirudien han, belaze zabalean, fantasia bat, ameskeria hutsa. Harik eta barruan, lokatzak ahaztu eta fantasia hori gauzatu zen arte. Garazi Pascual soka gainean aurreskuaren pausoak dantzatzen hasi zenean... bihotza taupada bizkorrean, ekilibrioaren arriskuarengatik eta dantzaren edertasunagatik. Joseba Usabiaga, Handia filmeko Martin —bide batez, miragarria zenbat adierazten zuen pertsonaiak, aurpegiko imintzio soilekin—, Don Martin —pailazo azkarra— bihurtzen da zirkuan. Bikotekidea, Iker Galartza aktorea —eta Gure Zirkua-ren sortzailea— Poxpolo izatera itzultzen da. Pitilinen aipamenak gora-behera, miraria izan zen, niretzat, nola lortzen zuten jardun berberarekin lau eta laurogei urte bitarteko jendea harrapatzea. Suspensea, berriro, trapezioan eta oihalekin akrobaziak egiten zituzten neskekin. Malabaristaren abilidadea, magoaren trukoak... bakoitza bere xarma klasearekin ikusleak limurtzen. Eta dena osatzeko, ukitu alternatibo eta bohemioari azpimarra jartzen zion musikari parea, beren haizezko instrumentuekin eta perkusioarekin.

Gure Zirkua-k zirkuaren generoarekin adiskidetu egin ninduen saio horretan, eta ziur nago ez naizela izango hori gertatu zaion bakarra. Izan ere, umeak ginela Circo Americanora eramaten gintuztenean, lehoiak domatzailea jango ote zuen beldurrez egoten nintzen, trapezista eta akrobatak goi hartatik amildu eta pistan txiki-txiki eginda geratuko zirelakoan, eta pailazoei... ez genien oso ondo ulertzen; gure gaztelania ez zen, artean, umorearen erregistrora heltzen.

Gaur bukatuko du jira Gure Zirkua-k, Donostian, Bakearen Usoaren alboan. Egon da Aian, Ordizian, Zarautzen eta Zumaian, Urdiainen, Gorlizen eta Ondarroan, Elgetan eta Urretxun... Ikusleak, hogeita lau milatik gora —karpan 260 besterik ez dira sartzen—, emanaldi guztietan txartelak agortuta. Horrenbestez, euskal munduak aurtengo udan bizi izan duen fenomenorik arrakastatsuena eta berritzaileena izan dela esango nuke. Berritzailea, elkarrengandik hain urrun zeuden euskara eta zirkua gurutzatu dituelako: euskarak zirkua konkistatu du eta zirkuak euskal hiztunak. Bide batez, zirkuko ikuskizun bihurtu zuten Migel Joakin Eleizegi altzotarraren itzal—derrigorrean luzeak— hartuko zuen mendekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.