Huesca 1-1 Eibar

Etxean uso, kalean otso

Eibarrek beste puntu garrantzitsu bat lortu du etxetik kanpo, Huescan. Esteban Burgosek sartu du Gipuzkoako taldearen gola

Rafa Mir eta Esteban Burgos, lehian, atzo. Haiek sartu zituzten partidako bi golak. JAVIER BLASCO / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Esteban Burgosek (38. min.).1-1: Rafa Mirrek (67. min.). Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Huescako Insuari eta Doumbiari.

Eibarrek beste puntu bat lortu zuen atzo etxetik kanpo, Huescan (Espainia) bana berdinduta. Jose Luis Mendilibarrek entrenatutako taldeak ez zuen denboraldiko partidarik onena jokatu, baina izan zituzten aukera gutxiak ondo baino hobeto baliatu zituen, eta puntu garrantzitsu bat lortu. Puntu horrekin, dagoeneko bederatzi lortu ditu; horietatik zazpi, etxetik kanpo. Marko Dmitrovic izan zen Eibarren jokalaririk onenetarikoa, beste behin.

Partida parekatuta hasi zen, erritmo txikiarekin. Egoerak hala behartuta, Espainiako taldea baloiarekin egin zen, partidaren aginte makila hartzeko asmoz. Mendilibarrenak, berriz, atzean eutsi, eta kontraerasoan min egiten saiatu ziren.

Pixkanaka-pixkanaka, Huesca Dmitrovicen atera gerturatzen hasi zen. Gauzak horrela, etxekoentzat izan zen partidako lehen gol aukera. Bosgarren minutuan Mikel Ricok etxekoak aurreratzeko aukera izan zuen, baina haren jaurtiketa kanpora joan zen gutxigatik. Handik gutxira, geldikako jokaldi batean, gola sartzea lortu zuen Ricok berak. Baina epaileak gola baliogabetu zuen, aurretik haren taldekide batek baloia eskuarekin jo zuelako.

Huesca nagusi izan zen lehen 35 minutuetan, eta, tarte horretan, behin eta berriz iritsi zen Eibarrek defendatutako areara. Gipuzkoako taldea deseroso zegoen berdegunean, ez zuen ia gol aukerarik sortu, eta defentsa lanetan ez zen sendo ibili.

Lehen zatia amaitzeko hamar minutu falta zirela, gola sartzeko aukera hirukoitza izan zuen Michelek zuzendutako taldeak. Sandro, Rico eta Rafa Mir Eibarren atea zulatzen saiatu ziren, baina Dmitrovicek birritan, eta Paulo Oliveirak berriro ere baloia sareetara joatea eragotzi zuten.

Hurrengo jokaldian iritsi zen Eibarren gola, korner batean. Bryan Gilek lehen zutoinean jarri zuen baloia, eta Oliveirak baloia orpoarekin ukitu zuen, eta bigarren zutoinera bidali. Hantxe azaldu zen Esteban Burgos, bigarren lerrotik iritsita, baloia sareetara bidaltzeko. 38. minutua zen.

Bigarren zatia hasi bezain laster, epaileak penaltia adierazi zuen Eibarren alde. Baina VAR-a kontsultatu eta gero, jokaldia baliogabetu zuen. Markagailuko aldea handitu ez bazuten ere, lehen 45 minutuetan baino itxura hobea emanez hasi ziren.

Soltura handiagoarekin zelairatu ziren Mendilibarrek zuzendutako jokalariak bigarren zatian. Eibarrek partidaren lema hartu zuen, eta hainbat erdiraketen bidez arriskua sortu zuen.

Baina Eibar ondoen zegoenean iritsi zen etxekoen berdinketaren gola, 67. minutuan. Rafa Mirrek bikain errematatu zuenPedro Lopezen erdiraketa. Dmitrovicek ezin izan zuen ezer egin. Ez batak ez besteak ez zuten atzera egin, eta bigarrenaren bila joan ziren.

Markagailua ez ezik, partida ere berdindu zen Huescak sartutako golarekin. Bi taldeak ez ziren konformatu berdinketarekin, eta hiru puntuak bereganatzeko nahia erakutsi zuten azken txanpan. Azkenean, bakoitzak puntu bana lortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.