Osasunak 70 puntura heldu nahi du bihar, Elxen

enaut agirrebengoa
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
«Xedea garbia da: sailkapenean zazpi hamarrekora iristea. Badakigu hori lortuz gero asko gerturatuko garela helburura». Hala mintzatu zen atzo Jagoba Arrasate, bihar Osasunak Elxen zelaian jokatuko duen partidari begira. Nafarroako taldeak 67 puntu ditu oraintxe, eta bihar asko gertura daiteke zuzenean igotzeko behar den puntuen batezbestekora. 76 puntuan dago langa, eta, bihar irabaziz gero, garaipen bakar baten faltan geldituko litzateke. Izan ere, ziurra da Reusen aurkako garaipena.

Edonola, gorritxoen teknikariak ez du denbora galdu nahi kontuak egiten. Haren ustez, zifrez gehiegi hitz egiteak «arreta galtzea» dakar, eta Osasunaren jomuga biharko neurketa izan behar omen da. Azken lau partidetatik hiru irabazi ditu Elxek, eta oso sendo dabil bere zaleen aurrean. Hori horrela, «joan-etorriko partida» espero du Arrasatek. «Lehen itzulitik gehien hazi diren taldeetako bat da. Etxeko azken lau partidak irabazi ditu, eta jokamolde ausarta dauka. Uste dut partida polita izango dela ikuslearentzat. Gu Elx deseroso sentiarazten saiatuko gara».

Sadarren geldiezin jarraitzen du Osasunak; iragan asteburuan hamahirugarren garaipena kateatu zuen bertan, Deportivori irabazita. Haatik, ez dabil horren fin etxetik kanpo: puntu bakarra bildu du azken bi irteeretan. Defentsako ahuleziaz mintzatu zen Arrasate. «Lugo eta Teneriferen aurka, ondo egon ginen erasoan, aukera asko sortu genituen, baina hauskorregiak izan ginen batzuetan. Zama handia da bi partidatan bost gol jasotzea». Hori horrela, bere estiloari «fidelak» izateko beharraz hitz egin zuen, betiere «ñabardurak zainduta» eta defentsan «arduraz»jokatuta.

Entrenatzaile bizkaitarrak ohiko hasierako hamaikakoa aterako du, Fran Merida osaturik baitago. Halaber, David Garciak betea du zigorra, eta gaur hamaikakora itzuliko da, Aridaneren ordez. Golak sartzeko ardura Ruben Garciaren eta Villarena izango da.

ELX-OSASUNA

Elx. Badia; Tekio, Verdu, Calvo, Cruz; Sachez, Azanoum, Flores,Josan, Nino eta Qasmi.

Osasuna. Ruben; Vidal, U. Garcia, D. Garcia, Clerk, Robert, Oier, Torres, Barja; R. Garcia eta Villar.

Ordua (bihar). 21:00.

Lekua. Martinez Valero estadioa (33.732 ikusle).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.