Antzekotasunak agiritik harago

Alaveseko entrenatzaileak eta Athleticekoak zenbait alderdi komun dituzte zelaian. Garrantzi handia ematen diote arlo taktikoari, eta zuhurrak dira partidaren nondik norakoak aletzen.

Gaizka eta Asier Garitano, elkar agurtzen, lehen itzulian San Mamesen jokatutako derbian. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Alavesek eta Athleticek indarrak neurtuko dituzte gaur arratsaldean, Mendizorrotzan. Edo, bestela esanda, Asier Garitanoren (Bergara, Gipuzkoa, 1969) eta Gaizka Garitanoren (Derio, Bizkaia, 1975) taldeak ariko dira elkarren aurka. Garitanotarrek badituzte zenbait alderdi komun, agiri ofizialetan lehendabiziko deitura bera izateaz harago. Lezamako harrobian hazi ziren biak futbolari gisa; Eibarren jokatu zuten, eta behe mailetan egindako lanak modua eman die gorengo mailarako urratsa egiteko.

Alabaina, beren jardunean ere badute antzekotasunik. Horietako bat arlo taktikoa dela uste du Mikel Etxarri (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1946) futbol entrenatzaileak. Etxarriren ustez, biek «gauza bera» bilatzen dute taktikoki: «oreka». Hala, sistemari dagokionez bakoitzak bere zertzeladak ezartzen dituela azaldu du euskal selekzioko hautatzaile izandakoak: «Gaizkak hilabete eta erdi darama atzean bost atzelarirekin jokatzen. Asierrek gehiago aldatzen du; aurrelariak ondo daudenetan, birekin aritzen da, eta, atzeko lerroan, ia gehienetan, lau kokatzen ditu».

Horrez gain, zehaztu du Athletic atzean «ondo» ari dela, baina azken partidetan «golak sartzeko zailtasunak» dituela. Alaves, berriz, gol aldetik «ez dago gaizki, 25 sartuta, baina jaso ere gehiegi jasotzen ditu».

Bi entrenatzaileek tankerako urratsak egin dituzte beren taldeak hartu aurretik. Eibar Espainiako Bigarren B Mailatik Lehenengora igo zuen Gaizkak, eta gauza bera egin zuen Leganesekin Asierrek. Etxarrik uste du «gauzak argi» dituztela biek: «Gaizkak serioagoa ematen du, nahiz eta jokalariekin esperientzia gehiago duen, jokalari gisa talde askotatik igaro delako».

Asierren inguruan, berriz, «azkarra» dela azpimarratu du prestatzaile lasartearrak: «Asko gustatzen zait. Partidan zehar, asko aldatzen ditu jokoa eta sistemak, behar duenean emaitza iraultzeko. Halere, uste dut, bai Realean zegoenean eta bai orain Alavesen, ez duela osotasunik lortu. Alavesen jokalari aldaketa asko izan ditu, eta horrela zaila da estilo bat ezartzea».

«Puntuen beharra»

Etxarrik neurketa «berdindua» espero du gaur arratsalderako. Bi taldeentzat norgehiagoka «zaila» aurreikusi du lasartearrak:«Bi taldeak daude puntuen beharrean. Athleticek bederatzi partida daramatza irabazi gabe, eta Alavesek ere faltan ditu. Uste dut biek puntu gehiago izan beharko lituzketela, baina horrela gertatzen da futbolean. Nahiko zailak dira partida guztiak».

Zailtasun horri aurre egin eta hiru puntuak eskuratzeko xedez zelairatuko dira bi taldeak. Alavesi dagokionez, azken asteetako hamaikakoa zelairatuko du Asier Garitanok, min hartutakoak osatze bidean baitira. Gaizka Garitanok, berriz, Iker Muniain berreskuratuko du zigorraren ostean, eta hasieratik ariko da.

ALAVES-ATHLETIC
Alaves. Pacheco; Navarro, Laguardia, Magallan, Duarte; Aleix Vidal, Manu Garcia, Camarasa, Burke; Joselu eta Lucas Perez.
Athletic. Unai Simon; Capa, Yeray, Nuñez, Martinez, Yuri; Lopez, Raul Garcia, Unai Lopez, Vesga; Muniain eta Iñaki Williams.
Epailea. Mateu Lahoz.
Lekua. Mendizorrotza (19.840 ikusle).
Ordua. 14:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.