Momentuko lehia irabaztearen garrantzia

Realak egungo liga txapelduna hartuko du gaur, Anoetan: Real Madril. Zidaneren taldeak aurreneko lehia du sasoi honetan. David Silvak lehen minutuak izan ditzake txuri-urdinekin; Odegaardek, aldiz, zuriekin.

Realeko jokalariak, aurreko igandean, Roberto Lopezek Valladolidi sartutako gola ospatzen. R. GARCIA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Aldian-aldian azaltzen zaizkion aukerak aprobetxatzen asmatzen duenak asko izango du irabazia hasi berria den Espainiako Ligan. Ziurgabetasunaren sasoia da, eta taldeak une oro dabiltzaaurrez iragarritakoa aldatu beharrean. Koronabirus gaitzak markatutako txapelketa da, eta, biharamunean egoera nolakoa izan daitekeen asmatzea zaila denez, lanak ezin dira hurrengorako utzi. Ahalik eta azkarren lotu behar dira gauza guztiak. Bereziki, jokoan diren puntuak.

Denboraldi-aurre laburra izan dute Espainiako Lehen Mailan ari diren taldeek, eta horren eragina nabarmena da talde gehienen arlo fisikoan. Prestakuntza aldi motzak, batetik, eta futbolak berezko dituen lesioek, bestetik, areagotu egin dute arazo fisikoak dituzten jokalarien kopurua, eta horrek beste buruhauste bat gehitu die teknikariei.

Realaren kasua da hori. Txuri-urdinek min hartutako jokalarien zerrenda luzea dute, eta horrek aldatu egin ditu Imanol Alguacil prestatzailearen hasierako asmoak. Min hartzen azkena Igor Zubeldia izan da. Iragan asteazkenean izan zen, eta hilabete inguru egongo da zelaietatik urrun. Horrez gain, COVID-19ak berak jada itxialdira behartu ditu zenbait jokalari garrantzitsu, eta egoera horrek ez du berehalakoan geratzeko trazarik.

Horrenbestez, unean unekoari neurria hartu nahian ekingo dio Realak gaur iluntzean Real Madrilen aurka jokatuko duen neurketari. Bigarren jardunaldirako hamaikakoa errepikatu ezinik izango da Imanol, eta horrek adierazten du sasoiak zer gorabehera izango dituen.

Lehiaketa erritmoa da txuri-urdinek garai honetan duten beste kezka nagusia. Jokalarien etenek eragina izan dezakete taldearen jokoan, eta bizkorrago aritzea dute xede, zelaian azkar aritzea aldeko izango baita.

Alde horretatik, joan zen igandean eskas aritu zen Reala. Donostiarrek ez zuten lortu joko distiratsurik egiterik, eta, baleko puntua eskuratu bazuten ere, erritmo biziago baten beharra agerian geratu zen. Lerro arteko jokoan ere badute zer hobetua.

Silva, estreinaldiaren zain

Horretan trebea da David Silva, Gipuzkoarren fitxaketarik distiratsuenak gaur erakuts ditzake bere aritzeko moduaren lehendabiziko printzak elastiko txuri-urdina soinean duela. Koronabirusa gainditu eta gero, aste honetan hasi zen taldekideekin entrenatzen, etadeialdian dago: «Estu iritsiko da partida honetara, baina egin dituen lehen entrenamenduetan jada erakutsi digu nolako maila duen», nabarmendu zuen Imanolek.

Zubeldia, Illarramendi, Zubimendi eta Guridi min hartuta daudenez, baliteke Guevarak izatea txuri-urdinen jokoa gidatzeko aukera. Monreal osatu da, eta harrobiko Gonzalez Zarate eta Blasco gazteak ere hautatuen artean dira.

Bisitariak ere antzera

Lehen jardunaldiko berdinketaren ostean, bigarren neurketa izango du Realak gaur. Txuri-urdinek egoerak eragindako zenbait zalantza dituzte, baina Real Madril antzera dago. Ligako txapeldunak dira, etenaren osteko 11 partidetatik hamar irabazi eta bat berdinduta. Baina erabateko ziurgabetasuna dute oraingo sasoiari dagokionez. Zuriek oraindik ez dute ligako partidarik jokatu, aurreko sasoia talde gehienek baino beranduxeago amaitu zutelako, eta Donostian egingo dute estreinaldia. Baina Imanol ez da fio. «Belarriak tente etorriko dira, eta ziur nago aurreko sasoian txapeldun izatea ahalbidetu zien antzeko proposamen batekin etorriko direla».

Zinedine Zidaneren taldeak gaur hartu nahiko dio neurria txapelketari. Bisitariek ere zenbait jokalariren hutsunea dute.Marco Asensio, Militao, Lucas Vazquez eta Mariano min hartuta daude. Arazo fisikoak izan dituena baina Donostian izango dena Martin Odegaard da. Erdilari norvegiarrak denboraldi ikusgarria egin zuen Realarekin, baina gaur aurkari moduan itzuliko da Anoetara: «Arazoak izan ditu, baina osatu da. Hemen onenak daude, eta jokalari garrantzitsua izan daiteke guretzat. Asko hazi da», adierazi zuen atzo Zinedine Zidanek, Real Madrilen entrenatzaileak.

REALA-REAL MADRIL
Reala. Remiro; Aritz, Le Normand, Llorente, Aihen; Merino,Barrenetxea, Roberto; Portu, Oiartzabal, eta Isak.
Real Madril. Courtois, Carvajal, Varane, Ramos; Mendy; Kroos, Modric, Casemiro,Fede Valverde; Vinicius, eta Benzema.
Epailea. Martinez Munuera.
Ordua. 21:00 (La Liga).
Lekua. Anoeta (Ikuslerik gabe).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.