ELAk auzitara joko du «legez kanpoko finala» ez jokatzeko

«Greba eskubidea urratzen» dela dio. Agirre-Albisuri galdutzat eman die finalerdikoa Ligak

Greban dauden pilotariak, Baikotik kaleratuak eta berritu ez dutenak, atzo, Ezkaraiko pilotalekuan. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Egunetik egunera gero eta gaiztotuago dago Baiko enpresaren eta greban dauden enpresa horretako pilotarien arteko auzia. Atzo iluntzean, Pilota Enpresen Ligako epaileak galdutzat eman zien atzo Bilbon jokatu behar zuten partida Agirre eta Albisuri; greban daude. 22-0ko zigorraren zama jarri zien gainean, eta horrenbestez, Binakako Txapelketako finalera sailkatu dira Ezkurdia eta Martija, atzo aurkari izan behar zituztenak. Datorren igandean da izatekoa final hori, eta Aspeko bikoteak Olaizola II.a eta Urrutikoetxea izango ditu parean, Baiko enpresako pilotarien artean greban ez dauden bakarretakoak.

Ligaren erabaki horren aurrean, ELA sindikatuak jakinarazi zuen final hori «legez kanpokoa» izango dela: «Pilotarien greba eskubidea ez da errespetatzen, eta legea urratzea da hori». Sindikatuak gehitu zuen datorren astean erabakiko duela zer egin, baina epaitegira jotzeko erabakia irmoa dela esan zuen: «Epaitegietara joko dugu, eta finala ez jokatzeko eskatuko dugu, epaile batek epaia eman arte». Hortaz, kautelazko neurria eskatuko du ELAk. Bide horren barruan, datorren igandea baino lehen etorriko da epailearen erabakia.

Sindikatuak azaldu zuenez, «espero» zuen Enpresen Ligaren erabakia, Agirreri eta Albisuri finalerdi erabakigarria galdutzat ematekoa, eta horregatik ohartarazi zien atzo arratsaldean bertan Baikori ta Enpresen Ligari auzitara eramango dituela «legez kontrako» edozein erabaki hartuz gero.

Ligaren erabakian aipamena egiten zaio greba eskubideari: «Errespetatzen dugu eskubide hori, baina txapelketak jarraitu behar duela bermatzeko beharrezko diren erabakiak hartu behar ditugu». Ligak gehitu zuen badaudela aurrekari batzuk: «Orain arte kiroleko batzorde juridikoek ezarri dituzte irizpide batzuk greban zeuden beste kirolari batzuen kasuan, eta horiei jarraitu diegu guk ere».

Finala epaitegietan jokatzera pasatuko da orain, eta horretaz galdetu zitzaion atzo Ezkurdiari Bilboko pilotalekuan: «Gure esku ez dago zer gertatuko den finalarekin. Atzeratzea aukera bat da, eta kirol ikuspegitik begiratuta, zaila litzateke atzerapena guretzat». Egoera guztia nola ari den bizitzen azaldu zuen: «Arraroa da dena, inork nahi ez zuen zerbait. Une zailak dira». Agirreren eta Albisuren egoeraz honakoa adierazi zuen: «Kolpea da finala jokatzeko aukera galtzea».

Finalaren korapiloak badu beste bat ere grebarenaz gain: Martijaren positiboa COVID-19arekin. Ezingo du finalaren bezpera arte entrenatu, eta hura ordezkatzeko Aspek Jose Javier Zabaleta jarriko ote duen esan zuen Ezkurdiak: «Garbi daukat Martijarekin nahi dudala jokatu finala, eta harekin jokatuko dudala. Ezingo balitz, Zabaleta beste atzelari handi bat da. Baina ezin bada Zabaletarekin izango da, beste atzelari handi bat da».

Grebalarien agiria

Atzo, Ezkarain, omenaldia egin zitzaien Baiko enpresarekin kontratua berritu ez duten edo berritzeko aukerarik eman ez zaien pilotariei: Victor, Eskiroz, Laso eta Mariezkurrena. Partida jokatu zuten laurek, lehen biak besteen aurka. Gero, agiria plazaratu zuten greban dauden pilotariek, laukoteari zuzenduta: «Uste dugu enpresak kontratu berritzeetan egin duen kudeaketa txarraren biktimak zaretela. Horregatik, enpresa zorretan dago zuekin, eta beste aukera bat ematea zor dizue. Enpresari hori eskatzen jarraituko dugu».

Gatazka honek guztiak erantzule bat duela diote: «J.R. Garaik eragin du, nahasi egiten dituelako kontratazioak egiteko askatasuna eta nahi duena egiteko gogoa. Askatasuna ondo erabili behar da, agintekeriarik gabe, bazterketariak gabe, errespetua galdu gabe». Gezurretan aritzea leporatu diote beste behin: «Hedabideetan esaten dabil inposatzen ari gatzaizkiola denok batera berritzea kontratuak. Egia dena da inoiz ez duela asmorik izan talde osoarekin hitz egiteko, eta orain, pilotari berriak kontratatuz, auzia bukatutzat eman nahi du».

Kontratua berritu ez zaien pilotarien kasuan, «ez daude kirol irizpideak, ezta ekonomikoak ere. Kirol maila galdu du enpresak zuei kontratuak ez berrituz, eta arlo ekonomikoan, ez dizkigu diru kontuak erakutsi nahi, baina ziur gaude merezi dituzuen kontratu berritzeak bere gain har ditzakeela enpresak».

Enpresak laurak «zigortu» egin dituela diote, eta «baztertu, maila bereko pilotariei egindako eskaintzak oso ezberdinak izan direlako. Dirua egon da, asko eta luzerako batzuentzat, baina zuentzat ez dago». Azkenik, Victorrei eta Eskirozei enpresak egindakoa kontatzen dute agirian, «errespetu falta» salatuz: «Non dago errespetua telefono dei batekin jakinarazi zaienean ez zaiela kontratua berrituko? Ez duzue horrelakorik merezi, pertsona eta pilotari bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.