elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Kurrilo-pasa

2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Eskolara bidean urte sasoi honetan bertan miretsita begiratzen genien kurrilo bandadei, han goian, zeruan, uvea eginez zihoazenean. Zeinen ondo zekiten marrazten, artean guretzat arrotz samarra zen letra hura. Eta gainera, ezagutzen zuten Afrikarako bidea, guk ez bezala. Eta etorri, Iparralde urrun eta zehaztu gabe batetik zetozen, atzetik negua zekartela. Kurriloek erakutsi ziguten itsasoez eta mendiez gain bidaiatzearena, txalupak ere exotikoak gertatzen zitzaizkigun barnealdeko umeoi. Haiek piztu ziguten paraje ezezagun misteriotsuetara joateko irrika.

Kurriloen abilidaderik ez, eta gerora deskubritu genuen bidaiak modu eta mota askotakoak izan daitezkeela, literarioak edota musikalak, esaterako. Horrelako bat egina naiz, Manez eta Kobreak taldekoei esker. Manez, Thierry Biscary da, Kalakan taldean ibilia. Kobreak, berriz, sei musikari, beteranoak batzukMixel Ducau, Mintxo Garaikoetxea, eta belaunaldi berriagokoak besteak, tartean emakume bi, Laura Etxegoien eta Ana Telletxea. Haize-instrumentuak nagusi, perkusioarekin batera, eta akordeoi fin bat. Eta ahotsak, tesitura eta tonalitate askotarikoak, instrumentu gisa ere jokatzen dutenak.

Manez buhamea da. Itxaro Bordaren hitzetatik abiatuta: «Ezagutzen gaituzte Mari eta Manez/ Etxez etxe bagoaz xamangoa janez/ Bai eta ardo mikatz zakarra edanez/ Buhameak garela bakea emanez!». Pieza horretan baino gehiago beste batzuetan, musikak hartzen zuen tarte batzuetan Emir Kusturicaren filmetako soinu banden tankera, Goran Bregovic eta konpainiaren oihartzuna, ukitu zingaroa. Hurrena, Joselu Anaien estiloan abesten du Thierry Biscaryk Larrean amoroski kanta, bere testu bat eta Aurelia Arkotxaren poema bat lotzen dituena. Izan ere, Manez/Biscaryk letrista ugari bildu ditu inguruan: Uxue Alberdi, Amets Arzalluz, Xabier Euzkitze, Jon Maia... Eta Manex Erdozaintzi-Etxarten poema bat ere berreskuratu du. Emaitza da ordu eta erdi inguruko ikuskizun batez da kontzertu soila, iradokitzailea, ironiaz zipriztindua, koadro espresionisten erakusketa bat bailitzan. Buhameriaren bidetik zaramatza betiere, Manezen gurdian bazindoaz bezala, Mumbaitik Bermiora, Gamiatik pasatuz.

Bidaiatzea gaur egun bezain arrunta ez zenean, XIX. mendean, Baionako Charles Hennebutte editoreak turismo-gidak argitaratu zituen Euskal Herrira zetozen bisitarientzat. Ilustrazioak Hélène eta Blanche Feillet ahizpek egiten zituzten, d´après nature, hau da, tokian bertan. Emakumeek pinturako klaseetan anatomia ikastea debekatua zuten garaian, marrazkilari, pintore eta litografista izan ziren Feillet-tarrak, azken ofizio hau aitarengandik jasota. Aitzindariak izan ziren, ez bakarrik artista gisa, baita bidaiari modura ere.

Amaia Hennebutte biarriztarra Charles Hennebutte eta Blanche Feilleten ondorengoa da, laugarren belaunaldian. Hemeretzi urtez ikastolako andereño izan ondoren, artegintzan oinarritutako proiektu pedagogikoak garatzeari lotu zitzaion. Badauzka argitaratuta haur literaturako hamar album eta bi liburu-disko. Haur eta gazte literatura bultzatzen dituen Galtzagorri Elkarteko lehendakaria da joan den ekainetik.

Hennebutteri, ordea, mundua ez zaio hemen bukatzen. Trauma handiak bizi dituztenentzat artea sendagai izan daitekeela sinetsita, proiektu bat darama Libanon Siriako haur errefuxiatuekin. Kanpamentuetan, Siriatik hogei minutura, amak eta haurrak bakarrik bizidira aitak ez daude han eta lana egin behar izaten dute. Ezleku prekario horietan, txoko bat atondu mahai eta eserleku goxoekin, eta itzultzailearen laguntzaz baliatuta egin ditu saioak Amaia Hennebuttek. Ez bakarrik umeekin, baita haien amekin ere. Beroketa ariketa batekin hasten da saioa, norberak bere besoak-eta ukituz. Emakume siriarrek debekatua dute norberaren gorputza ukitzea, baina hautsi dute tabua. Lapitza eta hitza erreminta dituen artea, gerraren izugarrikeria zulatzen. Kurriloen norabide berean bidaiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.