Abordatzeko, material berrerabilgarriak baliatu dituzte piratek

Goizean goiz hasi dira Donostiako Piratak kaian abordatzeko txalupak prestatzen. Paletak eta aire poltsak erabili dituzte gehien

Goizean hasi dira arratsalderako ontziak portuan biltzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
June Romatet Ibarguren.
Donostia
2019ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Goizeko bederatzi eta erdietan, Flamenkako gunean ilaran zain zeuden atzko Abordatzean parte hartu behar zuten kuadrilletako batzuk. Izena emateko zain, materiala gainean: paletak, egur zatiak, puzgarriak eta bakoitzari burutik pasatutakoa; besaulki bat ere bai talde batek. Ontziak egiteko asmoz, hainbat kuadrilla elkartu ziren Donostiako portuan; egun luzea zuten aurrean.

Antolatzaile eta boluntarioak txaleko horiekin dabiltza laguntzen. Koordinatzailea da Elena Del Puerto, eta txandak antolatu dituztela azaldu du: «09:30ean da lehen txanda, eta izena eman ondoren hasi daitezke ontzia portuan osatzen; ordu eta erdi dute, eta gero beste txanda bat sartuko da». Izena ematearen garrantzia nabarmendu du, horrela segurua egin baitezakete, eta, gainera, jarrera ona izateko konpromisoa hartzen baitute. Kaira joan baino lehen, materiala errepasatzen dute: «Material berrerabilgarria eskatzen dugu; gainera, iltzeak debekatuta daude segurtasun kontuengatik, baita itsasoa kutsa dezaketen materialak ere», argitu du Del Puertok.

Materiala bakoitzak ahal bezala garraiatzen du Flamenkatik portura: besoen gainean, orgekin edota skateak erabilita. Portuan, talde bakoitzak, bere lekua hartu, eta lanari ekin dio. «Behe lainozko egun batez atera ginen portutik, mastan mila koloredun bandera jarrita zutik», hasi da musika bozgorailuetatik. Arrazoi du abestiak: lainotuta dago zerua, baina ontziak egiten ari diren piratek ez diote zeruari begiratzen.

Lanean dabiltza denak: batzuk ondokoei laguntza eskatzen ari dira, guraizeak faltan edota zelo zati batzuen beharra dutelako; beste batzuek ontziaren zati bat eginik ekarri dute etxetik. Horietako bat Nora Garmendiaren kuadrilla da. Neska gazte horren kuadrillak lehen urtea du: «Urtero ikusten genuen, eta gogoa genuenez, aurten etorri egin gara», esan du Garmendiak. «Esan beharra dago gure lehen urtea bada ere ondo antolatu garela; zati handi bat eginda ekarri dugu, eta aire poltsak erosi eta jartzea falta zaigu», azaldu du. Bozgorailuetako musikarekin batera eta giroan sartuta dabiltza talde guztiak lanean; «nire ustez, jendeak probatu egin behar du hau. Giro ona egoten da, eta, gu animatu gaituzten bezala, jendea animatu nahi dugu», esan du gazteak.

Gertu, heldu batzuk ari dira beren ontzia egiten. Bost urte daramatzate abordatzen eta, esperientziak lagunduta, ontzia azkar osatu dute. Bukatzean, globoak, zintak eta abar jarri dizkiote, aurten ontzi politenaren saria jokoan baitago. Horrez gain, taldekide batek zauriak sahiesteko gomendioa eman du: «Bridak erabiliz gero, ez moztu sobran geratzen dena. Mozten baldin bada, zorrotz gelditzen da, eta mozteko errazagoa da».

Zauriez eta beste osasun arazoez arduratzeko, DYAko langileak ere portuan daude. «Urtero egon naiz abordatzean, eta ez dugu arazo larririk izan; normalean, zauriak izaten dira», azaldu du Patxi Lersundik. Ontziak prestatuta eta gomendioak gogoan, abordatzerako prest dira piratak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.