Atzekoen eskutik, sendo

Liga berriz abiatu zenetik, gol bat baino gutxiago sartu diote partidako Athletici; 28 sartu dizkiote txapelketa osoan. Gaur, defentsako lan horri eutsi beharko dio, Real Madril mendean hartzeko.

Yeray Alvarez eta Iñigo Martinez dira Gaizka Garitanok gehien erabili dituen erdiko atzelariak. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
haritz gallastegi
2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Futbolean era ezberdin askotan jokatuta lor daiteke arrakasta. Entrenatzaile bakoitzak du bere estilo liburua. Batzuek baloia edukitzeari ematen diote garrantzia; beste batzuek, berriz, nahiago dute baloia aurkariak izatea. Defentsa aurreratu, eta kontrarioaren zelai zatian jokatzea gustuko dutenak asko dira. Baina badaude ate inguruan zain egonda erosoago sentitzen diren taldeak. Halaber, ez dira gutxi erritmo handiarekin jokatzeari lehentasuna ematen diotenak. Baina patxadaz jokatzearen aldeegiten duten entrenatzaileak ere badaude. Finean, egin gura duten hori zuzen egitea da arrakastaren giltza. Horretarako, ezinbestekoa da taldea osatzen duten jokalarien bertuteen eta gabezien berri izatea.

Gaizka Garitanok argi izan zuen hasieratikzer-nolako Athletic gura zuen. Eduardo Berizzoren lekukoa hartu zuenerako, bazekien zein arlotan egin behar zuen azpimarra. Talde hauskorra zen argentinarrak zuzentzen zuena. Jokoa sortzea kosta egiten zitzaion; aldiz, aurkariek gutxi behar zuten zuri-gorrien ate ingurura erraztasunez iristeko. Hori jakinda, pitzadurak konpontzeko, taldea batzea erabaki zuen. Gol gutxi sartuko zioten talde bat antolatzeari eman zion lehentasuna. Eta lortu egin du. Gol gutxisar diezaieten, talde aproposagoa dute zuri-gorriek. Sasoi honetan 28 sartu dizkiete, eta, Real Madrilen eta Atletico Madrilen atzetik,gol gutxien sartu dioten taldea dira.

Jokalarien arteko elkartasuna da talde batek defentsako lan ona egiteko ezinbestean behar duen ezaugarria. Arlo horretan, Garitanoren jokalariak konpromiso handiko futbolariak dira. Gainera, Garitanoren dohain taktikoak ere ezagunak dira. Horrekin batera, jokalarien talentua dago. Agindutakoa zuzen egiteko ezinbestekoa da dohain onak izatea. Protagonisten ekarpenik barik ez baitago zereginik.

Garitano defentsan gehien aritzen direnen onena ari da ateratzen. Yuri Berchiche ezker hegaletik egiten ari den sasoia aparta da. Zarauztarrak ondo zaintzen du bere hegala, eta erasoan taldeko jokalaririk erabakigarrienetakoa da. Sarri egiten du aurrera, eta haren barneraketak zein erdiraketak zuri-gorrien jokoaren baliabide nagusietako bat dira. Arlo fisikoan zein konfiantzaz gainezka ikusten zaio, eta aurkariaren ate aurrean ere asmatu du. Sei gol sartu ditu denboraldi honetan: bi Ligan eta lau Espainiako Kopan.

Iñigo Martinezen ekarpena ere ez da gutxiagorako. Ondarroarra defentsako nagusia da. Hark agintzen du. Nortasun handiko jokalaria izateaz gain, baloia jokatuta ateratzeko gaitasuna dauka. Athleticek haren alde egin zuen apustu erraldoia, zelaian bikain arituz bueltatzen ari da. Betisen aurkako neurketan, gainera, iritsi zenetik zuen arantza bat kendu zuen: gola sartzea.

Simon ere bikain

Yeray egonkortu egin da eskuin erdiko-atzelari postuan. Nuñezi aurrea hartu dio. Kontzentrazioa eta aurkariei aurrea hartzeko gaitasuna ditu ahalmen nagusiak. Baloiarekin hobetzea falta zaio. Capak ere teknikariaren konfiantza osoa dauka. Sasoiaren lehen zati aparta egin zuen. Golak sartzeaz gain, goleko paseak ere eman zituen. Bigarren zatian gehiago kostatzen zaio eustea, baina etenaldiak mesede egin dio. Fisikoki oso indartsua da, eta neurketak egokiago aztertzen ikasi du.

Lau atzelariak gainerako taldekideen laguntzari esker egiten ari diren lana bikaina da. Oztopo handia bihurtu dira kontrarioentzat. Eta aurkaria zaindu ezin izan dutenean, Unai Simon agertu da. Atezain gaztea bikain ari da. Taldeari puntuak ematen dizkion atezaina bihurtu da. Atepean zulo ia guztiak tapatzen ditu. Horri eskerrak, Athletici oso gol gutxi sartzen dizkiote. Gaur, Real Madril liderraren aurrean ezinbestekoa izango da atzealdean fin aritzea, erasoan baliabide asko duen taldea kate motzean lotzeko. Espainiarrek 61 gol sartu dituzte sasoi honetan. Irabazita, Europarako sailkatzeko borrokan segituko du Athleticek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.