Uretara, astebete beranduago

Bihar egingo dute uretako lehen entrenamendua Eusko Label ligako Galiziako bi taldeek: Aresek eta Cabo da Cruzek. Zazpi eguneko atzerapenarekin aterako dira beste lehiakideen aldean.

Cabo da Cruzeko Iago Davila aurrekalaria arraun txikia sartzen ziaboga emateko, duela bi urteko Eusko Label ligan, Hondarribian. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Azkenean uretan entrenatzeko moduan izango dira Galiziako traineru guztiak, eta hor daude Eusko Label ligako Ares eta Cabo da Cruz. Ezin, baina, poza erabatekoa izan hain albiste ona entzunda ere, ligako gainerako hamar lehiakideak aurreko astelehenetik baitabiltza uretan lanean. Astebeteko atzerapenarekin irtengo dira Galiziako traineruak, eta haserrea eta kezka piztu ditu bi taldeetan.

Alberto Hermo Areseko entrenatzaileak garbi asko adierazi du zer sentitzen duen: «Kirolaren izpirituaren aurkako egoera bat da hau, kirolez kontrakoa erabat. Aurkarien aldean, uretako entrenamendu gutxiagorekin ekin beharko diogu lehiaketari». Antzeko aldartean da Beni Silva, Cabokoen entrenatzailea: «Denok gaude liga berean, baina beste hamar taldeei lehenago utzi zaie entrenatzen. Futbolean, adibidez, pentsaezina izango zen hori gertatzea. Imajinatzen Real Madril gaur hastea entrenatzen, eta Bartzelonari baimena astebetez atzeratzea? Bada, horixe gertatu da arraunean».

Galizia bihar arte hirugarren fasean egongo da, eta horrek esan nahi du aste honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren egoera berean egon dela. Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatu zion uzteko arraunlariei uretan entrenatzen, eta aurreko astelehenetik horretan ari dira. Galiziako Xuntak, aldiz, ez zuen pauso hori eman, eta hirugarren fasetik aterako diren egun berean joan ahal izango dira arraunlariak uretan entrenatzera. Hermok, hala ere, ez du herrialdeko gobernuaren esku utzi nahi izan ardura guztia: «Kontua da Eusko Jaurlaritza, Traineruen Kluben Elkartea eta Xunta bera elkarlanean modu pausatuan aritu direla orain arte. Zer gertatu da orain? Bada, arrapaladan, egun batetik bestera, baimena eskatzea erabaki zela horko taldeentzat, eta Xunta ez zegoen prest hain azkar araudia aldatzeko».

Elkartasun faltaz ere aritu dira bi entrenatzaileak, eta biek garbi asko adierazi dute: «Beste zerbait espero genuen horko entrenatzaileen eta arraunlarien partetik, batzuek kasu egin badigute ere». Silvak xehatu egin du nahigabe hori: «Ez dut esaten arraunlarien jarrerak sindikatuenaren parekoa izan behar zuenik, 'zuek gabe, gu ere ez goaz uretara' aldarrikatuz, adibidez. Baina inork ez du ezer esan gure egoeraren aurrean. Elkartu badira arraunlariak osasun arazoez hitz egiteko, gurea bezalako egoera batean zerbait esan beharko zuten, edo, gutxienik, landu. Elkartasun mezu bat helaraztea ez legoke gaizki». Hermok uste du TKEk «busti» egin beharko zuela: «Iruditzen zait Galiziako taldeek eman baino gehiago enbarazu egiten dugula».

Bidaiekin, kezkatuta

Zazpi eguneko galerak zer ondorio ekar ditzakeen kontatu dute: «Ia hiru hilabete pasatzen dituguipurdia eta abdominalak prestatzen, ondo jartzen, eta, orain, lehia dator segituan», azaldu du Silvak. «Arrauna zer den badakigu. Egokitzeko denbora behar da, eta, besteek eskuak eta ipurdia sendatuta izango dituzten bitartean, gureak minekin hasi gabe egongo dira», gehitu du Hermok.

Bidaiekin ere estu dabiltza: «Kezka eragiten didate. Hotelek ere bai. Bi arraunlarik esan didate ez daudela prest arraunean egiteko, eta utzi egin dute», azaldu du Silvak. Hermok onartu du hoteletako erreserbak «erori» egin zaizkiela: «Hartuta geneuzkan, baina nekazaritza etxe batean izango gara horra goazen ia asteburu guztietan. Eta furgonetan bidaiatu ahalko dugu? Edo autobusetan? Maskarekin ezinbestean? Dena da nahaste-borraste bat egoera honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.