LAUHAZKA

'Zuen 0-3 politika kaka bat da'

2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Lelo hau irakur zitekeen (gezurrezko) simaur mordo baten gainean jarritako makilaren puntako kartelean, aurreko ostegunean Nafarroako Parlamentuaren parean. Horren atzean kokatutako pankartan, euskaraz eta gazteleraz idatzitako mezu zuzena irakur zitekeen: «Soldatak gora, ratioak behera». Eta, azkenik, haur eskoletako hezitzaile eta bestelako langileak, amak, aitak eta umeak zeuden. Emakumeak gehienak.

Egoera zaila bizi da aspaldian Nafarroan haur eskoletan, Iruñekoak garenok modu gordinagoan pairatzen duguna, hirietan herrietan baino eskaera handiagoa delako. 0-3 zikloaren publikotasuna izendatzen bada ere, beste sektoreetan ikus ez daitekeen egoera bat dago egun arlo horretan, pertsona multzo ezberdinei eragiten diena: langileei, haurrei eta familiei.

Ekosistema askotarikoa da haur eskoletakoa. Horregatik, ez da lan gatazka bat bakarrik; ezta hezkuntza sistemaren problema bat.

Haur eskolen erabiltzaile izan garenok, bertara heltzerakoan, toki ezberdin batean gaudela sumatu dugu berehala. Haien tamainak, hezkuntza faseak (0 eta 3 urte bitarteko umeena) eta hezitzaileen bokazioak, bai eta beste langileen jarrerak ere, komunitate bat sortzen dute. Eta hori, egungo gizartean, altxor bat da.

Guretzat bereziki adierazgarria izan zen hezitzaileek hasiera-hasieratik eskaini ziguten harreman mota: errespetuzkoa, interesekoa, haurrak erdian jartzen zituena eta jakintza aunitz eskaintzen zizkiguna. 0-3 bitarteko umeen potentzia ikusi eta horretan sinisten ikasi genuen. Haiei esker, eta haur eskoletan proposatzen zizkiguten hitzaldi eta topaketei esker, Magaluzzi, Pikler, Reggio Emilia zer ziren ikasi eta gure biziaren parte izaten hasi ziren. Modu berean, egurraren neutraltasunaren balioa ulertu, mugimenduaren autonomiaren alde apustu egin, atxikimendua modu sakonagoan sentitu, umeek behar duten denbora ematen saiatu eta mugek duten garrantzia kokatzen ikasi genuen.

Ez hori bakarrik, Begok, Uxuek, Saioak, Inmak, Karmentxuk, Edurnek... eskaini digutenaren ondorioz gehiago ikasi dugu maitatzen haur eskoletatik harago doan hezkuntza garaia eta sistema. Eta horren alde modu sakonago eta irmoagoan ere borrokatu gara. Haur eskolek berezkoa den hezkuntza modu holistikoa dutelako, desiragarria dena beste hezkuntza garaietarako ere.

Horregatik, oso zaila da ulertzen zergatik bertako langileek horren maila baxua duten funtzionarioen hierarkiaren barnean, zergatik lan berdina egiteagatik ezberdin kobratzen duten, zergatik gehienen soldatetan esperientziak ez duen inporta, zergatik dagoen prekaritate handia edo zergatik dagoen behar baino langile gutxiago eskoletan. Modu berean, ulertezina da udalak eta Nafarroako Gobernuak ez bermatzea ume guztiek toki bat izatea haur eskoletan eta beharko liratekeen haur eskola guztiak eraikitzea. Edota doakotasunik ez existitzea. Sektorea ia-ia erabat feminizaturik dagoelako izanen ote da?

Sektore hau ez da premiazkoa erakundeetako arduradunentzat, eta urteroko aurrekontuetan ikus daiteke haur eskolei ez zaiela behar dutena ematen. Berdin da aurtengo aurrekontuak edo «aldaketaren» gobernuarenak. Denek huts egin dute sistematikoki.

Izendatu dugun hau problema politiko handia da, eta, hori konpontzeko, modu irmoan egin beharko dugu lan ekosistema horretan parte hartzen dugun orok. Politika feministak egin nahiko balira, hobe litzateke haur eskolei behar dutena ematea egun konkretuetako ospakizunetan dirua gastatzea baino. Horrela, emakume gehiagoren bizitza hobetzeko bidea zabalduko litzateke...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.