KRITIKA. Musikala

Broadway helburu

Agus Perez.
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun

'A Chorus Line'

Jatorrizko ideia, zuzendaritza eta koreografiak: Michael Bennett. Koreografo kidea: Bob Avian. Libretoa: James Kirkwood eta Nicholas Dante. Musika: Marvin Hamlisch. Eszenografia: Robin Wagner. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 6.

Antonio Banderas ikusi nahi zuena haren ahotsarekin konformatu behar izan da Bilboko Arriaga antzokira etorri berri den A Chorus Line musikal mitikoan, baina merezi izan du. Aretoko argiak amatatu direnean entzun dugu haren belusezko ahotsa, finezia handiz esanez eskuko telefonoetako soinuak eta argiak gogaikarriak direla ingurukoentzat. Antza denez, Malagako (Espainia) Soho antzokian—Banderasek sustatu du proiektua— antzezle ere izan zen bera, Zach pertsonaiaren rolean seguruenik, baina Bilbon ikusitakoan Pablo Puyolek hartu zuen bere gain haren pertsonaia, efikazia handiz eta segurtasun osoz, bide batez esanda.

A Chorus Line 1975ean estreinatu zen Broadwayn, eta hamabost urtez izan zen programatua. Beraz, ez da harritzekoa berriz taularatua izatea, berrikuntza batzuk jatorrizko produktuan txertatu ostean. Haietariko pisutsuena Baayor Lee izenarekin dator, bera arduratu baita zuzendaritzaren eta koreografien berritzeaz, eta kredituetan Banderas ere agertzen da zuzendari kide bezala.

Bilboko emanaldira etorrita, harritu egin gaitu eszenografiaren diseinu soilak: kaxa eszeniko beltza baino ez zegoen, eta behegainean argi-lerro zuri bat zen agertokiko apaingarri bakarra. Era berean harritu gaitu hasierako eszenan hogeita bost bat dantzari taula gainean agertzeak, are gehiago haien irudiak atzeko ispiluetan islatu eta biderkatzen zirelako. Argumentuari jarraituz, ordea, lehen hautapen fase batean hamazazpi dantzari geratu dira emanaldiaren protagonista Zach zuzendariaren eta haren laguntzailearen gidaritzapean, eta prestatzen ari diren emanaldirako lau neska eta lau mutil baino ez dira hautatuak izango.

Ikusten denez, denak gogoratzen digu Operación Triunfo eta antzekoen mundua, baina hobe da balizko paralelismo toxiko hori ahaztea: hemen dena izan da kategoria handikoa hasieratik bertatik, eta helburua ez da izan gazte hasiberrien miseriak espektakulu bihurtzea, baizik eta ikuskizun handien atzean—eta dantzaren alorrean bereziki— dauden proiektu sortzaileak agerian uztea eta artistek duten burdinazko diziplina azaleratzea. Alde horretatik ere, aitzindaria izan zen musikala bere garaian, orduko artisten benetako bizipen eta nahien gainean eraiki zelako.

Bestetik, esan beharra dago argumentuak ez duela ia garapenik: libretoan pertsonaiek banan-banan azaltzen dituzte beren haurtzaro eta nerabezaroko kontuak, eta zuzenean jotako musika euren adierazpenen laguntzaile hutsa da gehienetan. Ordea, dramaturgia irudimentsuak, jantzien eta argien koloretasun dotoreak eta dantza-solo zein bakarrizketa baten bikaintasunak soberan justifikatzen dute musikal akatsgabe honen planteamendua, azken apoteosian ezin ederragoa bihurtu dena, denen jantzi doratuen eta kabaret musikaren eraginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.