ATZEKOZ AURRERA. Andrea Corres Saenz. Gasteizko suziria jaurti dutenetako bat

«Jaiak gero eta parte hartzaileagoak dira»

Gasteizko adinekoentzako zentro soziokulturaletako lau kidek jaurti dute jaien hasierako suziria. Corres harrituta geratu da horrek sortzen duen ikusminarekin: «Hiriko kazetari denak ezagutu ditut».

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Zeledoni jaisteko abisua emateko ardura izan du Andrea Corres Saenzek (Labraza, Araba, 1949). Gasteizko adinekoentzako zentro soziokulturaletako beste hiru kiderekin batera [Aurelia Encarnacion Izquierdo, Juan Luis Soriguren eta Daniel Uriondo] piztu du jaiei hasiera eman dien suziria. PSE-EEko udal taldeak aukeratu ditu, zentro horretako dozenaka kideren artean. Ahal izan duen moduan egin dio aurre Zeledonen jaitsieran egin duen beroari. «Guardasola ekartzekotan egon naiz, baina ez nekien aukera emango zidaten zabaltzeko, Zeledoni konpetentzia ez egiteko».

Aurretik egona zinen San Migelgo balkoian jaitsieraren egunean?

Bai, bero beldurgarria egin zuen beste urte batean, duela hamabost urte inguru. Suhiltzaileak ere egon ziren orduan ura botatzen. Hori bai, urte horretan ezin izan nuen plaza ikusi. Jendetza zegoen plazara ematen duen hesiari helduta, baina aurten espero dut bete-betean ikustea.

Eta noizbait bizi izan duzu Zeledonen jaitsiera plazan bertan?

Bai, noski! Hainbatetan egona naiz. Urte horietako batean, sekulako ekaitza bota zuen...

Gasteizko zure lehen jaiak haurtzaroan ezagutu zenituen, 10 urterekin, ezta?

Bai, 4 urterekin, Labrazatik Bergarara joan ginen, eta, gero, Gasteizera... Bergarako urte horietan, euskara ikasteko aukera ere izan nezakeen, baina Francok ez zigun utzi. Euskaraz ikasi nuen apurra arrosarioa izan zen, mezan entzunda.

Jaien zer oroitzapen dituzu?

Haurtzarokoak, gutxi. Esango nuke ez genituela gaur egun bezala bizi izan. Egunen batean edo bestean feriara ateratzen ginen, baina gehiago ez. Plaza Berrian egindako jaitsieraren bat datorkit burura: ez nuen ezer ikusi, nagusiez inguratuta. Ezkondu osteko garaia gehiago gogoratzen dut. Gero eta parte hartzaileagoak dira, edo hori antzematen dut nik, behintzat.

Garai batean baino parte hartzaileagoak dira?

Blusak baino ez ziren ateratzen, neskarik gabe. Gaztetan, ezin genuen giro horretaz disfrutatu, eta, egia esan, orduan gustura asko egongo nintzen kuadrilla batean. Baina neskok ezin ginen atera. Ezta pentsatu ere!

Jaietako zein ekitaldi dituzu gorriz markatuta, ez huts egiteko?

Asko dira... Pregoia asko gustatzen zait; aurtengoa, bereziki. Zortzi emakumezko, kirolariak... Emakumearen urtea izaten ari da. Ahalduntzen ari gara, eta oso pozgarria da. Farolen Arrosarioa ere gustuko dut, baita egunsentikoa ere. Egunsentikoan pertsona asko izaten da; urteren batean tirabirak egon ziren parrandan zeuden batzuekin.

Musika entzuteko tarterik ateratzen al duzu jaietan?

Jotak entzutera joaten gara. Ahizpari gustatzen zaizkio; baita niri ere.

Ez du ematen oso konbentzituta esan duzunik hori.

[Barreak] Jotak gustuko ditut. Asko. Baina, egunero-egunero... Ez dakit gehiegitxo ez ote den. Baina ahizpari gustatzen zaizkio, beraz...

Jaietan bilobak zaintzea tokatuko zaizu? Suziria jaurtiko dutenetako bat bilobarekin izan da elkarrizketaren batean...

Nahiko nuke, baina zaila da. Bi ditut. Bat Bartzelonan bizi da: Edurne. Noizbait ekarri behar dut, Zeledon Txikirekin jaisten den neskak bere izena duela ikus dezan. Besteak 6 urte ditu, eta Gasteizen izango da. Are, alabak oporrak atzeratu ditu, eta balkoian izan dira nirekin.

Zer moduz eraman dituzu egun handiaren aurreko egunak?

Urduri. Hitz egiten hasi, eta ezin gelditu. Hedabide guztietatik hots egin didate egunotan... Ez nuen pentsatzen horrenbeste zegoenik!

Izena eman zenuenean ez zenuen horrelakorik aurreikusi?

Ez, bada! Zozketa bat zegoela ikusi nuen, suziria pizteko. Halakoetan izena ematen ez baduzu, ez zaizu tokatzen, argi dago. Argazkiren bat edo beste aterako zigutela pentsatu nuen. Baina hau...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.