TXAPELA BURUAN. Gari Ortigosa. Japonian bizi den plentziarra

«Egunero abentura bat da Japonia ez ulertzea»

Hizkuntzei dien maitasunak eraman zuen Ortigosa itzulpengintza eta japoniera ikastera. Orain euskara irakasle ari da Tokion. Herrialdera egokitzea «oso zaila» dela uste du, baina aurkitu du bere tokia.

BERRIA.
Iker Tubia.
2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Bost urte pasa daramatza Gari Ortigosak (Plentzia, Bizkaia, 1990) Japonian bizitzen. Orain bi hilabete euskara irakasle aritzeko Tokiora mugitu bada ere, Kyoton eta batez ere Osakan bizi izan da.

Zerk eraman zintuen Japoniara?

Japoniera ikasteko etorri nintzen. Aurretik etorria nintzen bizpahiru alditan, udako egonaldi baterako.

Itzulpengintza ikasketek eraman zintuzten japoniera ikastera?

Hizkuntza zaletasunak eraman ninduen bai itzulpengintzara, bai japonierara.

Zerk erakarri zintuen?

Nire gurasoek kontatzen dute Andaluziako bidaia batean japoniar turista talde batekin hitz egiten hasi nintzela 11-12 urterekin. Japonierako hitz errazen zerrenda bat eman zidaten, eta horren harira interesa hartu nuen. Noski, Dragoi Bola, Doraemon eta Shin-chan ere ikusten nituen. Hizkuntzarekin batera, kulturak erakarri ninduen.

Nola izan zen ikasketa prozesua?

Oso prozesu luzea. Alemana ikastean uste dugu hutsetik hasten garela, baina japonieraren moduko hizkuntza desberdin bat ikasi eta gero konturatzen zara alemanaren zerbait badaukazula barneratuta. Adibidez, subjektuaren arabera aditzak jokatzea, edo eta bezalako hitz bat izatea. Japonieran eta esateko hitz nahikotxo daude, eta oso funtzio ezberdinak dituzte. Are, batzuetan aditza jokatuz egiten da.

Noiz joan zinen lehenbiziko aldiz?

2007an, Tokiora. Europatik ateratzen nintzen lehenengo aldia zen. Sekulakoa izan zen halako leku desberdin batean egotea, guztiz flipatuta nengoen. Konturatu nintzen nire japoniera maila zer baxua zen.

Egonaldiak ukitu zintuela dirudi.

Egonaldi horren ondoren... ez dakit, oso irrazionala da. Mundu paralelo antzeko bat da hau. Antzekoa da gauza askotan, baina beste zentzu askotan ez dago ulertzerik. Egunero ezin ulertze horretan murgiltzea abentura bat da. Hemen beti dut zerbait berria aurkitzeko.

Kultura talka edo alde hori egon arren, egokitu zara dagoeneko?

Lortu dut nire lekua aurkitzea, baina egokitzea agian ez da hitz egokia. Oso zaila da egokitzea. Lehenengo aldietan, dena oso miresgarria zen. Japoniara turista moduan etortzea ezin hobea da, oso garbia eta segurua da, jendea oso atsegina da... Ia utopikoa da haien adeitasuna. Baina enpresa batean lanean hasi nintzen, eta alde itsusiena ikusi nuen.

Langile moduan, gaizki?

Medikuntza enpresa bat zen. Hasieran, entrenamendu bat egin behar genuen: enpresaren egoitza batean lo egiten genuen, goizero ariketa fisikoak egin eta enpresaren printzipioak errezitatu. Noski, zortzi ordu baino gehiago egiten genuen lan, eta ezin ginen handik atera. Gero, enpresan hasita, egunero biltzen ginen enpresaren oinarriak esateko.

Diziplina handikoak dira?

Bai, diziplina handia, autoritatearekiko errespetu gehiegizkoa agian. Arauak betetzea da moralki zuzena, eta arauen zergatia galdetzea ez da kulturalki oso normala.

Doraemon, Son Goku... zuretzat eta euskal herritar askorentzat erreferente dira. Han ere badira?

Bai, noski, baina beste mila erreferentziaren artean desagertzen dira. Euskara klaseetan erabiltzen ditut, eta harritzen dira Doraemon eta Shin-chan ezagutzen ditugulako.

Mangak zer garrantzi du?

Euskal Herrian, lehen pentsatzen zen komikiak eta manga umeentzako gauzak zirela. Japonian ez zen horrela. Dendetan guzientzako komikiak daude: haurrentzat, helduentzat, pornografikoak... Beste medio bat da haientzat. Oso normala da.

Mendebaldeko adierazpide kulturalak nola ailegatzen dira hara?

Interesgarriena da Mendebaldeko gauzak hartzean ere nolabait beraienera egokitzen dituztela. Badago rocka, baina japoniar rocka da. Adibidez, Eguberri eguna ospatzen dute, baina ez dute kristau erlijiorik. Bikotekidearekin pasatzen da eguna, eta oilasko frijitua jaten da.

Ezagutzen dute Euskal Herria?

Nahiko ospetsua da janariarengatik. Euskal jatetxeak badaude hemen eta Osakan, eta telebistan Donostiako pintxoak ateratzen dira.

Han ere ongi jaten da, ezta?

Oso ondo. Denetarik daukate, eta janaria gozatzeko kultura dute, ez bakarrik beraiena, besteena ere bai. Atzerriko zerbait hartzen badute, berezkoena ikasi nahi dute, ez dira oso fusio zaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.