Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Zirkua, tentsioaren eztanda

Il Circo Italiano zirku italiarrak Gabonetako emanaldia aurkeztu du. Urtarrilaren 10era arte eskainiko dute ikuskizuna Illunbeko zezen plazaren atzean jarri duten karpa zuri-beltzean.
Hogei artista inguru txandakatzen dira Il Circo Italiano zirkuaren Gabonetako ikuskizunean.
Hogei artista inguru txandakatzen dira Il Circo Italiano zirkuaren Gabonetako ikuskizunean. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Gutierrez Lorenzo -

2020ko abenduak 27 - Donostia

Iluntasuna eta isiltasuna dira nagusi karpa zuri beltzaren barruan. Maskara jantzita, publikoa adi, tentsioa noiz hautsiko zain. Sabaian eskegita, hareaz betetako zirkulu bat ageri da, eta azpiko aldean, foku azpian, harean marrazten hasi da artista. Musika lasaia entzungai, piano doinuak, eta Olentzero, izar iheskorra eta opariak irudikatu ditu artistak. Gabonen magia. Eguberri on idatzi du. Txaloka hasi da publikoa. Kamioi bat marraztu du harea artean artistak ondoren, eta beste hitz bat: Zirkua. Marrazkia osatuta, atzera desagertu da artista.

Txalo zaparrada artean, iluntasuna eta isiltasuna nagusi berriz ere. Tentsioa airean, eta publikoa adi, hurrengo saioaren esperoan.

Agertu da pistaren erdian urdinez jantzitako emakume bat, orekaria, ezpata eskuan. Iluntasuna eta isiltasuna apurtu dira, musika bare baina ozen entzuten da, eta andrea zuzenean fokuan jarri du argi urdinak. Metalezko egituraren gainean, bola zuri bat, eta hara igo da orekaria. Ezpataren kirtena kopetan jarrita, orekan, zutik jarri da bolaren gainean. Eseri da ondoren. Etzan ere bai. Dena ezpata kopetan jarrita, dena orekan. Ezpata aldatuz, eta egitura gero eta ezegonkorragoa erabiliz gora doa zailtasuna, gora tentsioa. Azkenerako, metalezko egitura baten gainean jarrita, labana bat ahoan sartu eta haren kirtenean pausatu du orekariak ezpata. Apurka esertzen hasi da, eta musika ere ozenago entzuten da. Tentsioa gora doa. Etzan egin da, ahoz gora, eta labanak eta ezpatak orekan jarraitzen dute. Lehertu da tentsioa, eta txaloka hasi dira publikoan dauden haur eta helduak. Tentsioaren eztandak pizten du zirkuaren magia.

Leherketaren ondoren, barealdia, iluntasuna eta isiltasuna berriz, eta artisten emanaldien artean, algara tarteak. Pau eta Capitano pailazoak bihurrikerietan ari dira, eta publikoari galdezka: «Zer moduz zaudete?», galdetu du Pauk. «Ondo!», erantzun ikus-entzuleek. «Ozenago, ez dut entzuten!», esan die pailazoak, eta bost aldiz erantzun diote publikoko haur eta helduek, oihuka. Capitanok, bitartean, publiko artean egin du ibilalditxoa ikusleak bustiz, zirikatuz.

Pailazoen agerraldiak pista gaineko materiala aldatu eta hurrengo ikuskizuna prestatzeko erabiltzen dituzte zirkuko langileek. Orekariaren ondoren, sabaitik eskegitako xingoletan hegan dabiltza bi artista, tango doinu artean akrobazia korapilatsuak kateatuz airean. Bost uztai gorputz gainean biraka izan ditu hurrengo artistak aldi berean, eta, musikak lagunduta, gora egin du zailtasunak eta tentsioak. Bukaerarako, hamabi uztai biraka izan ditu artistak gorputzean. Txaloka erantzun du publikoak.

Orotara, hogei artista inguru txandakatzen dira pistan Il Circo Italiano zirkuaren Gabonetako emanaldian. Koloreak, argiak eta musika dira protagonista, eta urtarrilaren 10era arte egongo da ikusgai emanaldia. Atzo egin zuten bigarren saioa Illunbeko zezen plazaren atzean jarritako karpan.

Zirkuko artistak

Italian du jatorria Il Circo Italianok, eta dagoeneko Rossi familiaren sei belaunaldik hartu dute parte zirkuan. Christian Rossi da belaunaldi berriko kideetako bat: «Pistaburua naiz; ikuskizunean argiak, musika eta artistak daude; hiruretako batek huts egiten badu, nik bilatzen diot konponbidea arazoari. Erne egotea eta dena ondo ateratzen dela ziurtatzea da nire lana». Gaur ere, hara eta hoan dabil Rossi: artista bakoitza non dagoen jakin, ordutegia kontrolatu, berogailua piztu... lan ugari kateatzen ditu Rossik emanaldia hasi aurretik, bitartean eta ondoren.

Artista sorta zabala dago zirkuan, eta bakoitzak emanaldiaren zati bat prestatzen du. Monica Rossi zirkuko belaunaldi gazteko beste kidetako bat da, eta trapezio gainean egiten du lan: «Airean egotearen sentsazioa asko gustatzen zait; lurrean egiten diren akrobaziak, aldiz, ez ditut batere gustuko».

Trapezioan akrobaziak egiteko entrenamendua ezinbestekoa dela nabarmendu du artistak; halere, merezi du ahaleginak. «Airean nagoenean sentitzen dudan zirrara ikaragarria da, baina beldurrik gabe jauzi egitea ezinbestekoa da: izututa egiten badut salto, erori egiten naiz».

Bizitza, zirkuari lotuta

Zirkuko bizitzak asko eskatu eta asko eskaintzen die bertako kideei. Mandras Craigie-Marieminobre Lisboatik heldu zen zirkura, eta, Rossi familiako kideak bezalaxe, berehala maitemindu zen zirkuaz. «Jende, toki eta kultura berriak ezagutzeko aukera ematen dit; oso dibertigarria da». Monica Rossik ere gustuko du zirkuko bizitza: «Droga bat bezalakoa da: probatzen duzunean, ez duzu askatu nahi. Ni zirkuan jaio naiz, eta kanpoan pasatu nituen urte batzuk, baina ez nuen nire tokia aurkitzen. Zirkua da nire etxea».

Lan neketsua dute zirkuko kideek, baina nahitaezkoa dute karpa barruan sortzen den magia. Emanaldietan lehertzen den magiak lotzen ditu artistak zirkura.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Tradizioak bezala, dantza maisuaren figura moldagarria da»

Ane Insausti Barandiaran

Xabier Sarriegi 'Pasatxo' dantza maisuari eginiko «omenaldi bat» da dokumentala. Besteak beste, lanbide hori zer zen kontatu dute.
 ©BERRIA

«Ingelesak lekua behar du, baina ez da gure hizkuntza»

Iker Tubia

Hezkuntza eleaniztunari «zukua atera» behar zaiola uste du Zenozek, eleaniztasuna «oso garrantzitsutzat» baitu. Hizkuntzak ikastearen alde mintzatu da, eta hori modu koordinatuan eta baliabide egokiekin egiteko beharraz. Ikerbasquek aitortza egin dio.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...