ATZEKOZ AURRERA

Artziko 'spa' erromatarra

Erromatarren garaiko eraikin handi bat aurkitu dute Aranzadi elkarteko boluntarioek Artziko aztarnategi arkeologikoan (Nafarroa). Uste dute I. eta II. mendeetako terma batzuk direla.

Aranzadi elkarteko boluntarioek azaleratu berri duten eraikina, Artziko aztarnategian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Artzibar
2021eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Hemen zegoen termako sarrera; aldamenean, bainu epelen gela; eta harago, areto nagusia, bainuetxeko gelarik beroena». Irudimen apur bat behar da, baina, Oihane Mendizabal Aranzadi zientzia elkarteko kide eta Artziko aztarnategiko (Artzibar, Nafarroa) zuzendariaren azalpenei esker, erraza da norbere burua baskoien garaian kokatzea, eta, egungo larre eta basoen artean, galtzada eta terma erromatarrak irudikatzea.

Han, Artziko aztarnategian, sei gelako eraikin bat aurkitu zuten Aranzadiko ikerlariek 2015. urtean, eta, sei urteren buruan, eraikinaren oinarria bere osoan azaleratzea lortu dute. «Mendebaldeko Pirinioa zeharkatzen zuen galtzada erromatarraren ibilbidea ikertzen ari zen Aranzadiko lantalde bat, eta ingurua miatzen hasi ziren. Radar bidez eginiko ikerketa geofisikoei esker, ikusi zuten eraikin bat zegoela hemen, lur azpian». Ez hori bakarrik. Eraikin nagusiaz gain, radarrak beste hiru edo lau egitura arkitektoniko ere atzeman zituen inguruan, eta Aranzadiko boluntarioek erromatar garaiko pieza eta aztarna ugari topatu dituzte. Bisita gidatua eskaini zuten atzo, topaturikoa aurkezteko.

Orain arte, eraikin nagusia bakarrik atera dute azalera. Zati berri bat urtero. Aurtengo kanpainan, adibidez, hamabi boluntario ibili dira lanean, hamar egunez. Denbora horretan, labe baten arrastoak azaleratu dituzte, eta horri lotuta, baita beroa eraikin osora barreiatzen zuen berokuntza sistema bat ere. «Zoru azpitik zihoan egitura horri esker, labea konektatuta zegoen gela guztiekin; eraikinean gero eta barrurago sartu, orduan eta bero handiagoa nabarituko zuen bisitariak». Erromatarren garaiko termak direla uste dute arkeologoek, I. eta II. mendeen artekoak.

Errepideko atsedengunea

Mendizabalen esanetan, galtzadaz osatutako komunikazio sare itzela zuen erromatar inperioak, eta bertan, atsedengune ugari ere eraiki zituzten, bidaiariek ostatu hartzeko aukera izan zezaten. «Atseden hartzeko, animaliei bazka emateko eta garbitzeko espazioak ziren horiek. Finean, terma hauek ziren gaur egungo autobideetako atsedengune edo rest-stop gisakoen baliokideak».

Artziko eraikinean, mosaikoak egiteko erabiltzen ziren tesela edo pieza txikiak ere topatu dituzte boluntarioek (mosaiko osorik ez), eta baita egunerokoan erabiltzen ziren pieza ugari ere: hala nola apaindutako zeramika zatiak, beirazko edalontziak, iltzeak, txanponak eta eraztunak. Halako guneak «oso ohikoak» zirela gaineratu du aztarnategiko zuzendariak. Are: erromatar inperioko errepide sare osoan estandarizatuak egon zitezkeela uste du: «Gutxi gorabehera 14 kilometrotan behin, halako gune bat egonen zen galtzadatik gertu». Donazaharren (Nafarroa Beherea), Ibañetako lepoaren ipar isurialdean, ezaugarri bertsuko beste terma batzuk daudela nabarmendu dute zientzia elkarteko arduradunek.

Pixkanaka, baina, garrantzia galdu zuten halako atsedenguneek. Terma horietako batzuk abandonatu egin zituzten; beste batzuei, berriz, erabilera berriak eman zizkieten. Hala gertatu zen Artziko termetan, Mendizabalen ustez: «Bi fase antzeman daitezke aztarnetan: lehen fasean, bainuetxe funtzioa bete zuen eraikinak; III. eta IV. mendeetan, ordea, metalgintzan erabili zuten». Bertan topatutako burdin eta berun zepa eta hondakinei esker ondorioztatu dute hori. «Eraikina ez zuten abandonatu, eta 350 bat urtez erabili zuten; hasieran, funtzio soziala bete zuen, eta gero, berriz, lantoki bihurtu zen».

Nafarroako Gobernuaren eta Artzibarko Udalaren laguntzarekin egin ditu aurkikuntza hauek Aranzadi zientzia elkarteak. Aztarnategia urte osoan ikusgai jartzea eta bisitariendako informazio panelak paratzea; horra elkarteko arduradunen asmoa datozen urteetarako. Oraingoz, baina, aztarnategia lurrez estali, eta erromatar inperioaren garaiko termagunea bere horretan utzi beharko dute, datorren urteko kanpaina heldu bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.