ATZEKOZ AURRERA

Plazak hartu eta josi dituzte

Kalean Ehuntzeko Nazioarteko Eguna ospatu dute hainbat herritan. Errenteriako Zumardian, 'Kaleak gureak dira' leloko hizkiak josi, eta kioskoan jarri dituzte.

Kalean Ehuntzeko Nazioarteko Eguna ospatu zuten atzo Errenteriako Zumardian hainbat emakumek, josiz. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Errenteria
2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Ehunketa eraldaketarako erabilita, herrialde ugaritako emakumeak elkarrekin josten aritu ziren atzo, Kalean Ehuntzeko Nazioarteko Egunean. Ekitaldiak egin zituzten Euskal Herrian ere: Gasteizen eta Gipuzkoako Pasaia (Trintxerpe), Astigarraga, Errenteria, Hondarribia, Eibar eta Villabona herrietan. Ehuntzearen artea aldarrikapen feministarako tresna bihurtu zuten. Errenteriako Zumardian, esaterako, hizkiak josi zituzten, Kaleak gureak dira bi aldiz osatu arte —gaztelaniazko hitzak ere osatu zituzten: Las calles son nuestras—. Kioskoan zintzilik jarri zituzten ehundutako leloak.

Hizki guztiak jostea ez zen kontu makala, baina umorez eta elkar ezagutuz joan ziren Zumardian. «Norbait animatzen da G batekin?», galdetu zuen Nerea Vivasek. Batek berehala hartu zuen G hizkia josteko tartea. Vivasek, ahoan hitza: «Kalera atera ditugu hariak, jostorratzak... ez genuen elkar ezagutzen, baina hemen gabiltza zenbait taldetako andreak. Emakumeok gure etxean egin izan ditugun lanak kalera atera behar ditugu, eta kaleak gureak direla aldarrikatu».

Hizkiak banatzen jarraitzen du Vivasek. «Oihana! [Merino] D hizki hori josi behar duzu». Oihana Merino da ekitaldiaren antolatzaileetako bat: Lalocadelacasa marka pertsonala izateaz gain, kakorratz lanean nola aritu irakasten du ikuspuntu «feminista, ekologiko eta komunitario» batetik: Errenteriako Emakumeen Etxean josteko tailer bat ematen du. Harreman estua du Pasaiako Matazak elkartearekin. Indarkeria sexistaren aurka lan egiten duen elkarte bat da hori, eta #puntuetakitto mugimenduaren sustatzailea.

Bigarren urtea da kalean josteko ekitaldiak Euskal Herrian egin ditiztela. Merinok nabarmendu zuenez, aurten «indar handiagoa» eman diote ikuspegi feministari. Era berean, uste du oso garrantzitsua dela Emakumeen Etxean egiten dituzten tailerretan herriko andreek elkar ezagutzeko aukera izatea: «Kakorratz lana aitzakia da beste gauza batzuetarako: emakumeen arteko sareak, elkarren zaintza, babesa sustatzea... Gainera, indarkeria sexistaren biktima izatea zailagoa da andre bat bakartua ez badago».

Emakumeen Etxeko tailerretara joaten da, hain justu, Charo Serrano. «Gure amonek ondo ezagutzen zuten ohitura hau: kalean josten, han kontatzen zizkieten penak eta pozak batzuek besteei», azaldu zuen. Bai Emakumeen Etxeko kakorratz ikastaroan eta bai Zumardiko ekitaldian harreman sareak ehundu dituztela gaineratu zuen. Elkartzen jarraituko dute ikastaroko lagun berriek.

Auzoetako taldeetan ikastaroak ematen ditu Nieves Caballerok, eta Zumardiko ekitaldia «polita» iruditu zitzaion. Rufi Rodriguez, berriz, Gabierrota auzoko Laguntasuna elkartera joaten da, ehunketa ikastaroetara, eta pozez zoratzen zegoen ekitaldiarekin: «Bazen garaia. Ea denak animatzen garen, eta sakelakoari begira egon beharrean kalean gehiago josten dugun». Hurrengo urteetan ekitaldia herri guztietan egin beharko litzatekeela adierazi zuen. «Etxean gelditzea baino hobea da hau. Dagoen psikologorik onena». Iritzi bera eman zuen Jaione de la Cruz lagunak ere: «Hau oso ondo etortzen zaigu denoi. Jendeari irekitzen zatzaizkio, gainera».

Kalearen konkista

Jositako hizkiez gain, tapaki more eta zuri bat jarri zuten haimaren alboan. Emakumeen Etxeko ikastarokoek egin dute, zortziren artean. Eta emakumeen sinboloa du marraztuta. Serranok azaldu zuen oso ondo pasatu dutela tapaki hori egiten. «Gaztetxoa nintzenean, behartu egin ninduten kakorratz lanean aritzera, eta urte luzez gorroto izan nuen. Baina sentsazio txarrak gainditzea ona izaten da, eta orain buelta eman diot». Baten batek esan zion goizaldeko hiruretan aritzen zirela kakorratz lanean, eta, hasieran, ez zuen sinisten. «Baina zin dagit berriki goizeko laurak jo zutela josten ari nintzela. Terapeutikoa da».

Parte hartzaileek ondo pasatu zuten ekitaldian. Haien artean, Edurne Salaberria: «Oso aberasgarria izan da. Ea horrela jarraitzen dugun». Alaba gaztetxorekin joan zen, bestalde, Ana Pilar Bueno. «Alabak ere ikus dezala; gauzak erakutsi egin behar dira. Aldarrikapena ederra da».

Antolatzaileek esan zuten ekitaldien helburuak bete zituztela: kalearen konkista aldarrikatzea, eremu publikora ateratzea emakumeei eta eremu pribatuari lotuta egoteagatik beren balioa kendu zaizkien diziplinak, harreman afektiboei balioa ematea, eta jakinduria ikusaraztea. Mezuak bi ikuspegi zituela azaldu zuen Merinok: «Batetik, espazio publikoaren konkista dago. Ehunketa espazio pribatuan egon izan da, eta haren balioa ez da sentitu; badirudi amona zaharren kontua dela, baina ehunketaren atzean zientziak, matematika eta arteak daude. Bestetik, eraso sexisten aurkako mezua zabaldu nahi dugu, eta kaleak eguneko 24 orduz seguru eta erasorik gabe bizi nahi ditugula». 2023an, berriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.