Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Ahalera

2012ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Gobernu espainolaren EAEko ordezkari Carlos Urquijok Donostiako Udala salatu du Txillardegiri hiriko domina ematea terrorismoaren gorazarrea izan litekeelako.
Eta arrazoi du.
Izan ere, Txillardegi saritzea terrorismoari gorazarre egitea izan liteke.
Eta, era berean, Txillardegiri domina bat ematea euskal azentuaz gehien zekienari gorazarre egitea ere izan liteke. Edo, auskalo!, euskaraz idatzitako eleberrigintza modernoaren aitzindarietako bati gorazarre egitea ere izan liteke. Eta, Txillardegi euskara batuaren sortzaileetako bat izan baitzen, euskara batuari gorazarre egitea ere izan liteke, jakina.
Alabaina, denok dakigu Txillardegi ETAren sortzaileetako bat izan zela. Beraz, Txillardegiri domina bat ematea ETAri domina bat ematea ere izan liteke.
Eta Carlos Urquijok, zeinak bere lana ondo baino hobeto egiten duen, zera pentsatu zuen: «Argumentu guztiak dira susmagarriak, bai, baina salatzekotan, jo dezagun ziurrenera». Eta ETAren kontu hori salatzea erabaki zuen. Badaezpada.
Ondo pentsatua. Izan ere, izan, izan liteke.
Ez da. Baina izan, izan liteke.
Hori du txarra ahalerak, bi aukera eskaintzen dituela eta ez dela erraza beti asmatzea. Batzuetan bale eta bestetan kale.
Niri neuri horixe pasa zitzaidan Urquijoren izendapenaren berri izan nuenean. «Tipo burusoil hau —pentsatu nuen—, aurpegi lelo horrekin eta begi horiekin, burmuinik gabeko bisigu bat ere izan liteke».
Bistan da oker nengoela…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.