LAUHAZKA

Amazon, Durangoko Azokarako bidean

2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Paradoxa: bat

Lanean nago. Postaria dator, eskuan kutxa txiki bat dakarrela. Amazon irakurtzen ahal da, begi kolpe batean. Tamainagatik, liburu bat dela antzeman diot. Jasotzailea ez omen dago etxean, eta paketea Katakraken uzteko esan dio postariari. Kapitalismoaren ikurra denari Internet bidez erosi, eta liburu-denda, taberna, argitaldaria eta esparru politikoa den toki fisiko bat behar du etxe azpian, erositakoa jaso ahal izateko. New Yorker aldizkariaren azal famatuak forma hartu du gurean.

Gaur egun, egoera hori gure herri eta hirietako denda txiki askotan errepikatzen da, baina baliteke etorkizunean halako eszenarik ez ikustea. Izan ere, multinazionalek egun duten askatasunari mugarik edo baldintzarik jarri ezean, epe motz edo ertainean desagertu egingo da eszena horretako protagonistetako bat, eta ez da Amazon izanen.

Ohar gaitezen: Amazonek ukitzen duen guztia hondatzeko gaitasuna dauka, eta, efektu suntsitzaile horretatik babesteko, ezinbestekoa da kontsumitzaileok erantzun eta jarrera sendo bat izatea eta horri eustea; jakina, berdin jokatu behar lukete administrazioek zein sindikatuek. Ez da erraza, ordea. Kapitalak sortzen dituen etekinen itzala luzea da, eta eragin zuzena dauka gure inguruan. Kontsumitzaileoi sedukzio efektu kontrolaezina pizten digu, eta, multinazionala den aldetik, merkatu-arauak eta administrazioak kontrolatzeko indar handia dauka. Bi alderdi horiek ongi identifikatu eta kontuan hartu behar ditugu, bai eta horien aurrean irmo jokatu ere; bestela, Amazon afera hankamotz geldituko da.

Paradoxa: bi

Multinazional horrek Trapagaranen —Babcock & Wilcox zegoen lantegiaren instalazioetan— ireki nahi duen esparru logistiko erraldoiak 90.000 metro koadro inguru izanen lituzke. Berriz ere, kapitalaren eta lanaren arteko ohiko gatazka dator. Izan ere, ezaguna da Sillicon Valleyko enpresak lan baldintza trakets eta prekarioak inposatzen dituela, ez duela aintzat hartzen negoziazio kolektiboa eta hitzarmen kolektiboak sinatzeko trabak jartzen dituela; bestalde, azaroaren amaieran egingo den Black Friday egunari begira, estatu espainoleko langileak grebara deituta daude, haien baldintzak salatzeko. Hala ere, erakunde publikoek txalotu egiten dute Amazonek Tragaparanen irekitzea bere zentro logistikoa.

Aurkia: eraikuntza obrak, lanpostu berrien sorrera eta udalak jasoko lituzkeen zergak. Ifrentzua: lan baldintza txarreko lanpostuen sorrera, txikizkako denden ahultzea eta desagertzea, auzo eta hirien pobretze ekonomiko zein soziala.

Paradoxa: hiru

Duela aste batzuk, Frantziako literatura sari garrantzitsu batean, Amazonek argitaratuko liburu bat azken faseetara iritsi zen. Beste era batera esanda, liburu denden desagerpena bultzatzen ari den eragile nagusia liburuen kultura sustatzeko antolatzen den lehiaketa baten azken urratsetaraino heldu zen. Gertaera horrek arreta eman zien epaimahaiko kideei, eta arduraz behatu zuten. Hari horri tiraka, nork ziurta dezake hemendik urte batzuetara Amazonek Durangoko Azokan salmenta-gune bat jartzeko eskaera egingo ez duenik? Izan ere, Azokaren araudia betez gero, denok dugu hor egoteko eskubidea.

Hiru paradoxa horiek argi erakusten dute gaur egungo kapitalismoak ezabatuak dituela jada muga eta ertz guztiak. Testuinguru horretan, Amazon ere, Microsoft, Google edo Facebook bezala, multinazional harrapakaria da, eta bere inguruko bazter guztiak suntsitzen ditu: langileen baldintzak, hirien ekosistemak, kontsumitzaileen abantailak, hornitzaileak... baita kultura bera ere, osotasunean. Hortaz, kulturaren etsai handiena denez gero, areriotzat tratatu behar dugu; berandu baino lehen irentsiko gaitu, bestela.

Nolanahi ere, argi izan behar dugu Amazon kulturan eragiten ari den suntsiketari aurre egiteko beharrezko lanak eta elkartasunak nazioartekoak izan beharko luketela; ez dago halako herensuge bati estatu espainol edo frantsesetik bakarrik aurre egiterik, eta horretarako zubiak eraiki behar dira. Mugitu egin beharko dugu, beranduegi izan aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.