Jose Mari Irastortza. Musikaria

«Nik asko ikasi dut Benitorekin; nire bizitza zorte bat izan da»

Txistuarekin hasi zen, baina instrumentu asko jotzen ikasi du Irastortzak. Gaztetan ezagutu zuen Benito Lertxundi, Argia dantza taldean zebilela, eta harekin eman ditu 30 urte baino gehiago. Orain, erretiroa hartuta, herriko plazetan jotzera emana da.
ISABELLE MIQUELESTORENA

Bidatz Villanueva Etxague

2016ko martxoak 27
Anonimotasunean bizi du egunerokoa Jose Mari Irastortzak (Irun, Gipuzkoa, 1951). Baina bere bizitzaren erdia baino gehiago eman du euskal musikari ospetsuenetariko baten alboan; Benito Lertxundirekin, alegia. Musikari amorratua da, eta haize instrumentu asko jotzen ditu. Perkusioa ere bai. Erretreta hartu berri duela, ez zaio axola Lertxundirekin eginiko urteetan bigarren planoan egon izana. «Normala da», haren esanetan. Kontent da. Sentitzen du «zorte handia» izan duela bizitzan.

Lertxundirekin hasi zinenerako, urteak zeneramatzan musikari gisa. Txikitatik datorkizu zaletasuna?

Ikasketa guztiak Irunen egin nituen. Musika arloan, beti bezala, solfeoarekin hasi nintzen, eta, gero, instrumentuekin. Hasiera hartan, nik bi izan nituen. Aita soinu jotzailea zen. Alde batetik, akordeoia ikasten hasi nintzen aitarekin. Beste aldetik, bonbardinoa, akademian. Gero, txistua, eta, behin txistua ikasteaz geroztik, dantza taldeetan eta koruekin jotzen hasi nintzen.

Beti izan duzu familiaren babesa?

Familian guztiak musikariak izan gara. Aita Nafarroan ibiltzen zen; Baztanen eta Bidasoa alde guztian. Euskal musika tradizionalaren munduan izen handiko musikariekin zebilen. Adibidez, Antonio Elizalderekin ibiltzen zen, Maurizio Elizalderen aita zenarekin. Banuen anaia bat Hondarribiko bandako zuzendari izandakoa 34 urtetan. Beste anaia txistulari bat ere badut. Beste bi neskek gaztetan ikasi zuten musika. Gero utzi egin zuten. Hori beti gertatzen zen neskekin; behin ezkondu behar zutela, musika utzi egiten zuten emakumeek.

Orduan musika ikasten zenuen eskolaz kanpo?

Eskolan ez zegoen musikarik; solfeorik ere ez zuten ematen. Txistua ikasi nuen eskolaz kanpo. Dantza ere beti interesatu izan zait, eta hasi nintzen Donostiako Los Angeles ikastetxean. Gero, berehala, Argia dantza taldean sartu nintzen. Hor ezagutu nuen Benito [Lertxundi].

Zein garaitan izan zen hori?

Aldi berean Ez Dok Hamairu taldearen barruan sartuak ginen. Baga Biga Higa ikuskarian nik txistua jotzen nuen. Gero, hortik urte pare batera, 1977an, Benitorekin grabatu nuen Zuberoa diskoa. Benitorekin Zuberoa diskoarekin hasi nintzen.

Gaur egun arte?

Harekin 38 urtez izan naiz, disko hori grabatu genuenetik. 1977ko maiatzaren 5ean jo nuen lehenengo aldiz Zuberoa diskoa grabatu eta gero, Orion. Harrezkeroztik, iazko ekainera arte ibili gara. Batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago. Momentu oro uneko krisiaren arabera ibiltzen gara, gehiago edo gutxiago.

Nola gogoratzen duzu hastapenen denboraldi hura?

Niretzat oso garrantzitsua izan zen. Nik, orduan, 18 urte izango nituen, eta Laboa batekin hasi nintzen jotzen, Lertxundi batekin. Han zeuden Lete eta Lurdes Iriondo ere. Hori izugarria izan zen niretzat. Airean bizi nintzen, amets batean bezala. Argia taldea ere garrantzitsua izan zen niretzat. Taldearekin alde batetik bestera ibiltzen ginen. Beti, taldean bertan, asko ikasten zen, eta hori oso erakargarria da.

Asko bidaiatzen zenuten?

Argia taldearekin bolada bat izan genuen ia urtero bidaia bat egiten genuela. Benitorekin, ez. Ez zaio gustatzen etxetik ateratzea; etxetik kanpo lorik ez omen du hartzen [barreak]. Argian, gainera, talde txiki bat genuen, txaranga txiki bat, eta dantza taldea, nahiz eta etxetik ez mugitu, alde batera eta bestera ibiltzen ginen. Eta bai, hainbat leku ezagutu ditugu, Europako herrialde asko. Hemendik iparraldera gehienbat. Hegoaldera ez gara asko joan. Espainia inguruan ez ginen ibiltzen, baina iparraldean, bai.

Jo duzuen denbora horretan historiako une asko musikatu dituzue. Gogoan gordetzen duzu une bereziren bat?

Niretzako oso garrantzitsua izan da, adibidez, duela bi urte Benitori eman zioten Gipuzkoako urrezko domina. Pozgarria da, urte pila bat pertsona batekin ibili nola edo hala, ahal duzuna egiten, behintzat, eta gero horrelako instituzio batek errekonozimendu bat egitea. Sari horren zati txiki bat sentitzen zara pixka bat. Horrez gain, nik asko ikasi dut Benitorekin. Eta nire bizitza zorte bat izan da horrelako pertsona baten inguruan egotea. Ez Benitoren aldamenean bakarrik, baizik eta ondoan izan dituen musikarien alboan. Benitok badaki zeinengana jo, eta zein ekarri talderako. Benetan oso onak izan dira musikariak. Ni beti ibili naiz tradizioaren munduan, musika tradizionalaren eta euskal musikaren inguruan. Gainontzeko musikariak oso-oso onak izan dira beti. Gaur egun, adibidez, ikusi besterik ez daukagu zein talde daukan. Zorte bat izan da niretzat.

Eta alderantziz ez, ala?

Ni ez naiz akademiako musikari bat; nik kalean ikasi dut jotzen. Ni nire garai haietan ezin nintzen joan eskola batean gaita ikastera; zure kabuz ikasi behar zenuen. Txistua ikasteko, bai, irakasle bat izan nuen, baina, hori alde batera utzita, gainontzeko instrumentu guztiak nire kabuz ikasi ditut.

Ordu asko sartu izanen dituzu.

Orduak, denak. Baina gustuko nuelako ere bai. Nik nahi nuelako, eta behar nuelako. Gauza batekin hasten zarenean, jarraitzen duzu, eta gero eta gehiago eskatzen diozu zure gorputzari. Horrela lortzen dira gauzak; ez da beste modurik.

Kantak eta partiturak nondik lortzen zenituen?

Zoritxarrez, ez genuen Internetik! Irakasleek sekula ez didate ezer eman ikasteko. Zergatik? Niri ez zitzaizkidan interesatzen ikasleari interesatzen zitzaizkion gauza berberak. Nik, adibidez, Berrizko dantzari dantza ikasten nuen, eta nire txistu irakasleak ez zekien zer zen hori. Orduan, Alejandro Aldekoa txistulariari jasotzen nizkion doinuak, eta ikasi egiten nituen. Baztango mutil dantzak, adibidez. Maurizio Elizalderekin, mutil dantza eta beste hainbat dantzaren artean, 23 ikasi genituen. Horiek ez dituzte akademietan irakasten. Horiek belarria jarriz ikasi behar dira. Partiturarik baduzu, zortea daukazu. Normalean ez dira egoten; ikasi eta jo egin behar dira.

Belarri ona duzu, orduan.

Esan genezake belarria badaukadala!

Lertxundirekin jotzen, kanta guztiak hark ontzen zituen?

Berak egiten zituen denak. Musika, hitzak eta partiturak Benitok jartzen ditu. Batzuetan hitzak bidaltzen dizkiote, eta berak jartzen die musika. Baina hasieratik ateratzen ez bazaio... Gaizki! [barreak]. Ikaragarria da horretan. Benitok hitz batzuk hartzen ditu, eta, askotan, musika momentuan sortzen zaio. Gero, noski, lantzen du. Baina gehienetan bat-batean izaten da. Hor gauza oso onak ateratzen dira. Barrenetik ateratzen zaizun gauza bat da.

Ba al dago gustukoen duzun kantu edo lanik?

Niri ikaragarri gustatzen zaizkidanak dira nik parte hartu nuen lehenengo bi diskoak: Zuberoa eta Altabizkar. Behin edo beste komentatu dugu horien beste bertsio bat egin beharko lukeela orkestrarekin, baina ez da animatzen. Niretzat musika sinfoniko ederrak dira.

Zuk musikarik ontzen al duzu?

Noizbehinka gauza txikiak egiten ditut, plazetan jotzeko. Baina nik ideia bat dut: musika tradizionalak orain arte iraun du. Zergatik izan da? Ona delako, dudarik gabe. Zer egin behar duzu? Hain ausarta zarenez, hori hobetzeko ideiarekin etorriko zara? Pentsatzeko modukoa da. Hori hobetzea oso zaila da. Bitxikeriaren bat esku artean ez baduzu, behintzat. Horrekin konformatzen gara, gure aurrekoek utzi diguten ondare horrekin.

Instrumentuetarako ere jaioa zara.

Txistua jotzen dut. Soinua utzi nuen, eta bonbardinoa oraindik jotzen dut zenbaitetan. Baina Argia taldean sartu eta gero, dultzainak jotzen ikasi nuen. Esan behar da historian hemen, Euskal Herrian, hiru xirularru mota izan ditugula. Orain desagertuta daude zeharo. Berreskuratzen ari dira. Adibidez, Juan Mari Beltranek, Oiartzunen [Gipuzkoa], sekulako lana egiten du hori berreskuratzeko. Ni Argian sartu nintzenean, berreskuratu genuen Iparraldeko gaita txiki bat. Euskal Herriko beste bi xirularru mota izan dira: Pirinioetan jo izan dena, handiagoa, eta Araban jo izan dena, Galiziakoaren antzekoa.

Baduzu altxorrik zure instrumentu bilduman?

Gustatzen zitzaidalako lortu nuen gaita irlandar bat, inork behartu gabe. The Chieftains taldea da folk munduan dagoen talderik garrantzitsuena. Paddy Moloney delako horrek uillean pipes gaita irlandarra jotzen du. Haren bidez lortu nuen nik bat. Gaita historiko bat da nik daukadana, zaharra, Kennedy markakoa, eta izanen ditu ehun eta hogei bat urte inguru. Zenbait instrumentu mota izatea beti interesatu zait. Beste gauza bat da erosterik baden edo ez.

Baina zuk afizioa eta ofizioa uztartu dituzu, ez?

Lehendabizi, afizioa. Adibidez, Benitorekin hasi nintzenean, nik jada Argia taldean jotzen nuen. Hori afizioa zen. Gero, Benitorekin ofizio bihurtu zen. Musikak herri honetan ez du ematen bizitzeko. Orduan, etxez etxe tresnak konpontzen bizi izan naiz. Kontuan hartuta erretreta hartu dudala, berriro afizioa da.

Erretiroa hartuta ere, jarraitzen duzu musikaren munduan?

Jarraitzen dut, zaletasun moduan. Igande goizetan jotzen dugu, taldetxo batekin. Irunen daukat pifanoen talde bat. Horrekin dezente bidaiatzen dugu; alde batera eta bestera joaten gara. Orain ikasteko gogoz nago. Trikitia jo nahiko nuke.

Erretiroa behar baino goizago hartu duzu?

Urtebete falta nuen, baina jada aspertuta nengoen lanean. Nire kontuak atera nituen, eta momentuan hartu nuen erabakia.

Orain astia duzu nahi adina musika jotzeko?

Egunean ordu pare bat besterik ez dut jotzen. Boladak izaten dira. Instrumentu bati gogoa hartzen badiozu, denbora eskainiko diozu. Konpromiso bat baldin bada edo zerbait ikasi behar baldin bada, gehixeago.

Lertxundiri ere erran diozu agur?

Hainbeste urte egin eta gero, pena handia eman zidan joateak. Gainera, bera oso atsegina da, tratua oso positiboa da harekin.

Hemendik aurrera zein asmo dituzu?

Herriko plazetan jotzen jarraituko dut, ahal dudan gehien. Musikariak ez gara sekula erretiratzen musikatik. Hor jarraituko dugu, eta ikusiko dugu beste zer edo zer ateratzen den. Adibidez, pelikula baterako deitu didate txistua jotzeko. Kolaborazioak beste taldeekin ere ateratzen dira. Eta egiten ditugu.

Ezaguna bazara, orduan.

Musikarien artean ezaguna naiz, noski, eta urteak baditut. Horrek erran nahi du esperientzia badudala. Esperientzia baldin baduzu, jendeak zurekin kontatzen du, edo aholku bila doakizu.

Ez duzu sekula pentsatu sarean profilik egitea ezagutarazteko?

Ez naiz zalea. Niretzat, musika momentuan egiten da, eta kito. Plazaren erdian jartzen zara, jendeak entzun edo dantzatu egiten du, eta kito. Zer egin behar duzu, hori Internetera eraman?

Musikari askok egiten dute.

Niretzat ez dauka zentzurik nik egiten dudana Interneten jartzeak. Musika zuzenean bizi behar da. Halere, Interneti esker gauza asko ikasten dira. Baina musika bizia da, pasatu egiten da. Etorri, zain zaude, jotzen duzu, pasatzen da, eta bukatu da. Bihar berriz; eta, horrela, nahi duzun guztietan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna