OROITARRITIK. Pello Argiñarena. Irrati esataria

«Prestatu gabeko uneak dira politenak»

Iruñeko festetan, bermutaren edota erraldoi konpartsaren pareko tradizio bihurtu da Euskalerria irratiaren 'Sanfermintza' saioa. Goizero, festaren bihotzetik zuzenean aritzen da Pello Argiñarena.
IDOIA ZABALETA / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko uztailak 15
O plazako behin-behineko estudioa prestatu bitartean erantzun die galderei Pello Argiñarena kazetari eta irrati esatariak (Iruñea, 1966). Erritmo bizia darama sanferminetan, hamaika buruhauste eragiten baititu goizero-goizero zuzeneko magazina ekoitzi behar izateak.

Non zinen 1978ko uztailaren 8an?

Ikastolako lagunekin, Santa Ana plazan. Sanferminetan, barraka bat jartzen zuten han, eta, egun hartan, OHOko 6. mailako ikaskideok txanda genuen barran. Istiluak hasi zirenean, plazan itxita gelditu ginen: gurasoek hesia jarri, eta han egon ginen, giroa baretu arte. Orduan, ziztu bizian alde egin genuen etxera, Taconera parketik. Atzo izan balitz bezala gogoratzen dut.

Zuk 11 urte zenituen. Ulertzen al zenuen zer ari zen gertatzen?

Bai, bai. Gure familia oso politizatua zegoen. Gure aitaren etxean 15 anai-arreba ziren, eta horietako bi ETAkoak ziren, kartzelan egondakoak... Ordurako ederki ezagutzen genuen testuinguru politikoa, txiki-txikitatik jaso baikenuen.

Euskalerria irratian urteak daramatzazue sanferminetan zuzeneko saio berezia egiten. Besteak parrandan dabiltzan bitartean lan egitearena ongi daramazu?

Nik, behintzat, gozatu egiten dut irratia kalera ateratzen dugunean, eta, gainera, festaren bihotzetik gertu jartzen dugu estudioa, O plazan. Horrek aukera ematen digu festaren protagonistak ekartzeko eta solasean gustura aritzeko: konpartsako lagunak direla, peñakideak, sariren bat jaso dutenak, entzierroko lasterkariak, ordezkari politikoak, musikariak...

Saio plural eta koloretsua egiten duzue...

Bai, bi orduko magazinean ezin da dena sartu, baina saiatzen gara, behintzat, sanferminen lagin bat mikrofono aurrera ekartzen. Festaren zatitxo bat. Izaera ireki horri esker, harreman eta nahasketa bitxiak sortzen dira hemen: Joseba Asiron alkatea eta Yogurinha Borova, Las Tipex punkiak eta Hezkuntza kontseilaria, rap abeslariak eta mariatxiak... Askotariko jendea ekartzen dugu irratira.

Aldaketa politikoa udalera iritsi zenetik, agertokia jarri diote Euskalerria irratiari, baina lehen ez zen horrela, ezta?

Ez. Lehen urteetan, Niza kafetegitik zuzenean egiten genuen saioa. Barruan atontzen ziguten espazio bat, eta leihatila bat irekitzen genuen, kalearekin kontaktua izateko. Leku ederra zen, festaren erdigunean, baina agian ez zen kokagunerik aproposena zuzeneko irratsaio bat egiteko: konplikatua izaten zen lan egitea, jende mordoa ibiltzen zelako. Gero, hainbat urtez, Zaldi Zuria tabernako terrazara eraman genuen Sanfermintza saioa, eta eskertzekoa da hango jabeek erakutsi zuten eskuzabaltasuna. Dena den, uste dut denok nahiago dugula gaur egungo egoera.

Zuzeneko saio asko egin dituzu sanferminetan. Pasadizorik gogoratzen al duzu?

Bai. Gogoan dut, adibidez, uztailaren 14 batean, abeslari ezagun bat gonbidatu genuela Zaldi Zuriko agertokira. Euri zaparrada bota zuen egun hartan, eta bakar-bakarrik gelditu ginen abeslaria eta irratiko bi kazetari. Ez zen beste inor gelditzen terraza hartan, eta hortxe ari zen abeslari gaixoa, euripean, mikrofonoarentzat abesten. Tira, pasadizo deprimigarri samarra kontatu dizut, baina baditugu alaiagoak ere, ez pentsa!

Nolakoa da sanferminetako egun bat zuretzat?

Corte Inglesen ordutegia daukat: 10:00etan hasi eta 22:00etan bukatu. Tamalez, kuadrillan, seme-alabek baldintzatzen digute festa. Nik ez dut, baina nire lagunek bai, eta gaztetxoek egiten dutenaren arabera ibiltzen gara, alde batera zein bestera. Hori da aldagai nagusietako bat. Bestea adina da: nik 50 urtetik gora ditut, eta, edonora noanean, esertzeko tokia bilatzen dut. Taberna batera joanen gara? Bai, baina esertzeko tokia izan dezala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ion Orzaiz

Informazio osagarria