ATZEKOZ AURRERA

Dagoeneko ez daude bakarrik

Nafarroako Gobernuak omenaldia egin die 36ko gerrako biktimei, eta eskerrak eman bide bazterretatik gorpuzkiak ateratzeko lana egin zutenei. Duela 40 urte hasi ziren horretan.
Lore eskaintza 1936ko biktimen omenez, Nafarroako Gobernuak atzo antolatutako ekitaldian.
Lore eskaintza 1936ko biktimen omenez, Nafarroako Gobernuak atzo antolatutako ekitaldian. IDOIA ZABALETA / FOKU

Iker Tubia -

2018ko irailak 16
Beste hainbeste bezala, bide bazterretara jo zuen Salvador Miguelek duela 40 urte. Sartagudako (Nafarroa) alkate izan zen 1979. eta 1983. urteen artean. Haren aita Francisco, UGTko jornaltiarra, 1936ko urrian hil zuten, beste 40 herritarrekin batera. Aitaren bila zebilen Miguel. Halako batean, polizia batek baimenik ba ote zuen galdetu zion. Argi erantzun zion: «Gurea dena ateratzera gatoz, eta ez dugu inoren baimenik behar. Baimena hau egin zuenak behar zuen. Joan harengana, eta eskatu, agian oraindik bizi da eta». Duela bost urte hil zen Miguel. Ezin izan du Nafarroako Gobernuaren esker ona jaso.

Eguzkiak gogor jo zuen atzo Sartagudako Memoriaren parkean. 1936an hildako 3.444 nafarren izenak gordetzen dituen paretak gutxitan izaten du hainbeste jenderen bisita. Izen horiek aurreskua eta loreak jaso zituzten atzo erakundeen zein herritarren eskutik. Gobernuak parke hartan antolatzen zuen lehenbiziko ekitaldia izan zen. «Nafarroak ezin zuen gehiago itxaron», Uxue Barkos lehendakariaren aburuz: «Aspaldi kitatu behar genuen zor instituzional hau, baina orain egin dugu». Hamar urte dira parkea ireki zutenetik. Atzokoak biktimak «aitortzeko» eta «erreparatzeko» helburua zuen.

Ekitaldi solemnea izan zen, mezu zuzen, argi eta sendoek biribildu zutena. Nafarroako bandera buru abiatu zen ekitaldia. Gaitaren doinuei jarraikiz sartu ziren parkean, Atariaren besarkada zeharkatuta. Atzean, Nafarroako lehendakaria, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea, Paolo Albanese Sartagudako alkatea eta Pablo Azkona Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria.

Egun berezia zela argi geratu zen kargu publiko kopuruarengatik. Ana Ollo eta Ana Herrera kontseilariak eta Alvaro Baraibar Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendaria han ziren, zenbait parlamentarirekin batera. Geroa Baiko, EH Bilduko, Ezkerrako eta PSNko kideez gainera, Javier Esparza UPNko burua ere han izan zen, bere alderdiak Francisco Franco diktadorea Madrilgo Erorien Haranetik ateratzeko mozioari babesik agertu ez eta bi egunera. Memoriaren parkea inauguratu zutenean ere ez ziren agertu.

Nafarroako banderari agurra egin, eta alkatearen hizketaldia aditu ondotik, Aurea Jaso, Julio Sesma eta Josefina Campos igo ziren oholtzara, haien familiako kideen gorpuzkiak bide bazterretan bilatzen aritu direnen ordezkari. Hitz zintzoak eskaini zituzten, eta une hunkigarriak bizi izan ziren. Camposek, adibidez, ezin izan zien malkoei eutsi bizitakoa kontatu bitartean.

Martzillan (Nafarroa) hasi zen Itzulera operazioa, 1978an, «frankisten kolpe militarraren ondoren hil zituztenak etxera ekartzeko operazioa», Camposek azaldu zuenez. Martzillakoak «adorea» eman zien beste herrietako familiei, bide bera hartzeko. Camposek Azkoiengo (Nafarroa) taldea jarri zuen martxan. «Azkenean iritsi zen gure familiako kideak etxera ekarri eta duintasunez lur emateko garaia». Bilaketa horretan, «sarraskiaren» egileek ez zituztela lagundu salatu zuen, eta haien lana oztopatzen eta gelditzen saiatu zirela. Erakundeek bizkar emanda, haien kabuz egin zuten lan guzia. Hala ere, bidelagunak izan zituzten: «Han eta hemen jende anitzek lagundu gintuen, eskuzabalki. Inoiz ez dugu ahantzi: eskerrik asko, bihotz-bihotzez. Eta haien artean, Jose Maria Jimeno Jurio». Frankistei men egin ez zieten apaizak ere gogoratu zituen.

Familia handi baten sorrera

Sartagudako alkateak hizketaldi sentituan gogorarazi zuen bide bazterretan haziak landatu zituztela frankistek, oharkabean. Familia handi bat da loratu zena. Bide bazterretan gorpuzkiak bilatzen ibili ziren guziek osatzen dute familia hori. Horretan bat egin zuten atzo oholtzara igo ziren hiru ordezkariek. Herri guzietan lanean aritu zirenek elkarri lagundu zietela aintzat hartu zuten hirurek. «Herri guzietan izan ginen, hiletaz hileta eta hobiz hobi. Familia guziak elkar harturik ginen», azaldu zuen Jasok.

Sesmak esker oneko hitzak izan zituen Nafarroako Gobernuarentzat, memoria historikoaren alorrean egindako lanarengatik, eta lan horretan jarraitzeko beharra azpimarratu zuen. Barkosek erantzun zion: «Zin egiten dizuet gobernu honek irmo segituko duela gertatutakoaren memoriaren defentsan. Zuzentasun kontua da».

Hala, omenaldiaren bitartez, erakundeek duela 40 urte herritarrek haien ekimenez hasitako bidearen lekukoa hartu zuten atzo Sartagudan. Lekukoa bai, oraindik ere bide luzea dagoelako egiteko. Sesmak ongi azaldu zuen hori: «Oraindik familiakoak bilatzen jarraitzen dugu mendi eta bide bazterretan. Oraindik egia asko atera behar dira argitara, eta epaiketa asko deuseztatu. Oraindik eskatzen dugu egia, justizia eta aitortza». Bide horretan, dagoeneko, ez daude bakarrik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna