ATZEKOZ AURRERA

Hemeretziko danbor hotsak

San Sebastian egunaren bezperan, Katalina Erauso, Afede, Gaztelubide Txiki eta Kresala Txiki danborradetako neska-mutikoak izan dira danborra astintzen aurrenekoak.
Gaztelubide Txiki danborradako neska batzuk danborra jotzen, atzo arratsaldean, Parte Zaharrean.
Gaztelubide Txiki danborradako neska batzuk danborra jotzen, atzo arratsaldean, Parte Zaharrean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Urtzi Urkizu -

2019ko urtarrilak 20
Zortzi ordu eskas falta dira San Sebastian eguna hasteko, eta lehen danbor hotsak Amara auzoan entzun dira. Katalina Erauso ikastetxearen danborradako neska-mutikoek hasi dute bidea. Haien atzetik doa, irribarre batekin, Dominikar Errepublikan jaiotako Alexandra Ramirez: «Semeak eta alabak txikitatik oso gogoko izan dute danborra jotzea». Jotzen lehenengoak izatea berezia da, Beatriz Posada danborradako antolatzailearen iritziz: «Neska-mutikoek ilusio eta gogo handiz bizi dute eguna. Festari aurrea hartzen diogula esan daiteke». Jatorri aniztasuna dago Amarako danborradan. Mongoliako Zulah Munkraak senideak ditu bertan jotzen: «Jaia oso ondo dago». Boliviako Carmen Huarachik esan du Iker eta Gerardo Higueras semeek asko gozatzen dutela jaiarekin: «Igandean ere joango gara danborradak ikustera».

Tximeletak txarangaren doinuen laguntzaz ari dira neska-mutikoak danborrari ekin eta ekin. «Ponpoxoen oinordekoak gara», esan du Alfonso Soage tronpeta jotzaileak. 43. danborrada du aurtengoa. «Urte batzuetan, 24 ordutatik 22 ordutan aritu izan gara jotzen, baina, gaur egun, halakorik ez», esan du Soagek, umore onez. Hiru danborradekin joko dute aurten. Jesus del Amo da txarangako beste beterano bat, eta Katalina Erausokoekin hastea «zoragarria» dela iruditzen zaio: «Erosoa da, geldialdiak daude. Gauean datorrenerako berotuz joateko egokia». Kofradietako plazaren etena garagardo bat hartzeko baliatu dute. Haurrek Gibelurdin tabernan dute zain merienda. Txupatxus eta guzti.

Hasi dira berriz neska-mutikoak jotzen, Estela Usonen gidaritzapean. 11 urte ditu. «Oso zoriontsu nago. Asko entseatu dut». Hari begira harro daude Jose Maria Miñes eta Maria Teresa Torres aitona-amonak. «Primerakoa da auzoan danborrada ikustea festa ofiziala piztu aurretik», esan du Miñesek.

Jende gutxi dabil Amarako kaleetan; ez du ilundu. Lucia Montenegro Madrilgo turista propio danborrada ikustera iritsi da Gipuzkoako hiriburura, bikotekidearekin: «Ez genuen inoiz ikusi, eta bagenuen gogoa».

Isabel Martin 82 urteko auzotarrak, berriz, urtero ikusten du Katalina Erausokoen danborrada. «Haurrak jotzen ikusteak poz handia ematen dit». Igandean San Sebastian martxa kantatuko du Martinek, Rosarioko koruarekin, 11:30eko mezaren ostean.

Igandeetako mezetan baino askoz jende gehiago bildu da, bestalde, Parte Zaharreko San Bizente elizan 18:30ean. Ez apaiza entzuteko, Kresala txiki danborradakoak entzuteko baizik; Parte Zaharreko Los Angeles ikastetxearena zen danborrada hori 1980ko hamarkadan, eta, neskek jotzen zutelako, garai batean ezin zuten jo San Sebastian eguneko haurren danborrada handian. Horregatik, 19an jotzeari ekin zioten. Ikastetxea itxi zutenean, Kresala elkarteak hartu zuen danborradaren lekukoa. Danbor hotsak sonoritate berezia du elizan. Ez dira han Kresala Txikiko guztiak, Abuztuaren 31ko kalean zain baitaude bi gazte zaldi gainean, eta beste bi ere bai, bata astoarekin eta bestea kanoiarekin. Upel jotzaileak elizatik irten eta jotzen hasi direnean, adin desberdinetako herritarrak gorputza mugitzen hasi dira erritmoan. Haietako batzuek ume txikiak dituzte besoetan. Gozatzen ari dira denak.

Gaztelubidetik plazara

Abuztuaren 31ko kalean jarraitu du Kresala Txikik. Eta, kale horren amaieran, Santa Maria eliza pasatu eta gero, Gaztelubide Txiki danborradako gaztetxoek —6 eta 15 urte artekoak dira— jendetza dute aurrez aurre, jotzen hasi aurretik. 2011n sortu zuten danborrada, eta Aitziber Etxegarai antolatzaileak esan du batik bat bazkideen seme-alabek eta ilobek jotzen dutela. «Lagunenek ere bai». Gauerdira iritsi aurreko orduak bereziak direla gaineratu du: «Emozioz bizi ditugu ordu hauek, urduritasun pixka batekin, dena ondo joatea nahi baitugu».

Gaztelubide Txikin jotzen hiru biloba ditu Antxon Mansonek, eta petril batera igo da haiek ikusteko. «Hemen dago jai hasieraren muina», esan du. Pablo Ortega —13 urte ditu— danbor nagusia «gogotsu» dago, «gozatzeko gogoz». Haren makilak punta berezia du, izar formarekin. Ekin dio bere lanari, eta hasi dira jotzen. Diana hasteko, eta San Sebastian martxa gero. Aho batez: «...kalerik kale/ danborra joaz/ umore ona zabaltzen/ hor dihoaz...». Parte Zaharreko kaleetan sartu dira neska-mutilak, udaletxe ondotik pasatu —udaletxe barnean, ordu berean, Hiritar Merezimenduaren Dominak jaso dituzte Eragin elkarteak, Hazi eta Ikasi-k, Elizaran ikastetxeak, Gaztetxo antzerki eskolak eta Ancorak—, eta Konstituzio plazan jo dute gero.

Gaztelubideko helduek afaria angulekin izan dute. Afalostean, Konstituzio plazarako bidea hartu dute; Gauerdian, San Sebastian martxa: «Bagera! Gu ere bai! Gu beti pozez, beti alai, beti alai».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna