ATZEKOZ AURRERA

Gau bat auzoa argiztatzeko

Gau Irekiak ekitaldi artistikoz bete ditu Bilboko San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoak. Inguru horretako bizitasuna bistaratzea da Sarean elkartearen asmoa.

Hibernando kolektiboko kide bat pertsianak margotzen, Bilbon, Gau Irekia egitasmoaren barruan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Eguerdian hasi, eta arratsaldeko zortzi eta erdietarako amaitu zen atzo gaua Bilboko San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetan. Sarean elkarteak 2012an jarri zuen martxan Gau Irekia izeneko egitasmoa, eta auzoan dagoen mugimendua eta errealitatea ezagutaraztea izan ditu helburu hasieratik, hedabideetan maiz inguru horri guztiari buruz ematen den irudi partzialarekin hausteko. «Oraindik ere oso estigmatizatuta daude auzo hauek», onartu du Maria Larramendi antolakuntza taldeko kideak. «Hemengo aberastasuna ospatzeko eta goratzeko antolatzen dugu hau, eta esateko erreferentzia batdela bizikidetzaren arloan».

Urtez urte, haziz joan da proiektua, eta hirurogei gunetan sakabanatutako ehun ekitalditik gorako programa bat osatzera heldu ziren iaz. Hasiak ziren egunez ere tailerrak eta kultur saioak antolatzen, baina pandemiarekin heldu da azken paradoxa: etxeratze aginduaren eraginez, gaua hasi ere egin baino lehen amaitu behar izan dituzte aurtengo emanaldi guztiak. «Ez genekien egin ahalko ote genituen ere, eta, moldaketak moldaketa, oso pozik gaude horregatik bakarrik».

Salgai, alokatzeko edota salgai eta alokatzeko dauden etxabe zerrenda luze bat lehenik, eta bi eskale, aurreraxeago, etxe atari batean euriaz aterpe hartuta, Coca-colaren logotipodun edalontzi hutsei helduta elkarrekin solasean. Jendea han-hemenka, tantaka, aterkipean. Eta Pablo Eskauriaza, metro gutxi batzuetara, esprai sorta batekin, anorakak bilduta eta kaskoak jantzita, L. E. Flaco rap abeslaria entzuten, eta Togoren eta Euskadiren arteko anaitasuna aldarrikatzen duen elkarteko pertsiana itxia margotzen. Urteak daramatza auzoan bizitzen, eta bertan egiten du lan ere. Hibernando estudioko kide ere bada, eta urtero hartzen du parte Gau Irekian. Aurten, bi emakumezkoren aurpegiak irudikatu ditu Txar artistarekin elkarlanean. «Jendearekin topo egitea izaten da halako egunek duten politena. Degradatutako inguruak bilatzen ditugu beti, haiek berreskuratzeko, eta, horri esker, ez dugu margotzeko baimenak eskatzen ibili beharrik».

Izan ere, Eskauriazaren arabera, Bilbo ez da bereziki leku ona kale artistentzat. «Dena debekatuta dago hemen. Espazio komertzialak bakarrik pintatzen dira publizitatearekin. Ez dago askatasunik. Auzo honetan eta Deustuko txoko batzuetan bakarrik margotu daiteke zerbait, eta, aldiz, ezinezkoa da Indautxun, Zabalgunean eta Zazpikaleetan ezer pintatzea; publizitatea bakarrik egin daiteke hor, eta, zer nahi duzu esatea, oso polita izango da, baina ez dut uste hori artea denik».

Eskulturak 24 eskutara

Guztira, 57 kultur ekitaldi antolatu dituzte aurtengo Gau Irekian, eta hiru auzoetako 29 gunetara zabaldu dute eskaintza. Esate baterako, Sarean elkarteak Mariaren Bihotza plazan daukan egoitzan jarri dituzte Carta Ciana erakusketako argazkiak Flora Alya Pozzobon eta Miguel Virizuela artistek. Lehen bisita hasterako, herritar gutxi batzuk zain jadanik atean. «Besteak etorri aurretik egingo dugu bisita, nahi baduzue». Brasilgoa da sortzez Alya Pozzobon, baina bi urte daramatza auzoan, eta bertan ateratakoak dira erakusketako irudi guztiak ere. Wikitoki espazioak sustatutako egonaldi artistiko bati esker sortu dute lana, eta auzoa izan dute helburu. «Zer da San Frantzisko? Hori jakin nahi genuen. Baina nola egin ihes hari buruzko kontakizun hegemoniko izugarriari?». Horregatik, ikusezin diren errealitateak bistaratzea izan dute erronka, eta eskuz egindako errebelatu teknika bat baliatu dute horretarako: celotipia.

Metro gutxi batzuk Maiatzaren 2a kalean behera, eta zeramika tailer bat hastear Sutan elkartearen egoitzan. Hiru buztin multzo handi mahai gainean, eta sei laguneko talde bat haren bueltan, CristinaPeraile eta Urotz Deusto zeramikagileek emandako azalpenei adi. Lehenak baino ez dira, ordea. Beste hiru seikote pasatu dira mahai beretik gero, eta aurreko taldeak utzitako lekutik jarraitu beharko dute buztina lantzen. Peraile: «24 pertsonaren esku hartzea izan duten hiru eskultura komunitario izango dira azken emaitza; labean egosi, eta enkantean jarriko ditugu, auzoko elkarte batentzako dirua biltzeko».

Antolatzaileek bazuten jaialdia berrantolatzeko asmoa. Pandemiak prozesua bizkortu du. Larramendi: «Gaindimentsionatuz joan da kontua, eta formatua txikitzeko beharra ikusi genuen iaz: ekitaldien jarraipena egin ahal izateko eta erlazioak apur bat zaintzeko». Haren hitzetan, handiak baitira auzoko elkarte kopurua eta antolakuntza maila. Lanerako gogoa eta saretze kolektiboa ere nabarmentzekoak direla uste du. Halakoak ezagutarazi nahi ditu Gau Irekiak; hori ere badelako San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalaren parte. «Auzoa beste begirada batekin ezagutzeko gonbidapena da hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.