ATZEKOZ AURRERA

Eternitatea zutunik

Alfaroko hilerria toki berezia da. Han ikus daiteke Europako hilobi bertikal bakanetakoa, Jose Mauleonena. Zutik ehortzi zuten, 1869an, maite mina zegoen panteoiaren aurrean.

Jose Mauleon nafarraren hilobi bertikala, haren maite mina ehortzi zuten panteoiaren aurrean. URTZI URKIZU.
urtzi urkizu
Alfaro
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Mendabiako (Nafarroa) lur jabe baten semea zen Jose Mauleon Gimenez. Aberatsen familia bateko langilearekin maitemindua zen; emakumea gaixo hil, eta, bera ere oso gaixo zelarik, eskatu zuen zutik ehortzi zezaten. Hala dago, 1869tik, hilobi bertikalean, Kuban jaiotako maite mina ehortzi zuten panteoiaren aurrean, hari begira. Alfaroko hilerrian (Errioxa, Espainia; Castejondik —Nafarroa— sei kilometro eskasera) ikus daiteke hilobi bertikala, Europako bakanetakoa.

Parte zaharrean, zikoinak ikusteko toki onenean, Azkoitian (Gipuzkoa) jaiotako fraide baten ahotik jakin du kazetariak hilobi bertikalaren istorioa. Hilerriaren ezkutuko istorioak gehiago izango dira, baina Mendabiako maiteminduarenari lerro batzuk eskaintzen dizkio sarrerako plakak.

Hilerrian barneratu eta metro gutxira, ezkerraldean 36ko gerra galdu zutenen omenezko hilobi hornitua ageri da. Alboetan, Espainiako Errepublikaren bi bandera, eta erdian, eskultura bat, gerrako biktimen oroigarri.

Aurrerago, albo batera, 36ko gerra irabazi zutenen hildakoak daude. Obelisko bat ere han da, faxistaren baten omenez jarria.

Eta, nazionalen omenezko hilobiak dauden tokitik metro gutxira, han da Jose Mauleon Gimenezen hilobi bertikala. Eremu modernoenean da lanean hilerriko langile bat, baina patxada hartu du Mauleonen istorioaren ingurukoak kontatzera joateko.

Langileak —ez du izenik eman— ez du presarik. Saenz de Heredia eta Suarez de Argudin familien panteoira gerturatu, giltzak hartu, eta barnera sartzeko gonbita egin du. Aldare txiki bat du barnean, eta beherantz begira jarri da langilea. Kontatu du Saenz de Heredia eta Suarez de Argudin familiek beren panteoian ehorzten zituztela etxeko langileak XIX. mendean. Mendabiako gaztearen maite min kubatarra ere bai. Baztanga gaitzarekin hil zen emakume hura, gazte. Mauleon ere kutsatu zen baztangarekin, eta Gonzalez de Santacruz koinatuari egin zion eskaera: hilobiratu zezatela zutik, maite mina zegoen parean, eternitate osoan hura zaindu eta hari begira egoteko. 28 urterekin hil zen Mauleon.

Nabari da ondo zainduta dagoela hilobi bertikala. Panteoiak ere ez du batere itxura txarrik; atean lore sorta txiki bat du, nahiz eta hilerriko langileak nabarmendu duen familia jabea aspaldian bizi dela urrun; AEBetan batzuk, Alemanian besteak...

Tontorrean, bestalde, ez da gurutze katolikorik, lau kalamu kimuren eskulturak baizik. Ez daohiko panteoi bat: XIX. eta XX. mendeko istorio gehiago gordetzen ditu. Langileak azaldu duenez, familiako andrea maitale batekin batera ehortzi zuten, eta senarra, beste maitale batekin. Haien oinordekoek baino istorio gehiago ezagutzen dituela aitortu du, irribarrez. Han behean badela «nahasmena», hezur artean. Jose Antonio Primo de Rivera Espainiako Falangearen sortzailearen amaren eta aitonaren hezurrak han dira. Baita Jose Luis Saenz de Heredia zinemagile eta gidoilariarenak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.