ATZEKOZ AURRERA

Jaioterriko egoslekuetan

'Xabier Leten barrena' ibilbidea egin dute Oiartzunen, olerkari eta musikariaren jaioterrian. Haren bizitzako pasarteak gogoratu, eta sormenez betetako geldiuneak egin dituzte.

Oier Guillan eta Lohizune Telletxea antzerkigileak, atzo, Xabier Leten barrena ibilbidean. J. C. RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
Oiartzun
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Lourdes Iriondo duela hamabost urte hil zen egunean Bianditz mendia elurtuta agertu zen, duela hamar urte Xabier Lete hil zenean —abenduaren 4an— bezala. Atzo bezalaxe. Aintzane Galardi, errezitatzen: «Gaur arratsaldean elurra ikusi dut Bianditz mendiaren hegal gailurretan... goiko mendian elurra dago, errekaldean izotza». Xabier Leten barrena txangoa egin zuten atzo Oiartzunen (Gipuzkoa), Hitzen Lihoa kultur zikloaren barne. Leteren gertukoek eta askotariko artistek ondutako ibilbide biografikoa izan zen.

Oiartzungo herritarrek badute nor omendu. Atzoko egunez hil zen duela hamabost urte Juan Mari Lekuona olerkari eta ikerlaria. Haren etxe azpian egin dute geldiunetako bat. Julian anaiaren alabak, Oihana Lekuonak, gogoratu du «unibertsitatea» izan zela etxe hura Leterentzat. «Lekuonatarren ama Tiburtzi Berasategi aipatzekoa da, emakumejantzia zen: bertso zaharren ezagutza handia omen zuen. Eta Tiburtziren ama, Kontxexi Gaztelumendi, baserritik igandeetan elizara jaisten zenean, bertso zaharrak erosten zituen. Hura zen baserrian irakurtzen zekien bakarra, eta denei erakusten zizkien bertsoak». Ez zen, beraz, Lete aitzindaririk gabeko etxe batera joaten, ezagutza bila. Arantxa Lete Xabierren arrebaren arabera, olerkariak «bigarren etxea» zuen lekuonatarrena. «Beste batzuen hitzetan, euskal kulturaren egosleku izan zen etxe hau», azaldu du Oihana Lekuonak. Etxe berean ezagutu zuen Letek Joxanton Artze. Geldiuneari akabera emateko, Juan Mari Lekuonaren Errotazahar maitea abestia kantatu dute Irati Odriozolak eta Ane Badiolak, gitarra jotzen Joxe Leon Amigorena lagun dutela.

Lourdes Otaegiren —Leteren obran aditua— arabera, Errotazahar maitea-n «ahozko literaturaren galeraren pena» islatu nahi zuen Lekuonak. «Ez Dok Amairu taldea saiatu zen galera horri buelta ematen. Hor egon zen bertso zaharrak berreskuratu eta gitarrarekin kantatzeko joera ere». Hitzok Ibargain parkearen gainaldean egin ditu Otaegik. Hain zuzen, inguru horretan Ez Dok Amairuk egin zituen entsegu eta emanaldi mordoxka.

Aldamenean dago Madalensoro kiroldegia ere, eta kontzertu arrakastatsuak eman zituen bertan Letek. Joxe Anjel Arbelaitz izan zen kontzertu haietako askoren antolatzailea, eta Putzutxo erreka kalean —Lete hamasei urtez bizi izan zen etxearen parean— gogoratu du ez zitzaiola batere erraza izan aurreneko aldian Lete kontzertuetarako konbentzitzea. «1985. urtea zen. Leteren eta Antton Valverderen kontzertu bat antolatu nahi genuen. Lete Gipuzkoako Diputazioan ari zen lanean, eta hamar bat aldiz joan behar izan nuen konbentzitzeko». Letek esan zion diputazioan lanean ari zenez, herriaren erdiak ez zuela «begi aurrean» ikusi nahiko. Arbelaitzek azaldu zion artista errespetatua zela, eta, azkenean,lortu zuten Madalensoron kontzertu bat antolatzea. Bete zen. Handik hiru urtera, toki berean egin zuten berriro. Gero, Arbelaitzek lortu zuen musika talde bat sortzea, Letek kontzertu gehiago eman zitzan.

'Neguaren zain'

Letek izan zituen gaitasunetako bat izan zen bertso zaharrak berreskuratzea eta bere ahotsez kantatzea. Jon Martin bertsolariak, herriko plazan, gogoratu du ez zela Oiartzun nolanahiko tokia bertsoak entzuteko, bertsolari oso onak zeudelako herrian. «Letek sekulako lana hartu zuen bertsoaldi onenak bildu, hautatu eta musikatu ostean berriro ere herriari eskaintzeko. Hori zen ondoena egiten zuena: herritik hartu, hausnartu eta mastekatu, eta berriro herriari eman. Gaur egungo bertso doinutegia ez litzateke gauza bera Lete gabe». Bina bertso kantatu dituzte Jon eta Alaia Martinek, Izarren hautsa-ren doinuan. Kanpaiak entzuten diren bitartean, Alaiak: «...zalantzan edo tristuran, sehaska bat dugu zugan».

Sehaskatik irten berria den haurren bat bada ibilbidean. Mutil koskorrak ere bai, lehen geldialdian, Landetxe plazan, Lete jaio zen plazan. Antzerki kontutan nola hasi zen gogoratu dute han Arantxa Letek eta Eugenio Arozenak. Lohizune Telletxeak eta Oier Guillanek antzerki pieza umoretsua egin dute. Gazteagoak helduagoarena egin du, eta alderantziz. Bat enborra, bestea zuhaitz ardaxka gaztea, eta literalki ureztatu egin du batak bestea. Antton Valverdek barre algara gehiago eragin ditu, Leterekin egindako bidaien pasadizoak gogoratu dituen momentuan.

Oiartzungo Udaleko kultura zinegotzi Iosune Cousillasek, Arizmendienean, herritarrak animatu ditu Lete irakurtzen, entzuten, kantatzen eta ikertzen jarraitzeko. Bi dantzari euripean, Xalbadorren heriotzean kantatzen duten bitartean. Eli Perezek Neguaren zain errezitatu du. «Ez nau izutzen negu hurbilak/ uda beteko beroan/dakidalako irauten duela/orainak ere geroan». Elurra eta negua heriotzarekin lotzen zituen Letek, Ainhoa Urien idazlearen arabera. «Bizitza naturaren zikloekin azaltzen zuen Letek. Neguak naturan heriotz txiki bat izaten baitu». Azken liburuko olerki batean, hala zion Letek: «...goiz batean izotza nagusituko da/ eta elkarri 'horra negua' esanen diogu/ baina izaki guztiek beraien ibilbidea jarraituko dute/bizitzaruntz». Horra negua!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.