Berta Caceresen hilketa. Epaiketa

«Zigorgabetasun itun bat dago»

Caceresen hilketaren epaiketa eten dute Hondurasen, bost babes helegite eta epaileen aurkako errekurtso bat aurkeztu baitituzte. Copinh indigenen kontseiluaren iritziz, auzitegia ez da inpartziala
Ustezko errudunetako zazpi, herenegun, Tegucigalpako auzitegi batean.
Ustezko errudunetako zazpi, herenegun, Tegucigalpako auzitegi batean. HUMBERTO ESPINOZA / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko irailak 19
Berta Caceres giza eskubideen eta indigenen eskubideen aldeko ekintzailea 2016ko martxoaren 3an hil zuten, Hondurasen. Caceresen eta haren senideen kexak eta eskariak alferrikakoak izan ziren, ekintzaileak hainbatetan salatu arren «bere atzetik» zebiltzala. Zazpi urte lehenago, CIDH Giza Eskubideen Amerikarteko Batzordeak Honduraseko Estatuari exijitu zion babes zezala ekintzailea, baina horrek ez zuen gertaturikoa eragotzi: goizeko ordu txikietan, La Esperanza hiriko haren etxean sartu, eta tiroz hil zuten Caceres. Bi urte eta erdi igaro dira herrialdean eta munduan sona handia izan zuen hilketa gertatu zenetik, eta, herenegun, Hondurasko Auzitegi Gorenean abiatu zuten ustezko zortzi errudunen aurkako epaiketa. Hasi eta berehala, ordea, eten egin zuten prozesua, Copinh Indigenen Herri Erakundeetako Kontseiluak —Caceres zen koordinatzailea— eta defentsako beste eragile batzuek bost babes helegite eta epaileen aurkako errekurtsoa aurkeztu baitzuten, Melvin Duarte Auzitegi Goreneko eledunak atzo azaldu zuenez. Erabaki horren helburuak argiak dira: «Ministerio Publikoaren —fiskaltzaren— eta auzitegiaren arteko zigorgabetasun itunari aurre egitea, eta bidean izandako irregulartasunak salatzea», Copinhen koordinakundeko kide Gaspar Sanchezek BERRIAri azaldu dionez.

Akusatuen artean daude, besteak beste, Mariano Diaz Chavez armadako kidea; Douglas Geovanny Bustillo militar ohia; eta Sergio Ramon Rodriguez DESA Desarrollos Energeticos — enpresaren burua —gehienez 30 urteko kartzela zigorra jaso lezakete—. Hain justu, Caceresek enpresa horri aurre egin zion, mendebaldean dagoen Gualcarque ibaian Agua Zarca urtegi hidroelektrikoa eraiki nahi baitzuen; ekintzailearen iritziz, urtegi horrek kalte handiak eragingo zituen lenca indigenen lurretan —ibaia «sakratua» da haientzat—. Askok gertakari hori jotzen dute, beste hainbatekin batera, Caceres hiltzeko arrazoitzat. Baita Sanchezek ere: «Bertak mehatxuak jasan zituen, beti egon zen hilketaren aukera hori, beldur hori. Estatuak ez zuen ezer egin hura babesteko, CIDHk hori egiteko agindu arren. Hemen, giza eskubideen aldeko ekintzaileen aurkako jazarpen politiko eta judiziala dago estatuaren partetik. Berta hil zuten Copinheko kide izateagatik, eta komunitateak defendatzeagatik».

Aurkezturiko helegiteekin, Copinhen xedea da «partzialtasunik ez duen» auzitegia aldatzea. Hori da asmoa, gutxienez saiatzea: «Irregulartasunak izan dira prozesuan. Zigorgabetasun itun bat dago auzitegiaren eta Ministerio Publikoaren artean. Biak aginduak jasotzen ari dira, ez dakigu zehazki noren partetik, baina auzitegia ez da inpartziala».

Irregulartasun horien artean, Sanchezentzat esanguratsuena da ministerioak ez duela partekatu bi aldeen artean bere eskuetan duen informazioa guztia, soilik defentsarekin egin du. «Urte eta erdi» da hilketari buruzko informazio garrantzitsua duela, baina, Copinheko koordinakundeko kidearen arabera, ez du haiekin partekatu nahi izan. «30 aldiz eskatu dugun arren, ez dugu erantzunik jaso. Ministerioak badu egile intelektualei buruzko informazioa, baina ez digu ezer eman. Hori badaki auzitegiak, eta halere ez du ezer egin. Partzialtasuna behar dugu», salatu du Gaspar Sanchezek.

Ikerketa independentea

Horiek horrela, ikerketa independente baten beharraz konbentzituta daude Copinhen, baina eskari horrek ere ez du erantzunik jaso. Testuinguru horretan, kontseiluak erabaki zuen GAIPE nazioarteko adituen taldea sortzea, eskura zuten informazio eskasarekin lan egiteko. Eta taldearen analisiaren ondorioak argigarriak izan ziren: estatu mailako agenteek eta DESAk parte hartu zuten Caceresen hilketan. Ondorioen dokumentua Interneten dago eskuragai: Represa de Violencia.

«Argi dugu lan hori elkartasun lan ikaragarria izan dela. Justizia eskatzen ari gara, ez dugu nahi kasu hau zigorgabetasunean geratzea, gaur-gaurkoz bide hori hartzen ari baita», ondorioztatu du Sanchezek. Izan ere, GAIPEren analisiak frogatzen du urteotako gertakarien joera: estatua DESAren alde jarri dela. Eta, errealitate horretan, figura giltzarri bat aipatu du Copinheko kideak: herrialdeko presidente Juan Orlando Hernandez. «Lotura zuzena du hilketekin, askotan horrelako ekintzak sustatu baititu. Gobernuak harremanak ditu enpresekin, eta gure komunitateak kriminalizatzen ditu».

Orain, helegiteei buruzko erabakien zain geratu dira bi aldeak, eta, oraingoz, auzitegiak ez du datarik finkatu epaiketarekin jarraitzeko. Han izango da 17 herrialdeetako adituz osaturiko batzorde bat, baita Amnesty International ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna