AUZIAREN BOST GAKO

2018ko urriaren 13a
00:00
Entzun
1. ATZERAPENA. 

Epaiketa, sei urte eta erdi geroago 

Koldo Gutierrez Iñigo Cabacasen laguna izan da «betidanik». Hil zutenean ere, 2012ko apirileko gau hartan, haren aldamenean zegoen; lekuko gisa deklaratu beharko du epaiketan: «Guk hasieratik pentsatu genuen kontu hau mantso joango zela, eta gure artean esaten genuen: 'Tira, hemendik bizpahiru urtera, beharbada...'»

Baina bizpahiru urteko aurreikuspen horiek motz gelditu ziren, eta hori, Gutierrezek dioenez, «oso gogorra» izan da, «batez ere Manu eta Finarentzat [Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu gurasoak]: ez dute administrazioaren aldetik laguntza psikologikorik jaso, politikari batzuen keinu lotsagabe batzuk ere pairatu behar izan dituzte, eta, gainera, Ugartekoren salaketa».

Familiaren abokatu Jone Goirizelaiak ere ez dauka azalpenik atzerapen horrentzat: «Edozein gauza eskatzen genuenetik erantzuna eman arte hilabeteak pasatzen ziren, eta ez dakit zergatik». Abokatuak nabarmendu du «bakardadean» lan egin behar izan zutela. «Ez dugu fiskaltzaren eta Segurtasun Sailaren inolako laguntzarik izan. Epaiketara iritsi bagara, soilki guk eskatutako ikerketei eta gure lanari esker iritsi gara».

 2. EGIA. 

Gertatua argitu, eta justizia egin 

Epaiketak balioko al du egia argitara atera eta errudunak identifikatzeko? Horixe da auzi honetako galdera nagusia. Goirizelaiak dio xede horrekin ari direla lanean: «Egia jakitea, justizia egitea eta erreparazioa lortzea helburu garrantzitsuak dira, eta guk ahal dugun guztia egingo dugu hori lortzeko. Badakigu ez dela erraza izango, baina, dauden froga guztiak kontuan hartuta, espero dugu epaiak gizarteari argi adieraztea gertaerak nolakoak izan ziren eta zergatik dagoen Iñigo hilik».

Koldo Gutierrezek ez du itxaropena galdu: «Ni han egon nintzen, eta badakit Iñigo hil zuen ertzainak badakiela bera izan zela. Guk ez dakigu zein izan zen, baina tiro egin zuen ertzainak badaki nora apuntatu zuen, eta badaki Iñigo jo zuela. Arazoa da berak aitortu ezean guretzat oso zaila dela jakitea nor izan zen: ez dago bideorik, ez dago poliziaren txostenik, ertzainek aurpegia estalita daramate, ez dute identifikazio zenbakia agerian eta abar. Baina nik badut esperantza justizia egingo dela».

Gutierrezen ustez, errudunak zigortzea bezain garrantzitsua da gau hartan zer gertatu zen argitzea: «Behar-beharrezkoa da Bilboko, Bizkaiko eta Euskal Herri osoko gizarteak jakitea zer gertatu zen. Azalpen hori zor digute. Guk badakigu zerbait, baina ertzainek, operatiboa antolatu zutenek, arduradunek badakite zer gertatu zen. Administrazioak aurpegia eman behar du».

3. UGARTEKO. 

Operazioan buru, orain lekuko 

Oso deigarria da gau hartan operazioaren arduradun nagusi izan zena, instrukzio fase osoan Ugarteko ezizenez identifikatu duten ertzainburua alegia, akusatuen artean ez egotea, nahiz eta haren menpeko hiru ertzain —maila ertaineko ardurak zituztenak; furgonetako buru izatea, esaterako— akusaturik dauden eta grabazioetan argi entzuten den Ugartekok ematen zituela ertzain horiek bete beharreko aginduak.

«Guk ere egiten dugu galdera hori, ez dugulako ulertzen Ugarteko epaitua ez izatea», esan du Jone Goirizelaiak. Izan ere, akusazio partikularrak eskatu zuen ertzainburua ere auzitara eramatea, baina azkenean lekuko huts izango da epaiketan. «Instrukzio epaileak hasieratik argi zuen bere helburua zela egile zuzena identifikatzea; hau da, tiroa nork bota zuen jakitea, eta horretara bideratu zuen instrukzio guztia. Abiapuntu hori izanda, gu saiatu garenean erantzukizun desberdinak eskatzen, tiro egin zutenena ez ezik aginduak eman zituztenena eta operatiboa diseinatu zutenena ere, beti esan digu ezetz. Gero, auzitegiak bat egin zuen irizpide horrekin, eta ondorioa horixe izan da ».

Goirizelaiak ez daki horrez gain «bestelako arrazoirik» egon ote den Ugarteko epaitua ez izateko, «baina errealitatea da agindu argi eta garbiak eman zituena une honetan ez dagoela akusatuen aulkian eserita».

4. ERANTZUKIZUNAK.

Epaitegian, eta handik kanpo

Prozesu judizialek erantzukizun penalak zehazteko balio izaten dute; normalean, erantzukizun politikoen auziak beste prozedura eta epe batzuk izaten ditu. Baina ukaezina da auzibidean gertatzen denak ondorioak izan ditzakeela erantzukizun politikoen alorrean ere. Azkenean, norbaitek hartuko al ditu bere gain dagozkion ardura politiko horiek?

Arlo horretan eszeptikoa da Gutierrez: «Ardurak ur jauzi baten modukoak dira», azaldu du. «Tiro egin duen ertzaina dugu, baina hari norbaitek agindu dio tiro egiteko, horren gainean daude operatiboa antolatu zutenak, Ertzaintzako buruak, eta, azkenean, Rodolfo Ares, Ertzaintzaren orduko arduradun politiko nagusi gisa. Baina sei urte baino gehiago igaro dira. Erantzukizun politikoak? Ares gaur egun zertan dabilen ere ez dakit».

Goirizelaiak badaki erantzukizun politikoena beste upel bateko sagardoa dela, eta auzi hori ez dela epaiketa honetan ebatziko. «Bakoitzak badaki zer erantzukizun duen eta noraino dagoen prest hori bere gain hartzeko. Epaitegia ez da horrelakoak eskatzeko tokia, baina nik oso argi daukat erantzukizun politikoak badaudena, eta Ertzaintzak horrelako zerbait egin zuela garai hartan jarduera zehatz bat, jokatzeko modu bat eta agindu batzuk zeudelako. Hori agindu zutenek beren gain hartu beharko zuten horren erantzukizuna, baina hemen inork ez zuen hori egin, ez zuten ezer onartu, eta larriagoa dena: familiari ere ez diote ezer esan».

5. GEROARI BEGIRA.

Zauriak ixteko bideak bilatu

Iñigo Cabacasen hilketak zauri sakona utzi zuen —Zauri ireki baten kronika da auziari buruzko dokumentalaren izenburua—. Hasteko, guraso, senide eta lagunen artean; baina euskal gizarte osoak ere pairatu du zauria orbaindu ezin izana, harriturik ikusi baitu urteak pasatzen zirela eta hainbeste aldiz eskatutako justizia ez zela heltzen.

Zoritxarrez, galdutako biziaren dramak ez du atzerakorik. Baina epaiketak lagundu al dezake, neurri batean behintzat, zauria ixten eta hark eragindako mina sendatzen? Gutierrez baiezkoan dago: «Pertsonalki eta emozionalki, gauza hauek bizitza osorako dira. Baina hainbeste lan egin ondoren, hainbeste oztoporen ondoren, epaiketa iristea eta justizia egiteko aukera egotea bada lorpen txiki bat. Ez dut uste ertzainak auzipetu gisa epaitegira eramatea egunero ikusten den kontua denik. Zerbait ondo egin dugu».

Goirizelaiaren ustez, zauria itxiko bada, «egia, justizia eta erreparazioa» lortu beharko dira. «Gizarteak egia jakin nahi du, ardurak har daitezela, eta erreparazioa egon dadila, hiru xede horiek lortuta errazagoa izango baita horrelakorik berriro ez gertatzea», esan du. «Familiak esperantza handia dauka jarrita epaiketa honetan, eta ez dute nahi aferari irtenbide faltsurik ematea. Gu baikorrak gara, beti esan baitigute ez zela epaiketarik egongo eta auzia artxibatu egingo zela, eta hemen gaude. Baina, orain, ondo itxi behar da, eta, horretarako, justizia behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.