Desberdintasun sozialak. Aberastasunaren banaketa

Pikettyren kapitalismoa

Kapitala zergapetu ezean fortuna handiak soldatapekoen sarrerak baino askoz azkarrago hazten direla frogatu du Thomas Pikettyk.

Jon Fernandez -

2014ko abenduak 21
«Kapitalismoak mekanikoki sortzen ditu ezberdintasun jasanezinak, arbitrarioak, eta mehatxuak dira gure gizarte demokratikoentzat eta justizia sozialarentzat». Ahoan bilorik barik berba egiten du Thomas Piketty ekonomistak (Clichy, Frantzia, 1971) El capital en el siglo XXI liburuan (Fondo de Cultura Económica) —Kapitala XXI. mendean—. Ez dela marxista azaldu du, ez dela antisistema, baina haren lanak desberdintasunaren profeta bihurtu du. Azken hamabost urteak ia 700 orriko liburua idazteko informazioa biltzen eman ditu: hogeitik gora herrialdetan azken 300 urteetan soldatek eta aberastasunek izandako bilakaera aztertu du, desberdintasunen gaineko inoizko azterketarik mardulena osatuz. Ondorioak apokaliptikoak badira ere, konponbidea proposatu du: kapitalaren gaineko urteroko zerga progresibo bat ezartzea.

Formula batean irudikatu du Pikettyk «kapitalismoaren kontraesantzat» jo duena: r>g. Hau da, kapitalaren irabazi garbien hazkunde tasa (r) handiagoa eta epe luzerakoagoa dela diru sarreren eta produkzioaren hazkunde tasa baino (g). Beste modu batera esanda, aberastasuna gero eta esku gutxiagotan ari dela kontzentratzen oinordetzan jasotako fortunen irabaziak askoz handiagoak direlako soldaten igoera baino. «Iraganak etorkizuna irensten du». XIX. mendean bezala, herentziako aberatsen urrezko aroa sortzen ari da: duela bi mende zazpi aldiz handiagoa zen kapital errendimenduen eta errenta irabazien arteko aldea; egun, sei aldiz handiagoa da. Herrialde garatuenak XIX. menderantz doaz.

Historian, orokorrean, aberats gutxi batzuk eta pobre askok osatu izan dute gizartea. Salbuespena, liburuaren arabera, XX. mendea izan da, «bi mundu gerrek iraganarekin eten eta hutsetik hasarazi zutelako, kapitalaren irabaziak ikaragarri txikituz». Kapitalismoaren kontraesana gainditu zelako ideia nagusitu zen orduan, araurik gabeko kapitalismo gordinak desagerraraziko zituela desberdintasun sozialak. Baina ilusio bat izan zela erakutsi du liburuak. 1970-1980etako hamarkadetatik aurrera Ronald Reaganek eta Margaret Thatcherrek bultzatutako liberalismoa nagusitu da, eta azken hiru hamarkadetan handitu egin dira desberdintasunak, eta bereziki 2008ko krisiaren ostean.

Zergatik? Hazkunde maila txikia delako herrialde garatuetan, eta epe luzera ere %1-1,5 inguruan egongo delako Pikettyren iritziz, eta hazkundea apala denean kapitalaren irabaziak are handiagoak dira. Ekonomiaren hazkundea handiagoa denean —%4-5 inguru— desberdintasunak txikitu egiten dira: hori gertatu zen Europan gerra handien ostean eta orain Txinan, baina salbuespen aldiak dira.

Demokrazia, muturreraino

Beraz, kapitalismoari, orain bezala, bere kasa jarduten lagaz gero, saihetsezina da ezberdintasunak etengabe handitzea. Soilik kapitalaren gaineko urteroko zerga progresibo batek geldiaraz dezake hori. Pikettyk zehaztu du zerga nola ezarri ere: milioi batetik beherako ondasuna dutenei %0,1-0,5 arteko zerga urtero; %1ekoa milioi bat eta bost bitarteko fortunentzat; %2-5 artekoa bost eta hamar milioi artekoentzat; eta %10ekoa ehunka edo milaka milioidunentzat. Hori bai, Europa mailan edo eskualde mailan ezarri behar da, ez estatuka, bestela ez luke eraginkortasunik.

Ekonomistak gogorarazi du, gainera, historiak frogatu duela gutxi batzuen neurrigabeko fortunek ez dutela zerikusirik enpresa espirituarekin, eta fortunok ez direla erabilgarriak BPGaren hazkunderako. Pikettyren ustez, «kapitalismoaren kontrolaz berriz jabetzeko aukera bakarra demokraziaren alde egitea da, azken muturreraino».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna