Legealdia, aterabide baten bila

Oporralditik bueltan, Ahal Dugu-ko hiru parlamentariak taldetik kanporatzeko Orain Bairen eskaerak legealdi amaiera baldintzatuko du. Oraindik zortzi lege daude onartzeke

Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko lehendakariordea, parlamentuko atarian, erakusketa baten panelen artean, urriaren 25ean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Oporretatik bueltan, eta berehala, Nafarroako Parlamentua pil-pilean jarriko da. Mikel Buil, Ainhoa Aznarez eta Tere Saez taldetik kanporatzeko Orain Bairen eskaera aztertuko dute gaur mahaiak zein eledunen batzordeak. Erabaki horrek mahaiaren barruan gehiengoen jokoa alda dezakeenez, legealdia amaitzeko falta diren hiru hilabeteak bihurgunez beteta datoz. Oraindik hainbat lege daude onartzeke, eta baliteke aldaketa horrek horietako batzuk baldintzatzea. Hori saihesteko asmoz, aterabideen eta zirrikituen bila dabiltza Nafarroako Gobernua babesten duten beste alderdiak. Egoera bideratzeko oraindik denbora geratzen bazaie ere, konponbidea aurkitzeko tarte oso estua dute.

Oporraldietako bi asteok mugarri bat izan daitezke legealdi amaiera honetan. Etenaldi honek ziaboga baten gisan joka dezake, eta gaurtik aurrera parlamentua bost hilabeteko hauteskunde kanpaina luzean murgildu. Zalantzarik gabe, Orain Baik abenduaren 20an eskaera hori aurkeztu zuenean, egutegia kontuan hartu zuen. Nahiz eta oraindik ez duen baieztatu hauteskundeetara aurkeztuko ote diren, urratsak norabide hori markatu du: orain arte blokeatua izan duen finantzaketa eskuratzeak hautagaitza bultzatzeko balioko dio, eta bost hilabeteotan marka ezagutarazi ahalko du.

Ahal Dugu-tik kanpo diren lau parlamentariek bere izena duen taldearen kontrol osoa bereganatzeak kalte egingo dio alderdiari, baldin eta hurrengo egunetan kanporatzea gauzatzen bada. Lehenik eta behin, Ainhoa Aznarezek Parlamentuko presidentetza galduko duelako; bigarrenik, komunikabideen ahotan alderdiaren krisia aipatuko delako. Aitzitik, erabakiak baditu bere alde onak, Ahal Dugu-ren ikuspegitik. Panorama argituko du, eta, hilabeteotan alderdiaren ahotsa eta izena bahituak izan direnez, Ahal Dugu-koek euren posizio politikoak azaltzeko aukera izango dute. Behin bi sektoreen arteko azken lotura hautsita, Orain Bairen aurka egin dezake zuzenean.

Norabide hori hartu du. Mikel Builek eldiario.es-i emandako elkarrizketan, adibidez, salatu du Orain Bai-ren estrategia «Ahal Dugu irenstea» dela, haren espazio politikoa bereganatzeko. Halaber, azken hilabeteetan Orain Baik aurpegiratutako autonomia faltaren aurrean, azpimarratu du alderdiak erabakiak Nafarroan hartzen dituela eta aldaketarekin leial izan dela. Horren erakusle,Builek argudiatu du lehenagotik bilatu izan balute haustura aldaketa arriskuan egongo litzatekeela, eta alderdiaren interesen gainetik laukoarenak lehenetsi dituztela. Hartara, Ahal Dugu-koek orain elkarrekikotasun hori eskatuko diete Geroa Bairi eta EH Bilduri —hau da, parlamentu mahaian ordezkariak dituzten bi taldeei—; hots, funtsean, Orain Baikoen eskaera aintzat ez hartzea.

Tarte oso estua

Behin gatazka piztuta, egoera bideratzeko aukera gutxi geratzen dira. Abenduaren 21ean, Geroa Bai, EH Bildu eta Ezkerraren lehen erreakzioa izan zen erantzukizuna eskatzea bi aldeei. Gaur, Orain Bairen eskaera juridikoki aztertzeko, legelari nagusiaren txostena eskatuko dute, eta bi aste inguruko epea irabaz dezakete. Alta, txostenaren edukiaz zalantza gutxi dago. Aurreko legealdian, Aralarrek Nafarroa Bai 2012 taldetik Manu Aierdi eta Patxi Leuza kanporatu zituenean, legelariak ondorioztatu zuen talde batek bere burua nahieran antolatzeko ahalmena duela, eta mahaiak ezin dezakeela ezer egin.Ikusi beharko da arrazoi horiek baleko zaizkion Ahal Dugu-ri, edo kritikak beste alderdietara ere hedatzen ote diren.

Egoera horrek bete-betean eragingo dio parlamentuko jardunari, kanporatzea gertatzen den unean laukoak mahaiaren gehiengoa galduko baitu, eta presidente berria hautatzeko osoko bilkura antolatu beharko baita.

Mahaiaren gehiengoaren galera horrek, era berean, oraindik aurrera atera gabeko legeei eragin diezaioke. Lege proiektuen zein proposamenen sarbidea kontrolatzen du organo horrek. Parlamentuan egin beharreko lehen urratsa da, eta oposizioak egitasmoak kontrolatzeko eta atzeratzeko giltza lor dezake. Neurri batean, PPk egun Espainiako Kongresuan egiten duena.

Legeek beren prozesua behar dute, eta normalean ez dira egun batetik bestera aldatzen. Hartara, aurreko legealdian gertatu bezala, legealdi amaiera honetan hainbat proiektu interesgarri eta erabakigarri onartu gabe daude. Horregatik, berehala erregistratu beharko lituzkete parlamentuan, mahaiaren gehiengoa galdu baino lehen. Hauteskunde kanpainako giroa nagusituko bada ere, ikusteko dago aldaketaren indarrek legealdia bururaino eramateko borondaterik ote duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.