Pastor
DARWIN ETA GU

Gure solidario insolidarioak

2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Bineta Jornal de Brasília egunkariak argitaratu zuen Brasilgo bozen ondoren. Bi lagun ageri dira hizketan. «Lulak irabazi du. Sustengatu egingo dugu gauzak hobetzeko», adierazi du batek. Erantzuna: «Gure zeregina orain ez da sustengatzea, kobratzea baizik».

Ezertan ez sustengatu; kobratu, bai. Egunero ikusten dugu binetako lagun horrek maite duen jarrera. Lulari lagundu ez, baina hark ematen dituen laguntzez aprobetxatu, bai. Brasilen ez ezik, hemen ere badaude halako pertsonak. Banaka batzuk dira, baina haien jokaera arriskutsua da.

Azken adibidea: Renfek abisu eman du herritar batzuk modu arduragabean erabiltzen ari direlako bidaiatzeko deskontua: zenbait ordu eta zerbitzu aukeratzen dituzte distantzia ertaineko bidaia bat egiteko. Noiz joango diren erabakitzen dutenean, ez dituzte erreserbatutako beste bidaiak desblokeatzen. Horren ondorioz, herritar batzuek ez dute lekurik trenetan. Neurriak hartuko dituela jakinarazi du Renfek. Ez du deskontua baliogabetuko, baina konjuntzio astral baten ondorioz hala egingo balu, zer? Noren errua izango litzateke milioika herritar laguntza gabe geratuko balira?

Trenena ez da kasu bakarra. Hamaika adibide ditugu. Behin, etxean bazkaldu ondoren lanera itzuli behar nuen egun batean, pertsona horietako batekin egin nuen topo. Ez zuen lanik egin nahi; laguntza sozialak eta kito. «Nora zoaz? Lanera? Gogorra, ezta?», esan zidan, higuin keinua ezpainetan. Bere planak zeintzuk ziren azaldu zidan: «Orain infusio bat hartuko dut, sofan etzanda, eta gero Santa Barbara aldera joango naiz aireratzea». Hala egin zuen: eguraldi ederra zegoenez, mendira joan zen, infusioa hartuta. Lanera nindoalako errukitu-trufatu zen nitaz.

Berari laguntzeko dirua nondik ateratzen zela uste zuen, bada? Lan egiten zuten herritarren poltsikotik. Horri esker joaten zen mendira naturarekin bat egin eta bere barrenak lasaitzera. Gure zergei esker zeraman hain bizimodu ustez alternatiboa. Bai, zeren eta zure alternatiba hori bada, ahalik eta gehiena hartu eta zuk ezer ez eman... Nik ez dut lanik egin nahi eta sistemak eta zuk behar dudan guztia eman behar didazue bizi izateko. Tira, hori pentsatzea librea da. Alta, barre egitea norbait lanera doalako...

Solidarioak? Lehenik eta behin, egoistak. Gero, agian, solidarioak, baina haien tribu txikian. Xurgatu eta xurgatu da haien helburua. Zirrikitu eta trikimailu guztiak ezagutzen dituzte handik eta hemendik dirua lortzeko. Erakundeak eta fede ona duen herritarra engainatzeko. Ziria sartzeko. Berdin die haien jokaerak eskuinaren diskurtsoa indartzen badu, argudioak ematen badizkiote lorpen sozialak murriztu edo deuseztatzeko. Berdin die haien arduragabekeriak eta iruzurrak besteei eragiten dieten kalteak. Haiek infusioa hartu eta Santa Barbarara paseatzera. Eguzkiaren errainuez eta belartzaren freskuraz gozatzera, gizajoak lanera doazen bitartean. Supermerkatuko kutxan zutik edo bertako apalak betez ez da bake espirituala lortzen, jakina.

Beste leku batzuetan ere aurkitu ahal ditugu solidario insolidarioak. Goragoko maila ekonomiko batean. Zergak ordaintzearen aurka beti. Zertarako zergak? Gobernuak dirua lapurtzen digu. Kontua da horietako batzuk zergei esker bizi izan direla oraintsu arte. «Pedro Sanchezi zer eskatuko zenioke?», galdetu diote futbolari aberats berriari. «Zergak jaisteko», erantzun du. Haren gurasoak Afrikatik etorrita lehen urteetan gure zergen bidez sortutako laguntza sozialei esker bizi izan zenak ez du dirua eman nahi bere aita-amen moduan hona datozenei laguntzeko. Badirudi iragana ahaztu duela mutilak.

Sorterrian hain zerga altuak izateaz ez ote zen kexatzen galdetu zioten elkarrizketa batean Michael Laudrup futbolariari. Gure kirolariari eta beste solidario insolidarioei bururatuko ez zitzaien erantzuna eman zion kazetariari: gustura ordaintzen zituen zergak, horrek Danimarkako gizartea kohesionatzeko eta herritarrak hobeto bizitzeko balio zuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.