Etorkizuna idatzi gabe dago

Estatugintzaren «erronkez eta aukerez» aritu dira Euskal Herriko, Eskoziako, Ipar Irlandako eta Kataluniako ordezkariak. Otegi: «Euskal Herria izango da herritarrek nahi dutena»

Gorka Elejabarrieta (moderatzailea), Elisenda Paluzie, Arnaldo Otegi, Mairtin O Muilleoir eta Robin McAlpine, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Asko aldatu da mundua azken hamarkadetan. Inor gutxik esango zuen duela hamabost urte Eskozian eta Katalunian independentziaren inguruko galdeketak antolatuko zituztela, edo Flandriako independentziaren alde dagoen alderdi bat Belgikako gobernuan egongo zela. Gauza bakarra erakusten du horrek: etorkizuna ez dagoela idatzirik, aukera guztiak mahai gainean daudela eta, estaturik gabeko nazioen kasuan, gakoa dela aukera horiek sortzeko gaitasuna izatea eta baliatzen jakitea.

Amaitu dira EH Bilduk antolatutako Euskal estatuaren bidean: erronkak eta aukerak izeneko jardunaldiak. Amaiera ekitaldian, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegirekin batera, Robin McAlpine Eskoziako Common Weal ikerketa eta gogoeta taldeko zuzendariak, Mairtin O Muilleoir Ipar Irlandako Sinn Feineko diputatu, Finantza ministro ohi eta Belfasteko alkate ohiak eta Elisenda Paluzie Kataluniako ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteak hartu dute hitza. Denak bat etorri dira: ezinezkoa da jakitea zein izango den nazio bakoitzaren egoera hamabost urte barru, baina aukerak norberak sortu behar ditu.

Euskal Herriaren kasuan, Otegik argi du «herritarrek nahi dutena» izango dela etorkizuna. Eta, hortaz, independentisten eginkizuna «jendea erakartzea» dela pentsatzen du, «eta hori jendearen beharrak ase ahal izateko adinako botere politikoa eskuratuta lortzen da».

Estatua lortzeko zereginak «gehiengo handiak» sortzea eskatzen duela uste du Otegik, eta horretarako bi bide baino ez ditu ikusten: «hegemonia» lortzea edo, bestela, bidea «beste batzuekin batera» egitea. «Badakigu EAJ ez dagoela horretan, baina prozesua daukagun herriarekin egin behar dugu, ez edukitzea gustatuko litzaigukeenarekin».

Kataluniarekin «erloju politikoak sinkronizatu beharra» aipatu du Otegik. Bat etorri da ideia horrekin Paluzie, baina ohartarazi du Katalunia orain «beste fase batean» dagoela. Onartu du urriaren 1ean sorturiko aukera ez zutela baliatzen jakin izan, eta esan du oraingo arrisku nagusia dela Espainiarekin «oso itun txarra ekarriko lukeen negoziazio batean» sartzea. Gainera, uste du bide hori itxita dagoela: «Espainiak ez dio inoiz berriro ezer emango Kataluniari, badakielako bere kontra itzul dakiokeela independentziarako prozesuan».

Gatazkaren ondorioak

Eskozian eta Katalunian ez bezala, urte askoan Euskal Herriko eta Irlandako prozesuetan gatazka armatu bortitz bat ere egon da, eta horrek, Otegik eta O Muilleoirrek esan dutenez, baldintzatu egiten du bi herrialdeen prozesuen bilakaera. «Nire bizitza osoan Irlandaren askatasunaren eta batasunaren alde borrokatu naiz», esan du O Muilleoirrek; «Irlandaren askatasuna nahi dut, baina ez ditut atzean utzi nahi gatazkaren ondorioak sufritu dituztenak».

Muilleoirrek azaldu du Sinn Feinen helburu estrategikoa, Irlandaren batasuna, ez zegoela inoren ahotan duela urte gutxi batzuk. «Brexit-ak dena aldatu du», esan du, «eta orain mundu guztiak hitz egiten du Irlandaren batasunaren aukeraz. Gu ari gara bost urte barru galdeketa bat egitearen aukera mahai gainean jartzen, eta estreinako aldiz horretan garaile irteteko posibilitatea ikusten dugu».

Robin McAlpineren aburuz, estaturik gabeko nazioen aldarrikapenak korronte globalago batean kokatzen dira: «Aldaketa mundu osoan gertatzen ari da, eta erabakiak tokian-tokian hartuko dira gero eta gehiago, nahiz eta, beharbada, hori ez den beti gauzatuko independentzia prozesuetan edo estatu berrien sorreran». Esan du «diruak» ez duela prozesu hori gustuko, baina uste du biderik onena dela «munduaren aniztasuna aintzat hartzeko».

Amaiera ekitaldiaren aurretik, zenbait mahai inguru egin dituzte jardunaldien azken egunean. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusi ohiak, Jule Goikoetxea EHUko ikerlariak eta Tania Verge Kataluniako Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasleak ikuspegi feministatik aztertu dute estatuaren beharra; Unai Fernandez de Beton?o EHUko irakaslea, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea eta Daniel Albalate Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea azpiegiturez jardun dira, eta, azkenik, Imanol Galfarsoro Leeds-eko Unibertsitateko irakasleak, Joseba Gabilondo Michiganeko Unibertsitatekoak eta Quim Arrufat Bartzelonakoak prozesu independentista eraginkor baterako gakoak azaldu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.