Iruñeko Udala. Euskarari buruzko ordenantza

Euskara zokoratzea arau

Navarra Sumak eta PSNk bat egin dute Iruñeko udalbatzan, euskara arau murriztaileago bat onartzeko. «Euskarafobiaz» aritzea leporatu diete EH Bilduk eta Geroa Baik

Enrique Maia alkatea, Navarra Sumako Ana Elizalde zinegotziarekin hizketan, atzoko osoko bilkuran. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz - Joxerra Senar
Iruñea
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Navarra Sumak badu bere neurrira eginiko euskara ordenantza. Kontrolatzen dituen instituzio nagusi bakanetako batean ezarri du araua, Iruñeko Udalean, tramitazio express baten ostean eta PSNren babes bakar baina sutsuarekin. Kolpe bakarrez, indargabetu egin du EH Bilduk, Geroa Baik, Aranzadik eta Ezkerrak aurreko legealdiaren bukaeran adostutako ordenantza —euskarari «Iruñeko hizkuntza propioaren» izaera aitortzen ziona—; eta irizpide berriak ezarri ditu udal lantaldeko hizkuntza eskakizunetan, jendaurreko arretan eta paisaia linguistikoan. Esparru guztietan atzera eginen du euskararen presentziak, nabarmen.

Ikusteko zegoen zein izanen zen PSNren jokabidea atzoko osoko bilkuran. Sozialisten botoak behar zituen Enrique Maia alkateak, ordenantza proposamena aurrera ateratzeko —13 zinegotzi ditu Navarra Sumak udalbatzan, eta ez du gehiengorik—. Hori dela eta, Maiak aurreko egunetan esana zuen arau berriaren «eredua» eta «abiapuntua» izanen zela 1997ko euskararen ordenantza: CDNk, PSNk eta Nafarroako Ezker Batuak adostutakoa, alegia —urte hartan, kontrako botoa eman zuen UPNk—.

Ideia horretan sakondu zuen Navarra Sumako Maria Garcia-Barberena Kultura zinegotziak atzo. «Neurriko» araudia nahi zuela berretsi zuen. Kontsentsuan oinarritua: «Laukoak elebitasun osoa inposatu zuen, errealitate soziolinguistikoaren kontra; gureak adostasun zabalagoa izanen du».

Orain arte indarrean zen ordenantzak Iruñea «eremu euskalduneko» bihurtu zuela salatu zuen Garcia-Barberenak. Are: zenbait udal lanpostutan euskara eskakizuna ezarrita, aurreko gobernu taldeak euskara «lanerako pasaporte» bihurtu zuela esan zuen: «Hori aldatzera etorri gara, egungo arauak lan publikorako sarbidea ixten dielako herritar gehienei».

Maite Esporrinek bat egin zuen argudio horiekin, eta berehala argitu zuen zalantza: «Ordenantza honen alde bozkatuko dugu. Ez gaude euskararen kontra; sustatu beharra dugu, baina sustatzea ez da inposatzea gehiengo erdalduna diskriminatzeko. Ezin ditugu euskara eta gaztelania berdintasunez tratatu, jende gehienak ez baitu euskara erabiltzen».

Egiazki, Navarra Sumaren 14. zinegotziaren rola bete zuen PSNko eledunak atzoko bilkuran, eskuin espainiazaleak emandako argudioak ia hitzez hitz errepikatzeraino: «Arreta euskaraz jasotzeko eskubidea bermatuko du ordenantza berri honek, baina udal administrazioa euskaldunei erreserbatutako lanpostuz bete gabe. Lehen, herritar gehienak baztertuta zeuden. Orain, marjinazio hori bukatuko dugu».

Navarra Sumaren eta PSNren arteko sintonia ez zen ordenantzaren testura mugatu, gainera: atzoko saioan, bat egin zuten bi taldeek zuzenketa ia guztiak atzera botatzeko, baita Geroa Baik aurkeztutako puntukako zuzenketa partzialak ere. Bakar bat onartu zuten, teknikoa: udal lanpostuetako euskara eskakizunak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparrura egokitzekoari buruzkoa. Horretan ere, batera aritu ziren Esporrin eta Maia.

Joseba Asiron EH Bildu udal taldeko bozeramaileak azaldu zuen Navarra Sumaren proposamena 1997ko ordenantza baino murriztaileagoa dela. «Iruñeko Udalak ez zuen inoiz bete 1997ko araudia. Eta, hala ere, gaur aurkeztutakoa ez da iristen horretara ere. Elebitasuna, hizkuntza paisaia eta eskubideak gehiago mugatzen ditu, eta atzerriko hizkuntza baten trataera ematen dio euskarari». Bestalde, Enrique Maia alkateari leporatu zion euskararen aurkako jarrera izatea. «Zuen hizkuntz politikak ezaugarri bakar bat du: euskarafobia».

Geroa Baiko Patxi Leuzak, azkenik, Navarra Sumako eta PSNko zinegotziei gogorarazi zien «eskubide bat errespetatzeak ez duela beste bat zapaltzen», eta eskubideak ezin direla bermatu hiztun kopuruaren arabera: «Espaloiak urritasun fisikoren bat dutenentzat egokitzeko garaian, aldapak jarriko zenituzkete urritasuna dutenen kopuruaren arabera? Ez, ezta? Bada, euskaldunekin hori nahi duzue».

Behatokia: «Atzera goaz»

Osoko bilkuraren aurretik, ehun bat lagunek protesta egin zuten Iruñeko udaletxearen aurrean, euskalgintzako eragileek deituta. Txilibituak eta lapikoak jo zituzten, ordenantza berriaren kontra protesta egiteko. «Maia, entzun, Iruñea euskaldun» eta «euskaraz bizi nahi dugu» oihukatu zuten, besteak beste.

Osoko bilkuran, gainera, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Agurne Gaubekak hartu zuen hitza zinegotzien aurrean, eta arau berria atzera botatzeko eskatu zuen. Zehazki, Behatokiko buruak gogorarazi zuen Iruñeko Udala legez behartua dagoela euskara «errespetatu, babestu eta sustatzera». Gezurtatu egin zuen, halaber, lanpostuetan euskara eskakizunak ezartzea neurri diskriminatzailea dela: «Euskara jakitea ez da elementu bereizle bat; pertsona orok ikas dezake, eta, beraz, euskara baldintza edo meritu gisa jarri arren, lanpostu horiek pertsona ororentzat irekiak egoten jarraituko lukete».

Udalak jarritako iragarkietan euskararen presentzia %25era murrizteari buruz, azkenik, «hizkuntza eskubideen kontrako neurria» dela nabarmendu zuen Behatokiko zuzendariak. Oro har, ordenantza berria «atzerapausoa» dela adierazi zuen: «Atzera garamatza, 22 urte baino gehiago, 1997ko ordenantzan ezarritakoak baino neurri atzerakoiagoak ezarriz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.