«Demokratizaziorako berme»

EH Bilduk euskal errepublika aldarrikatu du Bilbon, Espainiako Konstituzioaren urtemugan egindako manifestazioan. EAJk nabarmendu du estatu eredua «hondoratzen» ari dela

EH Bilduren emakumezko hautetsiak pankarta eramaten, atzo, Bilbon, euskal errepublikaren aldeko manifestazioan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Hasieran lotsatia izan zen aldarria: ahots bakarti bat ausartu zen «independentzia!» oihukatzera, eta dozenaka lagunek jarraitu zioten, labur. Baina aurrera egin ahala, gero eta eztarri gehiago batu ziren lelora. Eta, azkenean, Txoria txori-ren doinuak gozatuta, sendo aditu ziren ehunka lagunen ahotsak. Euskal errepublikaren aldeko manifestazio bat egin zuen EH Bilduk atzo eguerdian, Bilbon, «demokratizaziorako berme» delakoan. Espainiako Konstituzioaren 41. urteurrenean, ezinbestekotzat jo zuen independentziarako bidea jorratzea, «aurre egiteko». Hain justu, lotsa galtzera deitu zuen Jasone Agirre Garitaonandia legebiltzarkideak: «Zintzoa banaiz, esan behar dut euskal errepublika gura dudala horregatik, gura dudalako; euskalduna naizelako, ez espainola».

Jesusen Bihotza plazatik abiatu zen manifestazioa, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren albotik. Martxan jarri aurreko itxaronaldiak ekarri zuen une bitxia: EAEko PPko buruzagiek ondoko hotel batean egin zuten konstituzioaren aldeko ekitaldia, eta, handik ateratzean, manifestariz inguratuta alde egin behar izan zuten; lasai egin zuten bidea, halere.

EH Bilduren emakumezko hautetsiek garraiatu zuten Euskal Errepublika! leloa; besteak beste, Maddalen Iriartek, Bel Pozuetak, Jone Goirizelaiak eta Eba Blancok heldu zioten pankartari. Ordu erdi inguru behar izan zuten Moiua plazara iristeko: mobilizazioa Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean amaitu zenean entzun ziren aldarririk ozenenak. Halere, ez zen izan atzo bertan eginiko protesta bakarra: Sortuk ere elkarretaratze bat egina zuen goizean, Espainiako ereserkiari txistu eginez «1978ko erregimenarekin hautsi beharra» nabarmentzeko.

EH Bildu ere bat etorri zen premia horrekin. Kongresuko diputatu Mertxe Aizpuruak hartu zuen hitza manifestazio amaieran, eta berretsi 1978an eraikitako estatu eredua «lur jotzear» dagoela: «Lau urtean lau hauteskunde, eta ultraeskuina mozorrorik gabe plazaren erdira ateratzea dira horren adibide garbiak».

Baikor ere mintzatu zen Aizpurua, Madrilen gobernua osatze aldera PSOEk eta Unidas Podemosek lortutako akordioaren harira: «Espainiako Estatuaren agenda demokratizatzaile bat ezartzeko aukera ireki da». Abagune horretan independentistak indartsu egotea txalotu zuen: «29 diputatu gara Kongresuan; inoiz baino gehiago eta indartsuago. Eta elkar hartuta arituko gara». Aizpuruaren esanetan, «demokratizaziorako bermea» da EH Bildu: «Espainiako Estatuak demokraziarantz aurrera egin dezan, gu gara bermea». Madrilen zein Euskal Herrian jardun beharra erantsi zuen: «Joan behar den lekura joango gara, presoen alde, demokraziaren alde, autodeterminazioaren alde eta eskubide sozial eta ekonomikoen alde egitera».

EAJ, lurralde auziaz

EAJ ere kezkatuta agertu zen atzo konstituzioarekiko «akritikotasunarekin». Aitor Esteban diputatuak adierazi zuenez, estatu eredua «hondoratzen» ari da: «Euskadiko eta Kataluniako lurralde auziei konponbide bat bilatu behar zaie. Aurre egin behar zaie errealitate nazionalei eta hala ez direnei: desberdindu, eta eredua berreraiki, nazio aitortzatik abiatuta, denboran iraunkorra izango den formula baten bidez». Espainiako alderdiei ere mintzatu zitzaien: «Hausnartu beharko lukete ea konstituziotik urrun sentitzen garen taldeok euskal gizartearen gehiengoaren babesa zergatik jasotzen jarraitzen dugun».

Guztiz kontrara jardun zen Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Konstituzioa goratu zuen: «41 urteko demokrazia, adostasuna eta desberdinen arteko elkar ulertzea ospatzen ari gara gaur».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.