Lana, presoak gizarteratzeko

Martxan da Aukerak, Zaballako, Martuteneko eta Basauriko presoei prestakuntza eta lana eskainiko dien elkargoa. Gaur egun 346 preso ari dira lanean: %20 gehiago nahi dituzte

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua eta Carlos Roy Aukerak-eko zuzendaria, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Oskolaren barnean preso egon ohi da larba. Baina orduan biltzen ditu beharrezko elikagaiak tximeleta bihurtzen denean aske hegan egin ahal izateko. Hori nahi du Eusko Jaurlaritzak: presoek kartzelako denbora balia dezatela, kalera ateratzen direnean gizartean bizitzeko tresnak izan ditzaten; eta, horren bidez, ez dezaten berriro deliturik egin. Metamorfosi horri izena eman dio Jaurlaritzak: Aukerak. Eta izaera jakin bat ere bai: lanarena. Izan ere, Jaurlaritzaren helburua da presoak kartzelan dauden bitartean lan merkatuan sar daitezela, prestakuntzaren eta lanaren beraren bidez gero errazago gizarteratu daitezen: «Horrek autoestimua hobetzen du, eta aukera gehiago ematen ditu aske egonda lana aurkitzeko», azaldu zuen atzo Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Eusko Jaurlaritzak joan den urriaren 1etik du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kartzelen kudeaketaren eskumena, eta hasieratik bertatik errana du presoen gizarteratzean jarri nahi duela arreta. Hori kudeatzeko sortu zuen Aukerak elkargoa, urtarrilaren lehenetik martxan dagoena. Lehendik kartzelako prestakuntzaz eta lanaz arduratzen zen Espainiako TPFEko langileak Aukerak-en ariko dira orain, baina, espetxeekin oro har egin nahi duen bezala, Jaurlaritzak bertzelako «eredu» bat ezarri nahi du prestakuntzan eta lanean ere. Eredu hori ez litzateke «hain hertsatzailea», eta pertsonak «berreskuratzea» luke helburu, eginiko delitua «edozein izanik ere». Justizia errestauratiboa hartu nahiko lukete horretarako oinarri, betiere «biktimak» kontuan hartuta.

Atzo eman zituzten sortu berria den elkargoari buruzko xehetasunak, Gasteizen Aukerak-entzat atonduriko egoitzan —elizbarrutiaren eraikin batean dago—, eta Artolazabalek azaldu zuenez, hain zuzen, presoen «prestakuntza, lantegiak eta ekoizpen jarduerak» izanen dira Aukerak programaren «arrakastaren oinarria». Berdintsu mintzatu zen Carlos Roy Aukerak-en zuzendaria ere: presoen «prestakuntzarako interesa» eta lan produktiboa sustatu nahi dituela adierazi zuen, gizarteratzeko aukera gisa.

Artolazabalek atzo jakinarazi zuenez, ez da gauza berria presoek lan egitea. Gaur egun, 346 preso ari dira lanean Zaballa (Araba), Martutene (Donostia) eta Basauriko (Bizkaia) espetxeetan: horietatik 223 espetxeetako lantegi produktiboetan ari dira —206 gizon eta hamazazpi emakume—, eta bertze 123, kanpoko enpresekin lankidetzan kudeaturikoetan —110 gizon eta hamahiru andre—. Langile horietatik guzietatik 28 motibazio politikoko euskal presoak dira. Royk zenbakiak jarri zizkion egin nahi duten aldaketari: «Tailer produktiboetan lan egiten duten langileak %20 gehiago izango dira aurten, eta guztira lan egindako orduak, %24 gehiago».

Horretarako, bertzeak bertze lantegi berriak jarri nahi dituzte martxan, «orain arte ez bezalako» arloetan: «Hala nola logistika, arreta soziosanitarioa eta mendekotasunaren zaintza, artisautza...». Bederatzi enpresa pribaturekin izenpetuak dituzte lankidetza kontratuak, Royren arabera. Zehaztu dute, halaber, preso bakoitzaren «gaitasunaren eta bokazioaren» araberako ibilbide «pertsonalizatuak» eginen dituztela, horretarako «orientazio eta laguntza zerbitzu integral bat» sortuta —haren «oinarriak» aurten jarri nahi dituzte—.

Tximeleta bat izanen da Aukerak elkargoaren logotipoa, presoek gizarteratze prozesuan egiten duten «metamorfosia eta aldaketa» irudikatuko lituzkeena. Artolazabalen hitzetan, hain zuzen, «keinu soil bat eraldaketaren hasiera» izan daiteke. Laneratzea indartzea ez ezik, erregimen irekia sustatzeko baliabideak handitzea ere izanen da Jaurlaritzaren helburua, eta Artolazabalek azaldu du sei milioi euro inbertituko dituztela aurten hirugarren graduko egoitzetan plaza kopurua handitzeko.

«Hobetzeko arloak»

Ehun egun joan dira Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena eskuratu zuenetik, eta Artolazabalek aitortu du badauzkatela «hobetzeko arloak». Halere, nabarmendu du hiru hilabetean «lortu» dutela eskumenen, langileen eta araudiaren transferentzia egitea, «inolako eragin negatibo aipagarririk gabe». Azaldu duenez, hiru espetxeak «sarean» lan egiten ari dira, eta erabakiak hartzeko denbora «nabarmen murriztu» dute horri esker. ACAIP-UGT sindikatuarekin lortutako akordioari —gehiengo sindikalak ez zuen babestu— balioa eman dio sailburuak, halaber: «Bi urteko tartea eman digu lanpostuen definizioa eta etorkizuneko langileen metodologia lantzeko».

Jaurlaritzak zehaztu du hiru hilabeteotan presoen koltxoiak aldatu dituztela, prestakuntza gelak hobetu dituztela, eta hezetasuna «kendu» dutela. Osasun eta Hezkuntza sailekin elkarlanean, bertzalde, «genero ikuspegiarekin zerikusia duten zenbait egitasmo» egin dituztela aipatu du, baita buru osasuneko planak eta mendekotasunekin loturikoak egin dituztela ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.