Poliziek deklaratuko dute bihar 'herriko tabernen' auzian

Lekukoek deklaratuko dute aste honetan; lehen hiru egunetan poliziek, eta ostegunean defentsaren seiek

Oihana Elduaien -

2013ko azaroak 17
Bi asteko geldiunearen ostean, bihar ekingo diote berriz ere Espainiako Auzitegi Nazionalean herriko tabernen kontrako auziko epaiketari. Aurrera segituko du 36 lagunen kontrako epaiketak. 29 lagun eseriko dira akusatuen aulkian, beste behin, eta astelehenetik ostegunera arteko auzi saioak izango dituzte. Lekukoen txanda izango da.

Baina, ezer baino lehen, Joseba Alvarez auzipetuak deklaratuko du bideo konferentziaz. Alvarez auzipetuta dago, baina ez da Madrilen izan, gaixo eta ebakuntza egin berritan dagoelako. Baimena eman zion epaimahaiak horretarako. Beraz, ez du deklaratu oraindik, eta bihar egingo du, bideo konferentzia bidez. Hura da oraindik deklaratzeko dagoen auzipetu bakarra, gainerakoek epaiketaren aurreneko zati nagusian egin baitzuten. Behin deklaratuta, auzipetuta dauden arren, ez dute Auzitegi Nazionalean egon beharko beste sei lagunek ere, epailearen baimena dutelako: Bixente Enekotegik, Jose Luis Francok, Juan Carlos Rodriguezek, Andres Larreak, Esther Agirrek eta Jasone Manterolak.

Bihar joan beharko dutenak poliziak dira. Bihar, etzi eta etzidamu auzipetuei jarraipenak egiten ibili diren poliziek deklaratuko dute, lekuko gisara. 24 daude deituta biharko. Espainiako Poliziako 21 agente, Polizia Kriminaleko burua, Informazio komisarioa eta UCIko bat. 22 polizia deitu dituzte astearterako, eta hamabi polizia eta bi ertzain asteazkenerako.

Ostegunean hasiko dira defentsaren lekukoak. Sei lekuko besterik ez da izango; besteak beste, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailea, Francisco Letamendia Ortzi historialaria eta Miguel Castells abokatua joango dira, Herri Batasunaren sorrerari buruz hitz egitera.

Ostegunean amaituko dira aste honetako auzi saioak, eta datorren astelehenean jarraituko dute. 110 lekuko baino gehiago daude deklaratzera deituta, besteak beste, Jokin Uranga bertsolaria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna