Espetxeratu egin dute Angeluko sutea ustez eragin zuen adingabea

Ikerketapean segitzen du susmagarriak, eta anartean preso egon beharko du. Gazolatzen hemezortzi hektarea kiskali dira

Hegazkinak sua itzaltzen, atzo, Gazolatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak 16 urteko mutil bat atxilotu zuen iragan asteazkenean, Angeluko Xibertako (Lapurdi) sutearekin lotura zuelakoan. Herenegun eman zuen atxiloketaren berri Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak, eta gaztea berehala espetxeratzearen alde egin zuen. Epaileak bat egin du eskariarekin, eta preso sartu dute gaztea. Ikerketapean segitzen du, eta inkesta egiten duten bitartean espetxean egonen da.

Uztailaren 30ean piztu zen sutea, eta oihanaren erdia kiskali zuen: 165 hektarea, orotara. Zenbait etxebizitza ere hondatu zituen, eta hainbat pertsona intoxikatu zituen keak. Hogei urteko kartzela zigorra arriskatzen du susmagarriak.

Gazolatzen, kontrolpean

Berote handiaren eraginez, azken egunotan berriz ikusi da Angeluko irudia, oraingoan Nafarroan. Herenegun, hemezortzi hektarea erre ziren Gazolatzen, pinudi batean. Lehen hipotesien arabera, tximista batek piztu zuen sutea. Atzoko 05:30ak alderako, kontrolpean zeukaten sua. Cordovilla, Tafalla eta Zangozako 50 suhiltzaile aritu ziren sua itzaltzeko lanetan, lurretik eta airetik.

Nafarroako ingurune horretan datozen egunetan ere tenperatura altuenak 37 gradura iristea espero dute, eta, Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, airez behatuko dute herenegun su hartu zuen Gazolazko pinudiaren ingurua, sua itzalitzat eman daitekeela segurtatzeko eta sua berriro piztu ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.