Koronabirusa

Nafarroak beheranzko joerari eutsi dio, 90 kutsatu gutxiago erregistratuta

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zahar etxeetan 716 egoiliar hil dira martxoaz geroztik. San Adrian konfinatuta dago atzotik

Erizain bat PCR proba egiten, Getarian. Artxiboko irudia. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Joan den astean, COVID-19ak kutsatutakoen kopuruak goia jo zuen Nafarroan, bigarren olatuko daturik makurrenak erregistratu baitzituzten: 421 positibo egun bakar batean. Bada, zenbateko horrek beheranzko joera izan du azken egunotan, eta ostiraleko zenbakiek jarraipena eman diote bilakaerari: 245 kutsatu erregistratu zituzten, bezperan baino 90 gutxiago. 2.953 PCR test egin zituzten, eta, ondorioz, positibo tasa %8,1eraino jaitsi da —ostegunean %11koa zen—.

Gainerako herrialdeetan, ordea, kutsatu gehiago erregistratu zituzten. Bizkaian 213 —bezperan baino 27 gehiago—, Gipuzkoan 145 —hiru gehiago—, eta Araban 82 —hamabi kasu gehiago—. Denetara, Hego Euskal Herrian 687 kasu atzeman zituzten ostiralean, egun bat lehenago topatutako kasuak baino 66 gutxiago. Lau lurraldeetan, denetara, 10.899 PCR test egin ziren ostiralean, eta horien positibo tasa %6,3 izan zen. Ospitaletako eraginari dagokionez, Osakidetzan 39 pertsona erietxeratu zituzten ostiralean, eta 31 Osasunbidean. 81 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitatean.

Martxotik, 716 egoiliar hil

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Bizi Berri II planean, koronabirusaren eraginaren zenbatekoa neurtu dute. Pandemiak gogor jo ditu zahar etxeak; zehazki, martxoaz geroztik 716 egoiliar hil dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoitzetan. Horietatik 103, abuztuaren erdialdean hasi zen bigarren olatuan. Planean egindako beste neurketa batek ikasturtea hasi denetik eskoletan atzemandako positibo kopuruak biltzen ditu. Irailaren 7tik 27ra 710 koronabirus kasu erregistratu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan. Horien eraginez, 132 zentroetako 6.683 ikasle bakartu behar izan dituzte.

Azkenik, Osasun Sailaren arabera, COVID-19aren testetan positibo eman dutenen berrogeialdia hamalau egunetik hamarrera laburtu daiteke. Jaitsiera bera aplikatu ahal izango litzaieke positibo eman dutenekin harremana izan dutenei. Horrez gain, antigenoen testak egiten hasi daiteke Osakidetza urriaren 19tik aurrera.

San Adrian, konfinatuta

Nafarroako egoera baretzen hasi den arren, San Adrian herria konfinatuta dago atzo gauerdiaz geroztik. Azken hamalau egunetan, 100.000 biztanleko 1.399 positibo erregistratu dituzte, guztira 84 kasu inguru. Era horretan, Azkoien, Faltzes eta Funes herrietan bezala, herritik ezingo dira atera herritarrak ezinbesteko arrazoi bategatik ez bada —lanera, eskolara, ospitalera edo gaixo den norbait zaintzera joateko ez bada—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.