Murchanteko ustezko hiltzailea Martuteneko espetxera, behin-behinean

Donostiako Guardiako 1. Epaitegiak hartu du erabakia. Maria Pilar Berrioren hilketa ez ezik, ondarearen aurkako bi delitu ere egotzi dizkiote

Mugimendu feministak Gasteizen eginiko elkarretaratzea. RAUL BOGAJO / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Kartzelara bidali dute Maria Pilar Berrio Jimenezen ustezko hiltzailea, behin-behinean. Donostiako Guardiako 1. Epaitegiko epaileak hartu zuen erabakia, kautelazko neurri gisara, atzo akusatuari deklarazioa hartu ostean. Martuteneko espetxean sartu dute 41 urteko gizonezkoa, Murchanten (Nafarroa) emakume bat labankadaz hiltzea egotzita. Datozen egunetan, Tuterako auzitegiaren alde inhibituko da Donostiako guardiako epaitegia, Nafarroako auzitegi horri baitagokio Murchanteko krimenaren instrukzioa egitea.

Epaileak behin-behineko espetxealdi komunikatua eta bermerik gabea ezarri zion auzipetuari. Hilketaz gain, ondarearen aurkako bi delitu ere egotzi zizkion: batetik, aurretik ezarriak zituen kautelazko neurriak urratu izana, eta, bestetik, bide segurtasunaren aurkako delitu bat, autoa baimenik gabe gidatzeagatik.

Akusatua Donostiako guardiako epaitegiaren esku geratu zen atzo goizean. Ez deklaratzeko eskubidea aldarrikatu zuen, eta fiskaltzak behin-behineko espetxealdia eskatu zuen harentzat.

Herenegun arratsaldean atxilotu zuen Ertzaintzak ustez emakumea labanaz hil zuen gizonezkoa. Donostian atzeman zuten, Gros auzoan, 33 orduko bilaketaren ostean. Ile apaindegi batean atzeman zuten, eta itxura aldatzeko asmotan ibil zitekeen. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren arabera, ertzain batek identifikatu zuen ustezko hiltzailea, taberna batetik irteten; haren atzetik joan zen, eta gizonaren presentziaren berri eman zien lankideei. Horiek ile apaindegi batean atxilotu zuten.

Beste atxilotu bat

EITBk jakinarazi duenez, gizon bat atxilotu zuten atzo Barakaldon (Bizkaia), sexu eraso bat egitea egotzita. Udaltzaingoan jarri zuten salaketa, eta Ertzaintza ikertzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.