Pastor
DARWIN ETA GU

'Swingers'

2018ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
«Neska ederragorik ikusi duzu? Ilea orrazten ari da. Ortzadarra bezalakoa da. Koloretan etortzen da. Urdinez jantzita ikusi duzu, zerua zeure aurrean? Urrean ikusi duzu, antzinako erregina baten moduan? Ortzadarra bezalakoa da». Kantak 50 urte pasatxo ditu, baina haren musika eta hitzak iragarkietan erabiltzen dituzte oraindik. Aurton, Dior etxearen lurrin baten iragarkian entzun dugu. Milioika bisitari ditu Youtube webgunean. Horietako batek, gizon brasildarrak, iruzkina idatzi du: «Kanta honek nerabezaroko maitasun bat gogorarazten dit. Urte asko igaro dira, eta ez dut ezer jakin neska hari buruz, baina zoriontsua izango dela espero dut». Gizona gaztetako amodioaz oroitu da, kanta entzunda. Neska hura non dagoen ez daki, baina onena desiratzen du harentzat.

Maitasun harremanak, haien ideiak eta aldaerak garatu dira denboraren joanean. Berrikuntzak etorri zaizkigu. Batzuetan, orain artekoa iraultzeko direla ematen du, baina ez du horrela izan behar. Adibidez: bikotekide trukearen programa ematen hasi dira Antena 3 hedabide espainiarrean. Intercambio consentido izena du. Ingelesez swinging deitzen diote bikotekidez aldatzeari, ondoren lehengo bikotekidearengana itzultzeko. Mutur batera joan, irteera lekura bueltatzeko. Kulunkatzea. Electronic Journal of Human Sexuality aldizkariaren arabera, trukea «soilik sexu helburuetarako» adosten dute swinger horiek. Ezkontzan edo konpromiso formalean oinarritutako harremanetan bizi dira. Sexua «jolasa» baino ez da haientzat, ez dio bikotearen oinarrizko erlazioari eragiten. Jatorrizko monogamia emozionalari eusten diote.

Zenbait galdeketatan ageri denez, AEBetako populazioaren %4 da swinger. 13 milioi lagun. Gurean ez dago datu ofizialik. Swingerrei buruz ari naiz, ez hitzezko adostasun argirik gabeko ezkutuko jarduerei buruz. Gure hipokrisia: ez esan, ez galdetu. Eta, ahal dela, inor ez kutsatu. Kasu horiek uste baino gehiago dira.

Sexu kontuetan gezurretan edo erdizkako egietan bizi gara askotan. Oso moderno agertu nahi dugu, baina... Swinger kontua bera ere ez al da gure bikote bizitzak piztuta irauteko jokaera, lehengoari eusteko irtenbidea, bide batez gure gizarte egituraren oinarriei hauspoa ematen diena? Swinger-en arteko dibortzio portzentajea banilla bikoteena baino txikiagoa da —joko eta sorpresa apurtzailerik gabeko sexu jarduera konbentzionalak dituzten bikoteei deitzen zaie banilla bikoteak—. Bestalde, AEBetako swinger-en %90 baino gehiago zuriak dira. %80k unibertsitatean ikasi dute, eta gehienek goiko maila sozioekonomikoa dute. Esaiozu La Navaleko langile bati orain swinger jokatzea adosteko bikotekidearekin. Horixe.

Goizeko zortziak dira, eta nerabezaroa utzi berri duen neskak mugikorra darabil autobusean. Zutik ari da, oreka hauskorrean. Zerbait idazten hasi da telefonoko arbelean. Leiho aldera begiratu duzu, disimulatu nahian. Handik gutxira burua bueltatu, eta mezu osoa irakurri duzu pantailan: «Maite zaitut», hizki koloretsuz eta zalantzazko idazkera traketsez. Dardartia, amodio garaikideak bezalakoa. Mezua bidaltzeko gezia sakatu du neskak. Eta udazkeneko goiz herabeari irribarre epela loratu zaio.

Ez dakizu nor egongo den neska ilehoriaren pantailaren beste aldean. Bi gazte horien maitasunak argiari eutsiko dion geroan, aldian aldiko une ilunei aurre eginez. Betirako elkarrekin segituko duten, maitasunaren barra mehean ekilibrioak egiten. Hogei urte barru swinger bihurtuko diren. Edo amodioaren ekaitzek naufrago bihurtuko ote dituzten. Eta orduan, urte asko pasatu eta gero, mezua jaso duen mutilak—edo neskak— kanta bat entzungo du mugikorrean. Ortzadarra, urrea bezalakoa den neska bati buruz. Ostiral goiz batez autobusean hizki koloretsuz eta idazkera traketsez «maite zaitut» idatzi zion neskaz oroituko da. Eta brasildar batek sarean utzitako hitzak izkiriatuko ditu malenkoniak haren bihotzean: «Eu me lembro de uma garota... Espero que seja feliz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.