Aztarna elektrikoa neurtzen

Europako Ingurumen Agentziaren arabera, %30 CO2 gutxiago isurtzen dute auto elektrikoek gasolinazkoek baino. Energia berriztagarriekin, gutxitu egingo da haien kutsadura

Aztarna elektrikoa neurtzen.
inaki petxarroman
2018ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Gutxinaka bere tokia egiten ari dira auto elektrikoak Europako Batasuneko errepideetan, baina oraindik 28 herrialdeetan saltzen diren auto berrien portzentaje txikia da elektrikoena: %7,8 inguru, hibridoak barne hartuta. Edonola ere, aurreikuspen guztien arabera, askoz ere merkatu kuota handiagoak izango dituzte ibilgailu elektrikoek etorkizunean, eta horri begira ari dira eragile guztiak.

Aurreko astean Europako Batasunak zehaztu zuen zenbat murriztu nahi dituen ibilgailuen eta kamioien isurketak 2030erako. Hain zuzen ere, %37,5 gutxitu nahi ditu autoen gas isurketak, eta %31 furgonetenak. Horrekin batera, autobus eta kamioien murrizketak ere adostu dituzte 28 estatuetako ordezkariek: %30.




Eragile askoren iritziz, klima aldaketaren aurkako Parisko Akordioa betetzeko ez dira nahikoak izango Europak ezarritako helburuak. Aldiz, autogintza industriarentzat, gehiegizkoak dira jarritako helburuak. Bada, hala ere, xede horietatik etekina atera dezakeen sektore bat: auto elektrikoena. Hain zuen ere, aurten %40ko hazkundea eduki du auto elektrikoen salmentak Europan —195.000 auto saldu dira—, eta hazkundea nabarmen areagotuko da hurrengo urteotan, adituen arabera.

Horri begira, Europako Ingurumen Agentziak txosten bat egin du ibilgailu elektrikoen eta errekuntzakoen kutsadura alderatzeko, betiere klima aldaketari eragiten dioten isuriei erreparatuz. Azterketa horretan, auto elektrikoaren bizitza osoa hartu dute aintzat, hura ekoizteko behar diren materialen ustiaketatik hasi eta hondakin moduan beharko duen kudeaketaraino.

Alde horretatik, ingurumen agentziak aitortu du gaur-gaurkoz kutsatzaileagoa dela auto elektrikoak ekoizteko prozesua ohiko autoena baino. Edonola ere, ibilgailuaren ziklo osoa kontuan edukita, eta gaur egun Europan dagoen mix elektrikoaren osaera aintzat hartuta, auto elektriko baten CO2 isurketak %17-21 txikiagoak dira diesel auto batenak baino, eta%26-30 txikiagoak gasolina auto batenak baino. Nolanahi ere, autoaren hornidura jatorri berriztagarrikoa balitz, isurketa %90 txikiagoa litzateke ohiko auto batena baino. Aitzitik, elektrizitatearen jatorria ikatz zentral bat balitz, auto elektrikoa kutsatzaileagoa litzateke gasolina eta gasolio bidezko autoak baino.

Gaur-gaurkoz, ibilgailu elektrikoen bateriak eta motorrak diesel eta gasolina autoenek baino material gehiago behar dituzte: besteak beste, nikela, kobrea eta beste osagai batzuk. Aldi berean, ekoizpenean CO2 isurketa gehiago eragiten du auto elektriko batek, bateria ekoizteko energia handia erabiltzen delako bereziki. Ingurumen agentziak ohartarazi du auto elektrikoen bateriaren ekoizpenak eragiten duela autoaren bizitza osoko isurketen %40 inguru. Datu hori ere lotuta dago erabilitako elektrizitate motarekin. Gaur egungo ekoizle handiena Txina da, eta oso zentral kutsatzaileak baliatzen ditu bateriak egiteko.

Edonola ere, agentziak iragarri du baterien ekoizpenean aurrerapen dezente gertatu beharko liratekeela hurrengo urteotan, besteak beste, klima aldaketa eragiten duten isurketak murrizten lagunduko dutenak. Halaber, bateriak ekoizteko prozesuan energia berriztagarriak erabiliko balira, nabarmen murriztuko litzateke auto elektrikoen ingurumen eragina. Txostenak nabarmendu du bultzatu beharko litzatekeela baterien estandarizazioa birziklatzea eta berrerabiltzea errazteko ere.

Erabileran, alde handia

Auto elektrikoaren abantailarik handiena da mugitzen denean CO2 gutxiago isurtzen duela ohiko auto batek baino. Europako Ingurumen Agentziaren txostenaren arabera, errekuntza ibilgailu ertain batek 143 gramo CO2 isurtzen ditu kilometro bakoitzeko. Konparazio baterako, neurri bereko auto elektriko batek 60 eta 76 gramo artean isurtzen ditu. Hori, gainera, gaur egun Europan dagoen mix energetikoa aintzat hartuta, zeinean %40 inguru jatorri berriztagarrikotzat jo daitekeen. Txostenean iragarri dutenez, Europan ezarrita dauden energia politikak aurrera eramaten badira, berriztagarriek gero eta pisu handiagoa izango dute. Horrela, 2030erako, kilometroko 60 gramo CO2 isuri ordez 40 gramo isuriko dituzte auto elektrikoek, eta, 2050erako, 16 gramo.

Ingurumen agentziak aitortu du herritarren osasunerako kaltegarriak diren partikulak ere isurtzen dituztela auto elektrikoek, bereziki PM10 eta PM2,5 partikulak, baina errekuntza autoek baino nabarmen gutxiago.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.