Zahar etxeetan Gabonen ostean ere greban segitzea aztertzen ari da ELA

160. greba eguna egin dute, Gipuzkoako Foru Aldundiari kontu eske; urtarrilaren 10era bitarteko deialdia burututa, 180 izango dira guztira

Langileak protestan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
San Tomas feria baliatu nahi izan zuten atzo Gipuzkoako zahar etxeetako langileek lan ituna lortze aldera daramaten borroka hauspotzeko, eta esan zuten ez dutela baztertzen protestan jarraitzea orain abian duten grebaldia amaituta ere —urtarrilaren 10era arteko deialdia egina du ELA sindikatuak—. Atzo 160. greba eguna zuten; deialdia osorik beteta, 180 izango dira. Hortik aurrera zer egin aztertzen ari dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren parean egin zuten protesta atzo, berriro ere; zahar etxeetako leku gehienak erakunde horrek itunpean emandakoak direla gogoratu zuten, eta ezinbestean esku hartu behar duela auziaren konponbidean. «Aldiz, erakundeko buruzagiek ez dute enpatiarik auziarekin», deitoratu zuen atzo ELAko ordezkari Txomin Lasak: «Horregatik ez dute konpondu nahi auzi hau; bestela, ez ulertzekoa da gertatzen ari dena». ELAk du gehiengoa sektorean, baina ez da bakarra protestan. LAB sindikatuak ere, bere kasa, hainbat protesta eta greba egin ditu.

Lan gatazkarekin lotuta, akordio erabateko baterako hurbilketarik ez da egon oraindik negoziazio mahaian. Bertan jarritako hainbat oinarrirekin kexu, eseri ere ez da egiten orain ELA sindikatua mahaian. Azaroaren hasieran, berriz, akordio partzial bat erdietsi zuen UGT sindikatuak patronalarekin soldaten inguruan, baina gainerako sindikatuak ez ditu ase akordio horrek; izan ere, salatu izan dute UGTk langileen %10 ere ez dituela ordezkatzen, eta akordio zabalagoetara egin behar dela, lan itun osoa aintzakotzat hartuta.

Atzo, ELAko langileek borrokaren gogortasunaz ohartarazi zuten: «Oso gogorra da 160 egunez greban egotea». Azkenaldian, egoiliarren senideak batzen hasi dira, arta hobearen eskean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.