Fernando Valladares. CSICeko ikertzailea

«Neurriak pixka bat atzeratuz gero, klima ziurgabea izango dugu»

RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Fernando Valladares (Mar del Plata, Argentina, 1965) CSICeko ikertzaileareniritziz, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen txostenaren filtrazioen helburua izan da «ebidentzia zientifikoa babestea» jasan zitzakeen «presio posibleetatik», eta horien ondorioz «zenbait baieztapen ezabatzeko arriskutik». BBCk argitaratu dituen agiriek agerian utzi dutenez, «kezka horiek ez ziren funtsik gabeak».

Zer iritzi duzu IPCCko adituekjaso dituzten iruzkinei buruz?

Oso kezkagarria da. Zientzialarien artean adostasun handia dago [klima larrialdiaren diagnostikoaren inguruan]. Baina COP26aren atarian, ordua iritsi denean, estatu batzuk zientziaren sinesgarritasuna ahultzen saiatzen dira. Ez da soilik onartu ezin daitekeen kontu bat, oso kezkagarria da, asko daukagulako jokoan. Filtrazioek agerian utzi dute hainbat estatuk beren negozioarekin jarraitu nahi dutela betiko bide beretik.

Aurretik ere izan dira beste filtrazio batzuk IPCCtik. Adituen artean urduritasuna dagoela adierazten al du horrek?

Argi dago: klima aldaketa hain premiazko auzi bihurtu da, ezen COVID-19ak eragindako osasun krisitik hainbat herrialdek zituzten planak hankaz gora jarri baititu. Askok orain arteko ekonomia eredu berarekin atera nahi dute egoera horretatik, erre beharrekoa errez, ondorioak edozein direla ere.

Zer eman dute aditzera IPCCren zirriborroen aurreko filtrazioek?

Txostena egungo sistema sozioekonomikoarekin oso kritikoa dela. Parisko Ituna betetzea eta hazkunde etengabean oinarritutako eredu ekonomikoa mantentzea guztiz bateraezina dela baieztatu dute zirriborroek. Kontuan izan behar da gas isuriez ari garenean, horren atzean energia egarri handia duen eredu sozioekonomiko bat dagoela, eta hura dela hainbesteko isurien arduraduna azken batean.

Zer ondorio izango lituzkeIPCCren txostenak zirriborroetako larritasun maila apaltzeak?

Ondorioak negargarriak lirateke. Gutxienekoa duela sei urte adostu genuen Parisen: 1,5 graduko berotzea ez gainditzea. Badirudi helburu hori ez dugula beteko, baina ez genuke bi graduko berotzea gainditu behar. Neurriak pixka bat atzeratuz gero, klima ziurgabea izango dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.