Bihartik aurrera Bilboko zazpikaleetan lotuko dira guztiz Euskotren eta metroa

Bi garraiobideen linea guztiek bat egingo dute San Nikolas plazako geltoki intermodalean. Atxuriko geltokia behin betiko itxiko dute

Erredakzioa
Bilbo
2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Abandokoaren ondoren, Bilboko tren geltokirik garrantzitsuen bihurtuko da Zazpikaleetakoa bihartik aurrera. Donostiatik eta Durangotik (Bizkaia) Bilbora datozen trenekin 2017an gertatu zen bezala, Busturialdetik (Bizkaia) datozenek ere San Nikolas plazan dagoen geltoki intermodal berrituan izango dute bukaera, Atxurikoa behin betiko itxiko baitute gaur, 107 urteren ondoren. Euskotrenek bihar egingo du aldaketa.

Tren konpainiak iragarri du maiztasunek orain arte bezala jarraituko dutela, eta ordutegietan, asko jota, doikuntzak egingo dituztela. Geltoki aldaketak, baina, hainbat ondorio izango ditu. Aurrerantzean, Bilboko Kukullaga eta Zazpikaleetako tren geltokien artean, hiru lekutan geratuko da: Otxarkoagan, Txurdinagan eta Zurbaranbarrin. Baina, bereziki, metroaren 1. eta 2. lineekin duten lotura hobetuko zaie Busturialdetik datozenei: Zazpikaleetan zuzenean hartu ahal izango dituzte metroaren linea guztiak, eta baita Txorierriko trena ere.

Euskotrenek ohartarazi du neurriak ez duela eraginik izango metroaren 3. lineako maiztasunetan. Izan ere, Euskotrenen Bermeo-Bilbo zerbitzuak beteko ditu astelehenetik aurrera metroari dagozkion maiztasun batzuk. Neurriak jende askori eragingo dio. Iazko datuen arabera, 352.000 bidaiarik egin zuten Busturialdetik Bilboko erdigunerako bidaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.