60.000 enplegu ematen dituzte

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren %6 baino gehiago ordezkatzen dute kooperatibek. 1.700 enpresatan 60.000tik gora langile ari dira, sektore oso desberdinetan.

xabier martin
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Kooperatibismoa modu nabarmenean hazi da azken hamarkadetan, eta gaur egun pisu handia hartu du euskal ekonomian. Mondragon Taldean elkartutako enpresak dira euskal kooperatibismoaren oinarria; haiek eta beste hainbat Konfekoopen eta Erkide federazioan daude. 1.200 kooperatiba inguru daude Erkiden, eta haietan ia 55.000 langilek dihardute. Horietatik 35.000 inguru langile kooperatibistak dira, beren enpresen bazkideak. Baina Erkidetik kanpo badira beste hainbat kooperatiba, eta, guztira, 61.000 enplegu ematen dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kooperatibek.

Gainera, Erkidek aurreikusi du aurten mila enplegu inguru gehiago sortuko direla taldean, eta 60 enpresa gehiago zabalduko direla kooperatiba gisa; urteko lehen erdian ia 400 enplegu sortu dira. 2018an, berriz, 578 sortu ziren: gehien-gehienak, industrian, zerbitzuetan eta eraikuntzan.

Atzerriko merkatuetan

Enpresa horien guztien jarduera ekonomikoak EAEko Barne Produktu Gordinaren %6 baino gehiago ordezkatzen du. Erkiden batutako lan elkartuko 1.025 kooperatibek (34.000 enplegu baino gehiago) 8.283 milioi euroko fakturazioa lortu zuten iaz, 2017an baino %9 gehiago; bestalde, salmenta horien %63 atzerriko merkatuetan egin zirela azpimarratu behar da, kooperatiben nazioartekotze mailaren erakusle. Kontsumo kooperatibak dira enplegu gehien ematen dituztenak, lan elkartukoen atzetik. Eroski da horren azalpena. 2018an, 11.500 langile ari ziren banaketa talde horrentzat beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.