Trenbide sarea moldatzen bada tren lasterra bazter daitekeela defendatu dute

'Tren sozial baten alde! AHTrik ez' leloa ozentzeko kontzentrazioa egin dute Tafallan. Hainbat eragilek eta udalek bat egin dute deialdiarekin

Tafallako protesta, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
arantxa iraola
2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
«Bagenekien AHTa benetako hondamendia zela, bai ikuspegi sozialetik, bai ekologikotik, eta baita ekonomikotik ere. Hala ere, inposatu egin digute Euskal Herriko hainbat tokitan, iruzur egiten diotenari bezalaxe». Nafarroako eta Arabako AHTaren aurkako eta tren sozialaren aldeko mugimenduetako ordezkari zenbait Europako Parlamentuan ibili dira hilabete honetan; egitasmoaren aurkako argudioak plazaratu dituzte han. Aldarria kalera eramateko asmoa ere agerian utzi dute, eta hilabeteotan hainbat mobilizazio daudela gogoratu dute. Lehenbiziko protesta atzoizan zen, Tafallan (Nafarroa): Tren sozial baten alde! AHTrik ez! leloa zabaldu zuten, Erdi Aldea Trenaren Alde taldeak antolatuta.Trenbideak hobetuta, abiadura handikorik egin gabe, zerbitzu ona eman daitekeela argudiatu zuten.

Deialdiaren harira, tren lasterraren kontrako iritzia hedatu dute hainbat taldek. Protestarekin bat egin dute hainbat udalek ere. ELA, LAB, CGT, Steilas eta ESK sindikatuek, esaterako, ohar bateratu bat atera dute. Gogorarazi dute Europako Kontuen Auzitegiak iaz auzitan jarri zituela abiadura handiko sareak, txosten batean: «Onartu zuen kasu askotan egokiagoa dela dauden trenbideak hobetzea». Horiek horrela, tren lasterrik gabeko «alternatiba» bat aldarrikatzeko konpromisoa berretsi dute. Salatu dute instituzioen «murrizketak» ugaritu egin direla urteotan, eta ataka horretanjokabide «lotsagabea» dela bidean «minutu gutxi batzuk» aurreztea ekarriko duten bidaiak egin ahal izateko trenbideak eraikitzea.

Sustrai Eraikuntzak ere bat egin du deialdiarekin: «Trenbide sarearentzako konponbide bat lor daiteke Nafarroan egungo tren sarea erabilita; hori hobetuta, eta errailak bikoiztuta. Hori da, hain justu, guk dugun proposamenaren muina». Konponbide on bat dela pentsatzen dute; AHTarekin alderatuta, abantailaz josia: «Erraza eta merkea».

Etenik ez da

«Hemen ez da deus amaitzen. Jarraitu egingo dugu», adierazi zuten Bruselan bat eginda AHTaren aurkako eragileek. Protestan jarraitzeko ipinita dauden hurrengo ekitaldiak Altsasun (Nafarroa) eta Gasteizen izango dira; martxoaren 30ean eta maiatzaren 18an, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.