Trenbide sarea moldatzen bada tren lasterra bazter daitekeela defendatu dute

'Tren sozial baten alde! AHTrik ez' leloa ozentzeko kontzentrazioa egin dute Tafallan. Hainbat eragilek eta udalek bat egin dute deialdiarekin
Tafallako protesta, atzo.
Tafallako protesta, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU

Arantxa Iraola -

2019ko otsailak 17
«Bagenekien AHTa benetako hondamendia zela, bai ikuspegi sozialetik, bai ekologikotik, eta baita ekonomikotik ere. Hala ere, inposatu egin digute Euskal Herriko hainbat tokitan, iruzur egiten diotenari bezalaxe». Nafarroako eta Arabako AHTaren aurkako eta tren sozialaren aldeko mugimenduetako ordezkari zenbait Europako Parlamentuan ibili dira hilabete honetan; egitasmoaren aurkako argudioak plazaratu dituzte han. Aldarria kalera eramateko asmoa ere agerian utzi dute, eta hilabeteotan hainbat mobilizazio daudela gogoratu dute. Lehenbiziko protesta atzo izan zen, Tafallan (Nafarroa): Tren sozial baten alde! AHTrik ez! leloa zabaldu zuten, Erdi Aldea Trenaren Alde taldeak antolatuta.Trenbideak hobetuta, abiadura handikorik egin gabe, zerbitzu ona eman daitekeela argudiatu zuten.

Deialdiaren harira, tren lasterraren kontrako iritzia hedatu dute hainbat taldek. Protestarekin bat egin dute hainbat udalek ere. ELA, LAB, CGT, Steilas eta ESK sindikatuek, esaterako, ohar bateratu bat atera dute. Gogorarazi dute Europako Kontuen Auzitegiak iaz auzitan jarri zituela abiadura handiko sareak, txosten batean: «Onartu zuen kasu askotan egokiagoa dela dauden trenbideak hobetzea». Horiek horrela, tren lasterrik gabeko «alternatiba» bat aldarrikatzeko konpromisoa berretsi dute. Salatu dute instituzioen «murrizketak» ugaritu egin direla urteotan, eta ataka horretan jokabide «lotsagabea» dela bidean «minutu gutxi batzuk» aurreztea ekarriko duten bidaiak egin ahal izateko trenbideak eraikitzea.

Sustrai Eraikuntzak ere bat egin du deialdiarekin: «Trenbide sarearentzako konponbide bat lor daiteke Nafarroan egungo tren sarea erabilita; hori hobetuta, eta errailak bikoiztuta. Hori da, hain justu, guk dugun proposamenaren muina». Konponbide on bat dela pentsatzen dute; AHTarekin alderatuta, abantailaz josia: «Erraza eta merkea».

Etenik ez da

«Hemen ez da deus amaitzen. Jarraitu egingo dugu», adierazi zuten Bruselan bat eginda AHTaren aurkako eragileek. Protestan jarraitzeko ipinita dauden hurrengo ekitaldiak Altsasun (Nafarroa) eta Gasteizen izango dira; martxoaren 30ean eta maiatzaren 18an, hain zuzen ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna