Orain Baik premiazkotzat jo du «ezker esparruko botoak ez sakabanatzea»

Ahal Dugu-ko kritikoek sustatutako plataformak ukatu egin du bozetara aurkeztea erabaki duela. Prest azaldu dira «aldaketan sakontzeko»

Laura Perez, Orain Bairen atzoko batzarrean hizketan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Orain Bai, baina oraingoz ez. Nafarroako Ahal Dugu-k Laura Perez legebiltzarkidea alderditik kanporatu zuenean, asko izan ziren ezkerreko esparruan beste alderdi edo hautesle zerrenda bat sor zitekeela iradoki zutenak. Iragan maiatzean, zurrumurruak hauspotu zituen Ahal Dugu-ko parlamentari kritikoek Orain Bai marka erregistratu izanak. Atzo, batzarra egin zuten Nafarroa Orain Bai plataformako kideek, eta deialdiaren helburua «benetako aldaketa nahi dutenen botoa mobilizatzea» bazen ere, bileran ez zen gauzatu hauteskundeetara aurkezteko proposamenik.

«Azkarregi ari dira batzuk, eztabaida hori planteatuta», azaldu zuen Orain Baiko ordezkari Irene Otalek, bilkuratik ateratzean. Hautes zerrenda propioa aurkeztuko duten galdetu zioten kazetariek, eta honakoa izan zen Otalen erantzuna: «Oraintxe, ezin diogu galdera horri erantzun, gaur egun duguna baino askoz jende gehiagoren partaidetza nahi dugulako». Atzo, zehazki, 40 bat lagunek parte hartu zuten Nafarroa Orain Bairen batzarrean. Han izan ziren, besteak beste, Laura Perez, Carlos Couso eta Fanny Carrillo Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko legebiltzarkideak, eta baita Laura Berro ere, Iruñeko Udalean Aranzadik duen zinegotzietako bat.

Otalek gaineratu zuenez, Nafarroa Orain Bai plataformako kideek lehentasun gisa hartu dute «ezkerreko sektoreko botoak ez sakabanatzea», eta horren arabera eginen dituzte hurrengo urratsak. Are: plataformaren helburu nagusia da «aldaketa politikoan sakontzea», eta «indarrak batzea ahalbidetuko duten formulak bilatzea, inor kanpoan gera ez dadin». Orain Baiko eledunaren esanetan, 2015eko aldaketa instituzionala «boto gutxi batzuengatik lortu zen», eta abstentzioa handitzea «arrisku handia» izanen litzateke. Horregatik, taldeak xedetzat hartua du «proposamen komunak artikulatzea, indarrak batzeko». Bestalde, Otalek proposamen horretatik kanpo utzi zuen PSN, «erregimen zaharraren Troiako zaldi gisa jokatuko duela» iritzita.

Balizko alternatiba horrek, ezinbestean, «alderdien egitura oligarkikoa gainditu» beharko lukeela azaldu du Orain Baik ohar batean, eta «behetik eraikitako konfluentziak» lehenetsi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.