BAKARRIZKETA

«Hegalak gora! Hau bahiketa bat da!»

FOCKE STRANGMANN / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko azaroaren 11
00:00
Entzun
1. Bahiketa? Lapurreta esan nahiko duzu. Tira, barkatuko dizkidazu lizentzia poetiko pare bat. Bahiketarena bat, eta hegalena bestea.

2. Hori galdetu behar nizun. Zer bahitu dute, hegazti bitxi eta baliotsu bat? Ez, Ryanairren hegazkin bat, Bordeletik Londresera abiatzera zihoala.

3. Eta, nola bukatu da bahiketa? Biktimarik izan al da? Izatekotan, Ryanairren ospea. Baina esango nuke ospe handirik ez zaiola geratzen Irlandako aire konpainia ezagunenari, azkenaldian gehiegitan agertzen baita hedabideetan, eta ez gauza onengatik. Kontua da ostegunean DGAC Frantziako Abiazio Zibileko Agintaritzak ez ziola aireratzen utzi Ryanairren hegazkin bati, 149 bidaiari dagoeneko barruan zeudela.

4. Zergatik bahitu zuen? Ryanairrek uko egiten ziolako 2008. eta 2009. urteen artean jasotako legez kanpoko laguntza batzuk itzultzeari. Laguntza horiek jaso zituen Angoulemeko aireportua erabiltzeagatik. Europako Batzordeak ebatzi zuen lehia librearen aurka zihoazela laguntza horiek, eta itzultzeko agindu zion Ryanairri. Berdin ebatzi zuen Nimes (Frantzia), Altenburg, Zweibruecken (Alemania), Klagenfurt (Austria) eta Cagliari (Sardinia) hirietako aireportuek Ryanairri emandako laguntzei buruz ere. Guztira, 23,7 milioi euro jaso zituen.

5. Ohikoa al da horregatik hegazkin bat bahitzea? Noiz edo noiz egin izan dute, baina ez azken urteetan. «Dirua berreskuratzeko azken aukera zen», justifikatu du DGACek. «Pena da horrelako zerbait egin behar izatea eta eragozpenak sortzea hegazkinean zihoazen 149 bidaiariei».

6. Eta non daude bidaiari horiek? Londresera zihoan Ryanairren beste hegazkin bat hartu ahal izan zuten, eta bost ordu berandu iritsi ziren Ingalaterrako hiriburura.

7. Hegazkinak Bordelen jarraitzen du? Ryanairren hegazkinak alde batera eta bestera ibiltzen direla kontuan hartuta, auskalo. Baina, bai, konpainiak pagatu egin zion dirua DGACi. 525.000 euro, zehatz esateko.

8. Zer dio Ryanairrek? Ez du gaiari buruz hitz egin nahi. Isilik dago konpainiako burua ere, Michel O'Leary hiztuna. Hain harritzekoa ere ez da, azken asteotan fronte asko zabaldu baitzaizkio, eta ezin pertsonalki guztiei erantzun. Batetik, azken bi urteotan, bere langileen greba mugimendu zabal bati erantzun behar izan die. Pilotuak hasi ziren iaz, eta aurten kabinako beharginek hartu dute lekukoa hainbat herrialdetan. Eta leku denetan eskakizuna argia da: langile bakoitzari lan egiten duen herrialdeko legedia eta lan baldintzak ezar diezazkiotela.

9. Bai, entzuna nuen grebena. Eta zein da beste frontea? Langileekin ez ezik, agintariekin ere baditu arazo batzuk. Urrian, Europako Batzordeak ikerketa bat hasi zuen jakiteko ea legez kanpoko laguntzak jaso zituen Frankfurt-Hahn (Alemania) aireportua erabiltzeagatik. Azken egunotan, berriz, Italiako lehiaren aldeko agentziak prozedura bat ireki du Ryanairren ekipaje politika berriari buruz. Izan ere, azaroaren 1etik aurrera, 40x25x20 cm-ko neurria duten poltsa eta motxila txikiak soilik izango dira doan. Neurri arrunteko maletak eramateagatik sei eta hamar euro artean ordaindu beharko dute bidaiariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.