Lan asko dago egiteko

Athleticek irabaziz ekin dio ligari, baina argi geratu da taldeak arlo askotan hobetu behar duela. Halere, zaleek ilusioa berreskuratu dute

Eduardo Berizzo, atzo, Athleticek Lezaman egindako entrenamenduan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
haritz gallastegi
2018ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Lehen Mailan partidak irabaztea ez da erraza. Egun, talde guztiak oso ondo prestatuak daude. Telebista eskubideen diru sarrerei esker, urtetik urtera geroz eta lehiakorragoak dira. Gainera, arlo fisikoan zein taktikoan oso landuak daude talde guztiak, eta elkar oso ondo ezagutzen dute. Ondorioz, ez dago aurkari txikirik. Leganesek argi erakutsi zuen hori joan den astelehenean, San Mamesen. Estu hartu zuen Athletic. Mauricio Pellegrinoren taldeari kosta egingo zaio irabaztea, baina eurak mendean hartzea ere ez da samurra izango. Gaur, antzeko ezaugarriak eta helburu bera duen aurkaria etorriko da San Mamesera. Huescak Ipuruan jokatu zuen gorengo mailako lehen partida. Irabazi egin zuen (1-2), eta talde itxura ona eskaini.

Gaurko partidak eta gaur zortzikoak antzekotasun handiak dituzte. Beraz, San Mamesera doanak argi izan beharko du ez dela lan samurra izango hiru puntuak irabaztea. Aurkariak jarriko ditu, eta, horrez gain, ez da erraza izaten etxean bi partida erreskadan irabaztea. Gainera, estreinako partidan argi ikusi zen Athletici bide luzea geratzen zaiola talde sendoa izateko. Azken jokaldian sartutako golari esker lortutako garaipenak poz handia eman zien zaleei, baina horrek ezin ditu ezkutatu Eduardo Berizzoren taldeak azaleratu zituen gabeziak.

Hutsak eta gauza onak

Taldeak lerro guztietan egin zituen hutsak. Defentsan zalantza egin zuen behin baino gehiagotan. Leganesek aurrera egin zuen apurretan aukera onak sortu zituen. Jokalarien kokapena ez zen egokia izan batzuetan. Bestalde, zelai erdiko jokalariak bizi ekin zioten partidari. Hasieran baleko jokaldiak sortu zituzten, baina, partidak aurrera egin ahala, Muniainek eta Unai Lopezek behera egin zuten, nabarmen. Ez zuten jarraitutasunik izan. Eta erasoan, zaharrak berri: aukerak sortzeko arazoekin jarraitzen du Athleticek. Sakontasun gutxi eta aurkariaren defentsan zuloak aurkitzeko zailtasunak ikusi ziren. Adurizek, erdiko aurrelariak, errematerako aukera bakar bat izan zuen. Nahiz eta azken jokaldian irabazi, talde zuri-gorriari luze egin zitzaion partida.

Baina albiste onak ere ekarri zituen lehen partidak, oso onak. Nagusia jarraitzaileek taldea ikusteko ilusioa berreskuratu dutela. Jokalariei txalo egiteko sekulako gogoarekin ikusi zitzaien. Josu Urrutia buru duen zuzendaritzak Berizzoren alde egin duen apustuak eta, era berean, entrenatzaile argentinarrak jokalari berriak sartzeko hartutako erabakia zaleen gustukoa izan da. Hori gutxi ez, eta, oraindik ere eraginkor izateko asko falta zaion arren, taldeak jokatzeko era barneratu duela ikusi zen. Partidak irabazi, berdindu edo galdu, taldeak argi dauka zer egin behar duen. Piezak behar diren moduan jostea eta freskotasuna berreskuratzea falta da. Pazientzia behar da, aldaketak ez baitira egun batetik bestera gauzatzen.

ATHLETIC-HUESCA

Athletic. Unai Simon; De Marcos, Yeray, Peru Nolaskoain, Yuri; Dani Garcia, Muniain, Unai Lopez; Raul Garcia, Williams eta Susaeta.

Huesca. Axel Werner; Miramon, Pulido, Etxeita, Luisinho; Alex Gallar, Musto, Melero, Moi Gomez; Longo eta Cucho Hernandez

Epailea. Alberola Rojas.

Lekua. San Mames (53.000 ikusle).

Ordua. 22:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.